Normandiako lehorreratzea irudikatu du Azkoitiako eta Azpeitiako In Your Face boskoteak estreinako diskoaren azala. Taldearen punk izaerari ohore eginez, Desembarco makarra izenburua jarri diote, eta Teletetxo zigiluren babesean eman dute argitara.
Duela urte eta erdi maketa grabatu zuten entsegu-lokalean, taldekideek eurek entzuteko eta lagunen artean zabaltzeko. Iazko udan diskoetxekoaren eskaintza jaso zuten, eta, hala, Azpeitiko Lobo estudiora sartu ziren lehen lan luzea grabatzera. Pare bat astetan, bederatzi abesti berri atondu zituzten: Makarras del Urola, Zuek akatu arte, Autodestruktivo, Rutina pozoitua, Lagunen albotik, Txarrantxan, Zure itzala, Traidoreak eta Jarraitzeko indarra.
Udan grabatu bazuten ere, diskoa urtarrilaren erdialdean kaleratu zuten, eta bost eurotan jarri dute salgai honako taberna hauetan: Azkoitian, Zakelan; Azpeitian, Txarrantxan; eta Zumaian, Metron eta Nikolen.
Urolako mugimendua
«Abestiak gure isla dira. Gure eguneroko bizitza azaltzen dute; besteak beste, lanaz hitz egiten dugu, gure bizimoduaz, eta parrandaz», adierazi du taldeko baxu-jotzaile Markos Rodriguezek. In Your Face taldearen kokalekua Urola bailara da, eta Makarras del Urola abestian argi uzten dute zonaldean punk-oi! mugimendua bizi-bizi dagoela eta boskotea horren partaide dela: «Hemen inguruan –Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian– mugimendu handia sortu zen duela urte batzuk, eta aipatutako joerako talde asko eratu zen. Bada, gurekin batera, Friday’s Crew eta Garraxika bezalakoak daude».
Era berean, Txarrantxan abestia topa dezake entzuleak diskoan, Azpeitiko Txarrantxa tabernaren omenez sortutako ereserkia. Urola bailarako punk-oi! mugimenduaren topaleku eta In Your Face taldearen «bigarren etxea», beste zenbait talderena bezalaxe.
Taldeak zuzenean duen jarrera diskoan jasotzen saiatu dira. «Azkartasunari eutsi diogu, baina ahotsa eta musika bera garbiago entzuten da». Hala eta guztiz ere, diskoak eta kontzertu emanaldiek ez dutela zerikusirik nabarmendu du baxu-jotzaileak. «Ezberdinak dira. Zuzenekotan ikusgarriagoak gara. Inpresio handiago eragiten dugu».
Larunbat honetan Holidays In Bardulia jaialdian lehorreratuko dira, disko berria aurkezteko asmoz. Añorgako zinema aretoan ariko da taldea, 17:00etatik aurrera, beste zortzi talderekin batera. Iaz ere hartu zuten parte jaialdian, eta aurten bigarren aldiz joko dute. «Sekulako festa izango da», aurreratu du taldekideak.