26 lagun daude etxetik kanpo, suteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko ots. 14a, 06:31

Ostiral gauean Kale Nagusian izandako sutearen ondorioz, guztira 26 lagunek egin dute lo etxetik kanpo, eta oraindik ez dakite noiz itzuliko diren. Hogei pertsona Larramendi hotelean daude, eta beste sei, lagunen eta familiakoen etxeetan. Azkoitiko Udala, Ongizate Sailaren bitartez, hasi da kaltetuekin «banan-banan» biltzen; hala jakinarazi dute ordezkariek. «Orain, egoera konpondu bitartean etxerik gabe gelditu diren azkoitiarrei bizitoki egoki bat topatzea izango da lehentasuna», jakinarazi du Pello Bastarrika alkateak. «Kaltetutako eraikinen egoera ere gertutik zaintzen ari gara, segurtasun bermatzeko». Aditu batek eraikinak aztertu zituen atzo goizean. «Proba tekniko batzuk egitera joan da arkitektoa, fatxada nola dagoen aztertzeko», jakinarazi du Esther Lizarralde zinegotziak. Kale Nagusiko 10, 12 eta 14 zenbakiko biztanleak atera dituzte etxetik. 14. zenbakiko eraikineko hirugarren eta laugarren solairuak jauzi egin ziren, erreta. Larunbat eguerdira arte aritu ziren lanean suhiltzaileak, egitura hoztu nahian. Oraindik ere ez dakite zerk sortu duen sua. Amaia Zabaleta eta Fran Municio 12. zenbakiko eraikinean bizi dira. Momentuz lagun baten etxean daudela adierazi dute. «Orain lagun batek etxea utzi digu. Semea nire ahizparen etxean dago. Ez dakigu noiz itzuliko garen. Ikusi egin beharko da egoera nolakoa den. Guk ez daukagu hainbesteko arazorik; izan ere, jendea daukagu inguruan, nire ama edo lagunak… Baina hor bizi [...]


Ostiral gauean Kale Nagusian izandako sutearen ondorioz, guztira 26 lagunek egin dute lo etxetik kanpo, eta oraindik ez dakite noiz itzuliko diren. Hogei pertsona Larramendi hotelean daude, eta beste sei, lagunen eta familiakoen etxeetan. Azkoitiko Udala, Ongizate Sailaren bitartez, hasi da kaltetuekin «banan-banan» biltzen; hala jakinarazi dute ordezkariek. «Orain, egoera konpondu bitartean etxerik gabe gelditu diren azkoitiarrei bizitoki egoki bat topatzea izango da lehentasuna», jakinarazi du Pello Bastarrika alkateak. «Kaltetutako eraikinen egoera ere gertutik zaintzen ari gara, segurtasun bermatzeko».
Aditu batek eraikinak aztertu zituen atzo goizean. «Proba tekniko batzuk egitera joan da arkitektoa, fatxada nola dagoen aztertzeko», jakinarazi du Esther Lizarralde zinegotziak. Kale Nagusiko 10, 12 eta 14 zenbakiko biztanleak atera dituzte etxetik.
14. zenbakiko eraikineko hirugarren eta laugarren solairuak jauzi egin ziren, erreta. Larunbat eguerdira arte aritu ziren lanean suhiltzaileak, egitura hoztu nahian. Oraindik ere ez dakite zerk sortu duen sua.
Amaia Zabaleta eta Fran Municio 12. zenbakiko eraikinean bizi dira. Momentuz lagun baten etxean daudela adierazi dute. «Orain lagun batek etxea utzi digu. Semea nire ahizparen etxean dago. Ez dakigu noiz itzuliko garen. Ikusi egin beharko da egoera nolakoa den. Guk ez daukagu hainbesteko arazorik; izan ere, jendea daukagu inguruan, nire ama edo lagunak… Baina hor bizi diren atzerritarrak… Lau haurreko familia bat badago, adibidez. Kanpotarrak dira, eta ez dute jende gehiegi ezagutzen».
