Juan Bautista Mendizabal, Azkoitiko kronista, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izango da datorren larunbatetik aurrera. 12:00etan ekitaldia egingo dute Intsausti Jauregian, eta kide berri guztiek egiten duten moduan, domina jaso ondoren, hitzaldia eskainiko du bertan.
«Azkoitiar gisa asko poztu nau, herriko kultur mugimendu garrantzitsuenetako bat izan delako. Historian zehar Azkoitiko Zalduntxoek izen handia izan dute, eta hala jarraitzea espero dut, ospeaekin eta lan asko eginez».
«Azkoitiko kronista naiz, beti arakatu izan dut Azkoitiko historia; nire gaia Azkoitia izan da betidanik». Horrela aurkeztu du bere burua. «Juan Inazio Uriak, aurreko zuzendariak, eta egungo zuzendariak, Jose Maria Urkiak egingo didate harrera. Polita izango da», jakinarazi du.
«Azkoitia XVIII. gizaldian nolako herria zen» azalduko du hitzaldian, kronistak adierazi duenez. Zalduntxoen aurretik zer nolakoa zen bizimodua, eta haien eragina zenbaterainokoa izan zen; baita Azkoititik Bergarara nola joan ziren ere». Herrian giroa nolako zen azalduko du, eta zergatik izan zen Azkoitia «Europako mugimendu garrantzitsuenetako bat» hartzeko gai. «Badaude arrazoi batzuk, eta horiek azalduko ditut». Dokumenturen bat ere erakutsiko duela aurreratu du. «Kronista naizen aldetik, sorpresatxoren bat emango dut; Azkoitiko dokumentu bitxi bat».
Elkarteak erabakitzen du beraien batzarretan zein pertsonari egin kide izateko gonbitea. «Duela denbora bat jendeak esaten zidan, neuk ere izan beharko nukeela bertako kide, eta azkenean eguna jarri dute eta aurrera».
Martxoaren 17a, egun berezia
Azkoitiko zalduntxo ezagunenak hiru izan zirela gogorarazi du Mendizabalek. «Aurten beteko dira 250 urte Manuel Ignazio Altuna eta Portu hil zela» .Gazte hil zen, eta ezin izan zuen mugimenduak hartu zuen indarraren lekuko izan. «Baina Altuna eta Portu izan zen ardatz nagisuenetakoa», Mendizabalen esanetan. «Rousseauren [Jean Jacques, filosofoa] laguna izan zen. Ai nere lagun azkoitiarra deitzen dio bere idatzietan Rousseauk, harekin bizitzera. Aurten Rousseau jaio zela 300 urte betetzeko direla ere gogoratu du kronistak.