Bigoterik Gabea, horrela izena du Azkoitiko gazte talde batek osatutako antzerki taldeak. Zazpi kide dira, eta antzerkia gustuko dutela nabari zaie; besteak beste, astean hirutan gelditzen baitira entseatzeko. Martxoaren 10erako antzezlan bat prestatzen ari dira. Baztartxoko taula gainean dute orduan hitzordua.
Miren Elorzak, Idoia Aginagaldek, Iosune Garmendiak, Xabier Barquerok, Joseba Elorzak, Arantxa Areizagak eta Daniel Camachok osatzen dute taldea. 1995eko belaunaldikoak dira guztiak, Barquero kenduta; bi urte gazteagoa da hura. Urte asko daramate guztiek antzerkian murgilduta. «Xabier Munibekoak gara denak, eta eskola ordu kanpoko antzerki taldean sartu ginen duela sei urte. Hasieran jende askok eman zuen izena, baina azkenerako geu geratu ginen», azaldu du Miren Elorzak. Ikastetxean sortu zuten Bigoterik Gabea, duela hiru urte. Urte zehar prestatzen zuten antzezlana, eta ikasturte amaieran plazaratzen zuten. Lukas Barroso izan zuten irakasle hasieran. «Hark erakutsi digu dakigun guztia», nabarmendu dute. Adinagatik ikastetxekoa amaitu zitzaienez antzerki taldearekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Orain geure kasara ari gara», dio Elorzak.
Antzeztu eta zabaldu
«Guk antzerkia egiten segi nahi dugu». Garbi azaldu du Miren Elorzak zein den taldearen helburua. Azkoitian baino ez dutela antzeztu jakinarazi dute. Behin igo ziren taula gainera herritik kanpo; pasa den azaroan, Azpeitian, Soreasun. Kanpoan antzeztu nahi dutela azaldu du Joseba Elorzak. «Mezuak bidaltzen ari gara orain, eta erantzunak jaso ditugu dagoeneko». «Egunik zehaztu gabe dagoen arren, baiezkoa eman digute batzuk», gehitu du Camachok. «Gure asmoa, azken finean, hori da: zabaltzea, eta antzerki gehiago egitea».
Gidoiak eurek prestatzen dituzte, haien gustuko gaiekin. «Kosta egiten da», esan du Miren Elorzak, eta gainontzekoek segituan egin dute buruarekin baietz. «Antzerkia zeren inguruan izango den zehaztea kostatzen da gehien; gero martxa hartzen hasten da. Maiatzean antzeztu behar baldin badugu, martxoan gidoia bukatzekotan izaten dugu gidoia normalean», jakinarazi du Miren Elorzak. «Larri-larri ibiltzen gara beti», nabarmendu du Barquerok. «Ikasturte hasieran beti esaten dugu, beno denbora badaukagu, beraz, lasai ibil gintezke», aitortu du, berriz, Aginagaldek.
Denak ados daude orain arte prestatu duten antzezlan onena, iazkoa izan zela esatean. «Ongi atera zitzaigun», dio Joseba Elorzak. «Ekintzaz betetakoa zen». Zein motatako lanak egiten dituzten, Barquerok zehaztu du: «Tragikomediak gustatzen zaizkigu, batik bat».
Antzerkirako materialari dagokionean, nahikoa arazo izaten dutela jakinarazi dute. «Hamazazpi urterekin guztia gure patrikatik ordaintzea ez da erraza», dio Elorzak. Hori hala, estatutuak prestatzen ari dira diru-laguntzak jaso ahal izateko.
Antzezlana egiterakoan atzean jartzeko euskarria lortu nahi zuten, baina ez zekiten nora jo. Pirritx, Porrotx eta Marimototxi mezu elektroniko bat bidaltzea erabaki zuten, orduan. «Erantzun egin ziguten, eta Azpeitian emanaldia zeukatela eta joateko eskatu ziguten. Oso ondo portatu ziren gurekin; material guztia erakutsi ziguten, aldageletan egon ginen… Bakoitzak bere herrian antzezteko hitzordua lortzen saiatuko dela esan ziguten. Usurbiletik iritsi zaigu mezua dagoeneko», kontatu du Miren Elorzak. «Edozer behar badugu, lasai deitzeko esan zigun Porrotxek. Hari gustatu egiten zaio gazteak antzerkian egiten ari direla ikusteak».
Umeen antzerki irakasle
Taldeaz gain, antzerkiarekin beste era batera lotuta ere badaude Bigoterik Gabeakoak. Izan ere, Xabier Munibeko haurrei eskolak ematen dizkiete. LH 1. mailatik hasi, eta seigarren mailara arte ematen dituzte; bakoitzak ikasle taldetxo bat du. Haiekin ikasturte amaierarako antzezlana prestatzen ari dira.
Camacho ikasturte honetan sartu da taldean, eta antzezlanean aurpegia ematen ez duen bakarra da. Argiaz eta soinuez arduratzen da, izan ere. «Argien mundua gustatzen zaio, eta ona da horretan», esan du Joseba Elorzak. «Lehen dena guk egin behar izaten genuen. Alde horretatik, pisu handia kendu digu». «Soreasura joan ginenean, argiaz ez zuela ezer jakingo pentsatu zuten bertako teknikariek. Lanean hasi zenean harrituta gelditu ziren. Kontaktua eskatu zioten beste baterako». «Asko lotsatu nintzen», dio Camachok, lagunari entzundakoan. Wegbunea ere badute: bigoterikgabea.jimdo.com. Hori sortzeaz ere Camacho arduratu da. «Jendeak ezagut gaitzan sortu dugu; zein garen eta zer egiten dugun jakin dezan», azaldu du hark.