Angoitiko basoaren hektarea bat baino gehiago moztu egin du jabeak. Herritik gertu dago Angoitiko basoa. Ikastetxeetako ikasleak bertara joaten dira ingurugiroari dagokionean daukan aberastasunaz ikasteko. «Aldundiari inolako baimenik eskatu gabe—zuhaitzak botatzeko
baimena eskatu behar izaten baita—, balio ekologiko nahiko altua daukan harizti bat moztu du jabeak», jakinarazi du Ibai Portuk, Gipuzkoako mendiak eta abitatak kudeatzeko teknikariak. Azkoitiko Udalak jakitera eman duenez, salatu egin du ekintza.
Hariztiak azalera gehiago hartzen du. «Baina saileko 1,2 hektarea moztu ditu, eta ez dakigu jarraitzekotan den ala ez. Gorago badaude haritz gehiago, baina geldiarazi egin dugu nagusia. Badaki ez duela ongi egin, eta salaketaren bideari heldu diogu», dio teknikariak.
Zuhaitzak baimenik gabe mozteagatik, beraz, abian da salaketa prozesua. «Ez dugu salatu bi edo hiru zuhaitz botatzeagatik, 200 mozteagatik baizik. Gainera, erdiak baino gehiago, 120, hain zuzen, haritzak dira; eta ez txiki-txikiak, neurri askotakoak; txikiak, ertainak eta lodiak. 80 zentimetrora arteko zuhaitzak zeuden».
Horiez gain, hogei lizar, hamalau gerezi, hamahiru gaztain, bi arte, hogeitahiru akazia, lau piku, pago bat, bi erramu, eta txorbeltz bat bota dituela eman du jakitera teknikariak. «Denak ere haritzen tartean hazitakoak dira. Lodienak haritzak ziren, eta gainontzekoak, berriz, meheagoak.
Salaketa abian da dagoeneko. «Orain baloratu behar da zer moztu duen, zer ez. Zergatik moztu dituen ere jakin beharko da, zein baldintzatan moztu duen. Larrigarriak al dauden, edo aringarriak al dauden…» Eta horren arabera baloratuko da zer egin. «Seguruenik, basoa lehengora itzultzera behartuko dute, baina hori balorazioaren ostean jakingo da», dio Portuk. «Dena lehengoratu beharko duen ala zati bat soilik, ikusi egin beharko da. Baldintza guztiak aztertu beharko dira. Orain hasiera fasean baino ez gaude». Ez dago baso guztia moztuta, gorago hariztiak jarraitzen baitu. Datu zehatzak ez dakizkien arren, Portuk moztutakoa bezain beste, guxienez, badagoela jakinarazi du.
Oraingoz basozainak ikusi eta aztertu du eremua. Orain teknikariari dagokio bertara joan
eta txostena egitea. «Basozainak eremua zehaztu du, eta nik lehenbailehen ikustera joateko asmoa daukat. Txostena egin behar baldin badut hori baloratzeko, ahalik eta ezagutza finenarekin egin behar dut. Beraz, laster joango naiz».
Salaketa jarrita dago, baina isunen inguruan hitz egiteko goiz dela adierazi du teknikariak. .
Basoaren balio ekologikoa
Azkoitiko ikastetxetatik ikasleak hara joaten zirela gogoratu du Portuk, eta horrek, «azkenean afekzio traszendentzia gehiago izan lezake». Zuhaizti heldu batek daukan bioaniztasuna ere gogoratu du. «Kontuan hartu behar da, helduak diren basoetan espezie ugarik kumatzen dutela, eta babestoki bezala erabiltzen dutela. Horrez gain, bertako basoko espezieak dira. Kontuan hartu behar da haritz batek 80 zentimetroko lodiera lortzeko, urte asko behar dituela». Horrelako zuhaitzak zeuzkan basoa lehengoratzea «asko kostatzen» dela ere gogorarazi du.