SPRIk finantzatutako Compite egitasmoaren ildotik, eta Iraurgi Lantzenek bultzatuta, Urola Erdia lehiakortasunaren bidetik proiektuaren barne, Produktu zein zerbitzu berria sortzeko edo hobetzeko prozesua tailerra eskaini zien astelehenean Tecnaliak bailarako enpresei. Bertan Design Thinking metodologiak «bezeroen egungo edo etorkizuneko eskaerei egokitzeak dakarren beharrei erantzuten» diola jakinarazi dute Iraurgi Lantzenetik.
Zazpi puntuko ibilbidea
Metodologia honek zazpi puntutan oinarritutako ibilbide bat jarraitzen duela irakatsi zuten. Honakoak dira puntu horiek: «Ingurua ezagutzea eta arazoaren ulertzea; erabiltzaileak ikusi eta ezagutzea; jasotako informazioa laburbiltzea; ideiak sortzea; prototipatzea; iteratzea; eta ezartzea». Kontzeptu teoriko horiek, kasu praktikoekin «paraleloan» landu zituztela diote, ondorio «oso interesgarriak» lortuz.
Ekimena parte hartzailea izan dela diote. «Balorazioa positiboa izan den arren, Iraurgi Lantzenen helburua, kontzeptuetatik proiektuetara pasatzea da, eta orain hasiko da benetako lana, ideia hauek gauzatu ahal izateko».