Ordubata aldera etxera abiatu eta kalea itxita topatu zutela jakinarazi du berak. «03:00ak aldera arte egon ginen hemen (erretako etxearen atarian ari da gertatutakoa Urola Kostako Hitza-ri kontatzen). Kamioi asko zeuden… Etxera lasai sartzeko esan ziguten orduan. 05:30ak inguruan, ordea, zarata arraroak entzun nituen. Burua atera, eta beste aldeko etxea atzetik erretzen ari zela iksui nuen. Izugarrizkoa zen sutea. Lasterka atera ginen. Kanpoan ez zegoen inor. Gero etorri ziren berriz suhiltzaileak».
Lizarralde zinegotziak prentsaurrekoan gogoratu du, 12. zenbakiko eraikina barrutik ondo daudela diruditen arren, 14. etxeko hondakinak erori zaizkiola teilatura. «12.a ere aztertu egin behar da teknikoki. Izan ere, barrutik ematen du ez duela arazo handiegirik izan, baina 14.eko hondakinak gainera erori zaizkio, eta txosten teknikoa egin beharko dute zein egoeratan dagoen ikusteko».
Suhiltzaileen esku-hartzea
Herenegun suhiltzaleekin bildu zirela jakinarazi du alkateak. «Suhiltzaileekin egon gara, eta gertatutakoaren txostena egiten ari direla esan digute». Ertzaintza ere ari da beste bat egiten. Udaleko teknikariek hirugarren bat egingo dutela ere jakinarazi du Bastarrikak, eta horien zain daude orain, nahiz eta ez dakiten noiz jasoko dituzten zehazki; «egun batzuen buruan» izango dituztela eskuan esan du. Kaltetutako eraikinen egoera «gertutik zaintzen» ari direla diote, «segurtasuna bermatzeko».
Suhiltzaileek, sua itzalita zegoela berretsita, alde egin zuten bertatik. 07:00etan itzultzeko asmoa zeukaten, egoera berriro aztertzera, baina 05:30ean sua berpiztu egin zen. Zeresana eman du horrek herrian, eta alkateak jakinarazi du suhiltzaileen bertsioaren arabera, protokoloa bete zutela, eta egin beharrekoa egin zutela. «Atzo suhiltzaileekin bilduta egon nintzen. Eginbeharra bete dutela adierazi zidaten; hori da euren bertsioa. Beraz, metodologia bete dute. Lana eginda, asebeteta, joan ziren lekutik». Egindako lana egokia izan al zen galdetzean, suhiltzaileek «baiezko borobila» erantzun ziotela jakinarazi zu alkateak.
«Herritarrak arduratuta daude, baita suhiltzaileei dagokionean ere. Kaltetuek salaketa jartzen baldin badute, zein jarrera hartuko genuen galdetu ziguten. Salaketa zuzena dela ikusten baldin badugu, egin daitekeela ikusten baldin badugu, guk babestu egingo dugula garbi esan nien. Hori bai, egindako lana zuzena izan dela diogu».
Gipuzkoako Batzar nagusietan, PSE-EEko Mikel Arrizabalagak suhiltzaileen portaeraren zergatia azaltzeko eskatu du, eta nolatan berpiztu zen sua etxebizitzetan. Aldunditik, foru administrazio eta funtzio publikoko diputatu Garbiñe Errekondok eta modernazazioko zuzendari Maider Zigandak igandean Azkoitian izan zirela jakinarazi dute. «Bizilagunen egoeraz galdetu, eta suhiltzaileen jokabidea aztertu» zutela esan dute.
Suhiltzaileek sua itzaldu ondoren ezarritako protokoloa bete zutela jakinarazi dute biek ala biek. «Gelaz-gela egiaztatu zuten eraikinaren egoera, sabai aizunak botata eta kamara termikoak erabiliz. Ondoren, abisua eman zioten Ertzaintzari, eta Ikerketa Unitate Bereziko kideekin berrikusi egin zuten eraikina atestatua egiteko». Horrez gain, sutearen arrazoiak ikertzea eta zehaztea ez dagokiola Gipuzkoako Foru Adundiari gogorarazi dute, Ertzaintzari baizik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide