Azkoitira gerturatzen diren turistei, herriko txokoak ikusteaz gain, pilotan jokatzeko aukera ere eskaintzen zaie orain. Euskal Pilotaren Xarma izeneko esperientzia martxan jarri dute Iraurgi Lantzenek, Basquetour-ek eta Eskualdeko Turismo Bulegoak.
Azkoitiak «historikoki pelotarekin lotura handia daukalako» erabaki dute proiektua herrian abian jartzea, Jexux Mujikak, Iraurgi Lantzeneko turismo teknikariak jakinarazi duenez. Eta Gurea pilotalekuaz gain, Oteiza Frontoiak ere hor daudela gogoratu du. «Artea ere uztartu nahi da; besteak beste, Jorge Oteizarena». Jexux Andueza da ekimeneko partaideetako bat, irakaslea baita. Pilotari profesionala izandakoa da , eta gaur egun Oteiza Pilota Eskolako arduraduna. Zerbitzu hori kanpora saltzearen ardura, berriz, Basquetoursek daukala dio Mujikak.
Zerbitzua gehienbat taldeei zuzenduta dagoela nabarmendu du Mujikak. «Pilota jokoaren nondik norakoak eta historia ezagutzen ez dituztenei dago zuzenduta, eta gaiarekiko kuriositatea daukan jendeari. Hau da, bisitariei».
Pilotaren inguruko azalpenak
Hasiera batean frontoietatik bisita gidatua egiten dute, eta azalpen bat ematen turistei. «Oteiza Frontoien kasuan, Euskal Herriko lurralde bakoitzeko frontoi bat dagoela azaltzen zaie. Azkoitiak pilotarekin daukan lotura ere bai, eta ondoren pilotan jokatzen dute». Jokoa hasten den momentuan sartzen da Andueza; pilotako irakasle lanak egiten ditu. «Eskuz zein palaz aritzen dira, jokaldiak nola egin, sakea…». «Pare bat orduan jardutea izaten da asmoa, monitore baten gidaritzapean, pelotari profesionala dela kontuan hartuta. Eguraldiak laguntzen baldin badu, gainera, kanpoan egin daiteke; eta talde handia baldin bada, zatitzeko aukera izaten dute», dio turismo teknikariak. Esperientziari amaiera borobila emateko, hamaiketakoa eskaintzen diete turistei bertan.
Horrez gain, eskualdeko beste hainbat zerbitzu turistiko ere eskaintzen die atzerritarrei, horri jarraipena emateko helburuarekin; «bisita gidatua Azkoitian, Loiola edo Ekainberri, esate baterako». Izena Basquetour-en eman behar da, edo bestela Loiolan,
eskualdeko turismo bulegora jota.
Eusko Jaurlaritzak bizipenak oinarri dituen eta esperimentatzeko aukera ematen duen turismoa eskaini nahi duela jakinarazi du Mujikak. «Natura, gastronomia, kultura… Euskal nortasun eta kulturarekin zerikusia duten eskaintza turistikoak sortzen ari da», azaldu du. «Pilotaren inguruko proiektua horren parte da».