Astelehenetik ari dira Ai ama! saioa ematen ETB 1en. Iban Garate da aurkezlea, eta astelehenetik ostegunera 21:00etatik 21:30era bitartean ari dira eskaintzen saioa, astelehenetik ostegunera, eta zuzenean egiten dute. Ostiraletan, berriz, asteko unerik onenak bilduko dituzte. Momentuz, ekainera bitartean emango dutela azaldu du Garatek.
«Gainontzeko kate guztietan informazioa ematen duten bitartean, ETB1en 21:00etatik aurrera entretenimentua hastea planteatzen dugu», azaldu du Garatek. Izan ere, albistegiak izaten dira 21:00etan beste kateetan, eta ETB1en 20:00etan izaten da Gaur egun. «Entretenimenduzko programa bat sartuko dugu tarte horretan. Gonbidatu bat izango dugu saioko. Beste programa askotan gonbidatua ikusle moduan egoten da, baina guk jolas egingo dugu harekin, gutako beste bat izango balitz bezala». Gaurkotasuna duen, edo Euskal Herrian erreferente den pertsonaiaren bat izango da. «Elkarrizketa labur bat, eta hainbat jolas egingo ditugu. Ehun bat ikusle izaten ditugu platoan; antzoki itxura hartzen du. Ez gara kamarekin soilik egoten; jendeak parte hartzen du nolabait ere, barre egiten duelako, txalo…».
Eskualdekoak taldean
Eskualdeko sei lagun daude, guztira Ai ama! saioko taldean. «Arri Granados zumaiarra da zuzendaria; Nagore eta Ion Aranburu azpeitiarrak eta Egoitza Lasa zarauztarra, berriz, gidoilari taldean daude; Xabi San Sebastian zarauztarrak kolaboratzaile gisa dihardu; eta nik, berriz, aurkezle lanetan», azaldu du Azkoitiko aurkezleak.
«Guretzat erronka da eguneroko programa egitea; jende interesgarria ekartzea. Koadrilan lan egitea bezala da, denak ezagunak baitira. Kasu askotan taldera ohitu behar izaten da, baina guk ez daukagu ohitu beharrik», aitortu du. «Askotan saioko aurrenengo ordu erdia egitea da gehien kostatzen dena, eta guk hori egin eta amaitu egiten dugu [kar kar]».
Kolaboratzaileak «txispadunak» dira. Mikel Pagadizabal, Itziar Atienza, eta San Sebastian. «Pagadizabalek umore ukitua jartzen dio, Atienzak gaurkotasunezko gaiak ekartzen ditu, eta San Sebastian, berriz, gure ingeniaria da; gauza bereziak ekartzen ditu platora. Jolaserako aukera ematen duten gauzak ekarriko ditu. Berak dioen bezala, Euskal Herriko denda txinatar guztiak miatu, eta topatutakoak ekarriko ditu».
Telebistak «hainbeste informazio» dagoen momentuan, programak bere lekua izan dezakeela uste du Garatek. «Beste guztiak 22:00etan hasiko dira, gu 21:00etan».