Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Kultur Astea prestatu du larunbatetik aurrera. Kultur ekintzak askotan antolatu izan ditu taldeak, gogorarazi duenez. Aurtengoan, ordea, bestelakoa izango da astea. «Herriko kultur mugimenduek elkarren berri izatea da aurtengo helburu nagusia, eta guk, euskara elkarte baten ikuspegitik, bilgunean eragitea. Alde batetik, Kultur Astetik aparte, Kultur Mahaia martxan jartzeko erronka dugu. Beste batzurekin batera ideia hori bultzatu dugu. Beste alde batetik, Kultur Asteari dagokionean, interesgarria izan daiteke herriko hainbat eragilerekin elkarlanean zerbait egitea, edo sortzaileei aukera ematea».
Antzerkiarekin hasiko da astea, «baina ez da kanpotik ekarritako antzerki talderik izango», herriko gazte talde baten antzezlana baizik, Bigoterik gabea taldearen Bebarrun maxixatzen lana. «Haiei plaza eskaintzea, elkarlaneko ekimen gisa ulertzen dugu. Iganderako kantu poteoa prestatu dute. «Herriko abesbatzari deitu diogu, Iraurgi Abesbatzari, eta haiek antzeko gauza bat egiten dute… Euskal kantekin beste herri askotako kalejiren moduko bat egin nahi dugu. Egun horretan, gainera, musika eskolakoek taldeka joko dute kontzejupean. Beraz, haiek hasterako amaitu egingo dugu», jakinarazi dute Maxixatzenetik.
Ostegunerako Floreaga Ikastetxearekin elkarlanean antolatu dute Gotzon Barandiaran eta Igor Elorzaren hitzaldia. «Floreagarekin elkarlanean egin dugu. Izan ere, haiek ere kultur jardunaldiak dauzkate». KulturAsteari amaiera emateko, Iban Lizarralderen Gartzela film laburra eskainiko dute kultur etxean. «Lehen Topagunetik Laburbira ekartzen genuen, baina kasu honetan ekimenetik kanpoko beste bat ekarriko dugu. Joseba Beristain azkoitiarrak jarri zion musika Gartzela film laburrari. Herrian eskaintzeko gogoa zuten, horregatik aukeratu dugu lan hori». Hamasei minutu ingurukoa da. Zuzendaria bertan izango da, eta aurretik zein ondoren fimaren inguruko azalpenak eman, eta galderak erantzungo ditu.
«Elkarlanerako aukerak aztertu eta eragile moduan lan egitea izango da gure helburua. Hau da, jendeari plaza eskaini, beti ere euskara elkarte baten ikuspegitik, kultura antolatzeko moduari dagokionean». Hala ere, horrek ez du esan nahi herritik kanpoko sorkuntzari tartea egingo ez diotenik.
Azkoitiko ‘webarrua’
Dagoeneko martxan da Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen webgunea edo webarrua. Astebete da abian jarri zutena, baina oraindik aldaketa batzuk egitea ere aurreikusten dute, «gunea egokitzeko». «Martxan dagoela ikusten da ondoen nola hobedaitekeen webgunea. Helburua, «euskara munduko berriak ematea» dela garbi azaldu du. «Elkarte barruko beste ildo bat da. Jendeari euskal kontzientzian eragiteko asmoa». Helburu nagusia, beraz, ez da albisteak ematea izango. Hala ere, azkoitia.hitza.eus-n bildutako albiste guztiek tartea izango dute Maxixatzenen webgunean .
Kultur Astea
martxoak 10, etzi
-18:00etan. Bebarruen maxixatzen antzezlana, Baztartxon.
martxoak 11, igandea
-Eguerdian. Kantu poteoa herrian zehar Iraurgi abesbatzarekin.
martxoak 15, osteguna
-20:30ean. Euskal kulturari buruzko hitzaldia, Gotzon Barandiaran eta Igor Elorzaren eskutik, Floreaga ikastetxean.
martxoak 16, ostirala
-19:30ean. Gartzela film laburraren emanaldia kultur etxean.