Abeslari beteranoari gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko mar. 22a, 06:41

Zazpi urte zeuzkan Jesus Mari Lete Estra-k Azkoitiko Parrokiko Koruan abesten hasi zenetik. Ordutik ez dio inoiz utzi abesteari, eta «hil arte» horretan jarraituko duela dio berak, behin eta berriz. Iraurgi abesbatza sortu zenean ere, bertan hasi zen abesten. Ordutik bi koruetako kidea da, eta entsegu guztietara joaten da. Astelehenetan bi izaten ditu, eta «presaka» ibiltzen da elizako entsegua amaitutakoan bestera iristeko. Egun bera da bi koruetan jarduten duen abeslari bakarra. Eta hori dela eta, omendu egingo dute hilaren 31n. «Txiki-txikitatik izan naiz koruren bateko partaidea. Elizakoan sartu nintzen lehenbizi. Bestea sortu zenean, Iraurgi Abesbatza, han ere sartu nintzen. Neu soilik nago bietan». Hileta guztietan abesten du elizako koruak, Estra tartean. «Andrea bakarrik utzi behar izaten dut askotan. Omenaldian gogoratuko dut». «Ez nuen espero, eta niri ezer esan gabe prestatu dute dena», dio azkoitiarrak omenaldiaz zer deritzon galdetzean. Horregatik urduri dabilela aitortu du, berak ez zuela eskatu gaineratuta. «Beste batzuek ere merezi dute». Iraurgi koruaz galdetuta, hitz polit ugari esan ditu, bata bestearen atzetik, bizi-bizi. «Lagun handiak ditut, asko laguntzen didate bidaia, eta abarretan. Abesterakoan beti aulkia jartzen didate, ezin baitut denbora askoan zutik egon. Eskerrak eman nahi nizkieke hainbeste lagundu didatelako, eta nirekin gogoratu direlako». Elizako korukoentzat ere hitz [...]

Zazpi urte zeuzkan Jesus Mari Lete Estra-k Azkoitiko Parrokiko Koruan abesten hasi zenetik. Ordutik ez dio inoiz utzi abesteari, eta «hil arte» horretan jarraituko duela dio berak, behin eta berriz. Iraurgi abesbatza sortu zenean ere, bertan hasi zen abesten. Ordutik bi koruetako
kidea da, eta entsegu guztietara joaten da. Astelehenetan bi izaten ditu, eta «presaka» ibiltzen da elizako entsegua amaitutakoan bestera iristeko. Egun bera da bi koruetan jarduten duen abeslari bakarra. Eta hori dela eta, omendu egingo dute hilaren 31n.
«Txiki-txikitatik izan naiz koruren bateko partaidea. Elizakoan sartu nintzen lehenbizi. Bestea sortu zenean, Iraurgi Abesbatza, han ere sartu nintzen. Neu soilik nago bietan». Hileta guztietan abesten du elizako koruak, Estra tartean. «Andrea bakarrik utzi behar izaten dut askotan. Omenaldian gogoratuko dut».
«Ez nuen espero, eta niri ezer esan gabe prestatu dute dena», dio azkoitiarrak omenaldiaz zer deritzon galdetzean. Horregatik urduri dabilela aitortu du, berak ez zuela eskatu gaineratuta. «Beste batzuek ere merezi dute».
Iraurgi koruaz galdetuta,
hitz polit ugari esan ditu, bata bestearen atzetik, bizi-bizi. «Lagun handiak ditut, asko laguntzen didate bidaia, eta abarretan. Abesterakoan beti aulkia jartzen didate, ezin baitut denbora askoan zutik egon. Eskerrak eman nahi nizkieke hainbeste lagundu didatelako, eta nirekin gogoratu direlako». Elizako korukoentzat ere hitz ederrak izan ditu. «Haiek ere asko laguntzen didate, eta eskerrak eman nahi nizkieke».
Gazteek ez dutela abesbatzetan parte hartzen nabarmendu du. «Elizako koruan bi gazte dauzkagu, eta ongi abesten dute, baina Iraurgin ez dago bakar bat ere. Bakarlaririk ere ez daukagu. Nik ezin dut, ez naiz iristen eta».
Opera eta organua
«Operazale amorratua» dela azaldu du. Binilozko 80 opera disko baino gehiago ditu, eta bideoz grabatutako 120 saio inguru ere badauzka. «Lagunei diskoak grabatzen» dizkie. Ordenagailua erabiltzeari ez dio beldurrik, eta disko asko grabatzen ditu.
Azkoitiko organoa oso maitea duela nabari zaio Estrari, haren inguruan hitz egiten hasi orduko. «Oso berezia da, onenetako bat. Cavalle-Gollek egindako azken organoa da Azkoitikoa. Hemengoa amaitu ondoren hil egin zen». Arantza bat dauka, ordea, azkoitiarrak: organoa jotzen ez jakitea. «Aita Sudupe oso organista ona zen», gogoratu du. «Lagun handia nuen, eta bere ondoan egoten nintzen elizan. Hark ere asko maite zuen Azkoitiko organoa. Bizkarrean eramateko modukoa da hau, esaten zuen organoaz».
Kanpoko musikari asko joaten dira Azkoitira organoa jotzera. Urteetan, elizako giltzak izan ditu eskuan. Adituren bat organoa probatzera joaten zenean, Letek irekitzen zion atea, eta barrura inor ez sartzeko eta ez molestatzeko, kanpotik ixten zuen organo-jotzaileak saioa amaitu arte.
Behin alemaniar bat etorri zela gogoratu du. Alemaniako ereserkia jo zuen, eta bertakoa abesteko eskatu zion Leteri, Azkoitian jotzeko. «Nik ezingo nion Espainiako ereserkia abestu, eta Gora ta gora Euskadi abestu nion. Orduantxe jo zuen; entzunda bakarrik. Hark zeukan belarria!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide