Hasi da aurtengoan ere Peña Elorza txirrindulari taldea lanean. Antton Oñederrak entrenatzen ditu Azkoitiko eta Azpeitiko neskatoak zein mutikoak, eta martxoaren 12an aurkeztu zuten aurtengo taldea. «Aurten txirrindulari gutxiago gara; hamaseiko taldea daukagu, alebinak eta infantilak kontuan hartuta», jakinarazi du.
Hilaren hasieran ekin zieten entrenamentuei, eta aurrenengo lasterketa larunbat honetan izango dute. Urola, Deba eta Deba Garaia inguruan korritzen dituzte lasterketak. Aurten guztira 11 izango dira. Gipuzkoa mailako bi txapelketatan ere lehiatzen dira tartean; bakarkakoan eta taldekakoan. Bata Urretxun eta bestea Hernanin izango dira.
Astean behin entrenatzen direla jakinarazi du Oñederrak. Munategi industriagunean ibiltzen dira bueltaka, «pixkanaka ohitzen joateko». Lasterketak ere eremu itxian egiten dituzte. «Kirolariak oso gaztetxoak direnez, probak industriaguneetan izaten dira normalean, baina herri barruan ere bai, bidegurutzeak itxita daudela».
Alebinak eta infantilak dira Peña Elorzako txirrindulariak. Hau da, «hamar-hamaika urterekin hasi, eta hamahiru-hamalau urte biartekoak». Hangoak amaitutakoan, «Azpeitira joaten dira», dio entrenatzaileak. «Han kadeteak eta jubenilak dauzkatenez, hazitakoan gure taldetik hangora joaten dira».
Gazteak entrenatzeko zenbaterainoko pazientzia behar den galdetuta, «handia» erantzun du Oñederrak bat-batean. «Paperen bat emateko toki eta ordu jakin batean bostekin gelditzen bazara, hiru agertzea oso ona izaten da, askotan ahaztu egiten baitzaie. Hala ere, ongi moldatzen gara».
Ikastetxeetara bizikletaz
Urtero, denboraldia hastear dela, bera eta beste monitore batzuk ikastetxeetara joaten dira «bizikletak erakutsi, eta jolastera». Oraintsu hastekoak dira horretan, eta pare bat hilabetez jarduten dute lan horretan. «Iaz Errezilen izan ginen, ume mordoxka bat bildu zen. Bizikleta erabiltzen erakutsi genion, jolasak eginez».
Azken hiru urteetan nabarmen egin du behera taldekide kopuruak, Oñederrak azaldu duenez. «Duela pare bat urtera arte 25 bat txirrindulariko taldea izaten genuen, eta orain hamabost-hamaseiren bueltan ibiltzen gara». Krisia ere aipatu du, baita futbola ere: «Ez dakit krisiak horretan ere eragin duen, baina azken bi urteetan kirol askotan antzeman da jaitsiera». «Gazte asko futbolean hasten dira, eta zaila egiten zaie bateratzea».