Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena dela eta, hainbat ekimen antolatzen ari da herrian Azkoitiko Napar Zuzterrak taldea. «Herri askotan, ez Azkoitian bakarrik, garrantzia eman izan zaio 2012ari, 1512ko Nafarroa Garaiko konkista ahaztuta geldi ez dadin», azaldu du Modesto Larrañagak, taldeko kideak. Lau hitzaldi prestatu dituzte guztira.
«Beti irakurri izan dugun historia ofizialaz gain, bestelakoa erakutsi nahi diegu azkoitiarrei eta inguruko herrietatik hurbil litezkeenei. Egun historialariak beste bertsio batzuk ari dira deskubritzen, eta herritarrei azaldu nahi dizkiegu», azaldu du Larrañagak.
Beste kide batek, Antton Mengibarrek, hitzaldi bakoitzaren zergatia azaldu du. «Gipuzkoarekin hasiko gara. 1200ean nolakoa zen azalduko dugu. Nafarroaren txanda izango da ondoren. Hirugarren saioa Tomas Urzainkik emango du; historialari garrantzitsua da. Eta Patxi Abasolo izango da azken gonbidatua, Nafarroa Bizirik-eko koordinatzaileetako bat».
Ez dute 1512. urtean jazotakoa soilik azaldu nahi. Argi dute hori. Horregatik, biharko hitzaldiak«aurreko konkista» azalduko du. «1200 inguruko konkistaz ere jardun nahi dugu. Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa hartu zituzten orduan. Hemengo jauntxoak hitzarmen bidez Gaztelako erregearen menpeko bilakatu zirela esan izan da beti. Baina orain arte ezkutatuta edo manipulatuta zeuden dokumentu batzuei esker, jakina da hori beste era batera izan zela», dio.
Memoria historikoa berreskuratu beharra azaldu du Larrañagak. «Memoria historikoa esaten dugunean, 1936ko gerraz ari garela, aurreko mendeko gatazkaz. Baina memoria historikoak ezin du hor amaitu. Hala uste dugu», dio. Atzerago joan beharraren garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Herri hau zatitzen joan da. Gaur egun, Nafarroako komunitatea, EAE eta iparraldea daude. Zatiketa administratibo hori nondik sortu zen azaldu nahi dugu».
Mengibarrek «laburrean» azaldu nahi izan du hori: «Jendeari duela 500 edo 800 urteko kontuak aipatzen baldin badizkiozu, zer ari zara konatatzen garai honetan? esaten dizu. Baina azken finean, nondik zatozen jakin beharra daukazu. Gure kasuan, gainera, historia desitxuratu egin dute, manipulatu».
Napar Zuzterrak
Iaz Noiango guduaren urteurrena zela eta, ekitaldi bat egin zuten gertatutakoa oroitzeko. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik taldetxo bat joan zen hara, eta Larrañagaren hitzetan, orduan hasi ziren «kontzientzia hartzen». Handik aurrera biltzen hasi eta taldea sortu zuten. Abenduan, adibidez, Nafarroako konkistaren inguruko mozioa aurkeztu zuten. Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen.
Hitzaldi sorta
Martxoak 28, bihar
-19:00etan. Idoia Arrietaren eskutik, 1200, Gipuzkoaren konkista, Elkargunean.
Apirilak 26, osteguna
-19:00etan. Joseba Astironen eskutik, Nafarroaren konkista 1512-1530, Elkargunean.
Maiatzak 10, osteguna
-19:00etan. Tomar Urzainquiren eskutik, La conquista continua porque todavia hay conquistadores, Elkargunean.
Maiatzak 24, osteguna
-19:00etan. Patxi Abasoloren eskutik, Konkistak 500 urte, deuseztatu ezin izan duten oroimena Elkargunean.