«Kanpoan beste modu batera jokatzen da, joko oldarkorra egiten dute»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko mar. 15a, 10:06

Londresen ibili da Xabier Oroz (Azkoitia, 1996), Jordan Classic International Tour-en. Asteburua pasa du han, eta gogor entrenatu da. Bere adineko Europako 40 jokalari onenetakoak izan dira bertan, eta «gustura» itzuli da haiekin denbora partekatzetik. 191 zentimetro neurtzen du, baina hala ere, Londresen elkartutakoetatik «txikienetakoa» zela dio berak. Asteko egun gutxi izaten ditu libre. Astearte arratsaldeetan ez du entrenamenturik izaten, eta orduan aprobetxatzen duela lagunekin egoteko kontatu du. Zer moduz ibili zara Londresen? Ondo. Ederra izan da. Gure adinerako esperientzia hartzen joateko baliagarria, Europa mailan beste jokalariak ezagutzeko aukera.  Asko ikasten da horrelakoetan. Kinta berekoak al zineten guztiok? Nire adin berekoak eta urtebete gazteagokoak. Bi baino ez ziren ni baino gazteagoak, egia esan. Zer egin duzue topaketan? Itzultzerako ailegatutakoan baino jokalari hobeak izatea, hori zen lehen helburua; edo behintzat gauza berriak ikasita bueltatzea. Hala jakinarazi ziguten ailegatutakoan. Neure mailan hobetzen saiatu naiz, eta asko ikasi dut. Hori saskibaloi munduari dagokionean. Horrez gain, jende berria ezagutu eta ingelesa ere praktikatu dut. Komunikatu ahal izateko ez nuen beste erremediorik. Zer ikasi duzu? Entrenatzaileak AEB Ameriketako Estatu Batuetakoak dira, eta ez dira taldeari begira hainbeste egoten. Multzoari begiratzen diote, baita norbanakoari ere. Ez diote taldeak hobetu behar duenari soilik erreparatzen, baita bakoitzak hobetu [...]

Xabier Oroz

Xabier Oroz (Argazkilaria: Xabier Otamendi)

Londresen ibili da Xabier Oroz (Azkoitia, 1996), Jordan Classic International Tour-en. Asteburua pasa du han, eta gogor entrenatu da. Bere adineko Europako 40 jokalari onenetakoak izan dira bertan, eta «gustura» itzuli da haiekin denbora partekatzetik. 191 zentimetro neurtzen du, baina hala ere, Londresen elkartutakoetatik «txikienetakoa» zela dio berak.

Asteko egun gutxi izaten ditu libre. Astearte arratsaldeetan ez du entrenamenturik izaten, eta orduan aprobetxatzen duela lagunekin egoteko kontatu du.

Zer moduz ibili zara Londresen?
Ondo. Ederra izan da. Gure adinerako esperientzia hartzen joateko baliagarria, Europa mailan beste jokalariak ezagutzeko aukera.  Asko ikasten da horrelakoetan.

Kinta berekoak al zineten guztiok?
Nire adin berekoak eta urtebete gazteagokoak. Bi baino ez ziren ni baino gazteagoak, egia esan.

Zer egin duzue topaketan?
Itzultzerako ailegatutakoan baino jokalari hobeak izatea, hori zen lehen helburua; edo behintzat gauza berriak ikasita bueltatzea. Hala jakinarazi ziguten ailegatutakoan. Neure mailan hobetzen saiatu naiz, eta asko ikasi dut. Hori saskibaloi munduari dagokionean. Horrez gain, jende berria ezagutu eta ingelesa ere praktikatu dut. Komunikatu ahal izateko ez nuen beste erremediorik.

Zer ikasi duzu?
Entrenatzaileak AEB Ameriketako Estatu Batuetakoak dira, eta ez dira taldeari begira hainbeste egoten. Multzoari begiratzen diote, baita norbanakoari ere. Ez diote taldeak hobetu behar duenari soilik erreparatzen, baita bakoitzak hobetu behar duenari ere. Entrenamendu berezituagoa da. Gehiago ikasten da, beraz.

Euskal Herritik zeu bakarrik joan zara.
Bai. Beno, Gasteizen bizi diren, baina atzerritarrak diren beste bi lagun ere joan dira. Bosniar bat eta letoniar bat. Hirurok batera joan ginen. Lehendik ezagutzen genuen elkar, piska bat. Haiek gaztelaniaz hitz egiten zuten, behintzat, beraz, ez dut ingelesez bakarrik hitz egin. Espaniako Estatuko beste bi lagun ere bazeuden topaketan. Beraz, haiekin ere gaztelaniaz egiten nuen.

Nolatan joan zara Londresera? Nola aukeratu zaituzte?
Jordan Classic International Tour-etik klubera deitu zutela esan zidan aitak. Joateko prest al nengoen galdetu zidan. Gustura joango nintzela erantzun, nik.

Nola entrenatu zarete?
Entrenamentu fisikoa egin genuen asko hasieran. Gero, partida txikiak jokatu genituen, norbait nabarmentzen zen ikusteko; hiru hiruren kontrakoak eta horrelakoak. Hori izan zen lehen bi egunetako plana. Igandean, adibidez, zazpi orduz entrenatu ginen.

Amaiaera aldean hogei onenak aukeratu zituzten, gol star bezala jokatzeko. Jokatzeko esan zidaten. Hamar onenak hartu zituzten, eta tartean ez nengoen ni, baina gustura nago hogei onenen artean egon naizelako [barre txikia ezpainetan daukala]. Ez nuen espero, eta gustura nago.

Nolako jokoa egiten dute atzerritarrek?
Beste modu batera jokatzen dute. Hemengoak baino oldarkorrago. Niri hemengo jokoa gehiago gustatzen zait. Kanpoan ere gorputzak askoz sendoagoak dira, fisikoki indartsuagoak izaten dira jokalariak. Jokoan antzeman egiten da hori. Mailatuta etorri naiz [kar kar].

Lehenagotik ezagutzen al zenuen Jordan Classic International Tour?
Ez, ez nuen aurretik parte hartu. Youtube-n ikusten nituen topaketak. Jordan Brounen lehen urteetakoak ikusten nituen. Baina ez nuen pentsatu ere egiten horrelako ezer gertatuko zitzaidanik.

Zer zinen, altuenetakoa?
Txikienetakoa. 205 zentrimetro neurtzen duen jendea ere bazegoen; bi metrotik gorako hamar hamabost bat bai, gutxienez.

Gisa horretako beste probarik ba al dago?
Gure adinekoentzat munduko txapelketa izango da abuztuan, Letonian. Estatuko hamabi lagunek hartzen dute parte normalean. Hara joan nahiko nuke. Deitu egin behar didate, horretarako.

Zenbaterainoko garrantzia du saskibaloiak zure bizitzan?
Saskibaloian jokatzen dut etengabe. Astean lau edo bost entrenamentu egiten ditut, bitan joaten naiz gimnasiora, eta bi partida jokatzen ditut. Egun batzuetan entrenamentu bat baino gehiago izaten dut, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide