Ezagutza Guneko kide diren hainbat enpresatako berrikuntza arduradunak bildu ziren pasa den ostegunean Loiola Berrikuntzaren egoitza berrian. Loiola Berrikuntzako Ezagutza Guneko, bertako sareko kide diren enpresetako, Mondragon Unibertsitateko, eta CIC Nanoguneko ordezkariak izan ziren bileran. Esperientziak partekatu eta euren enpresetarako «baliogarri izango diren» hainbat ekimen landu zuten bertan.
Goizean egin zuten bilera, eta horren ostean, euren artean beste lantalde bat sortzea adostu zuten, berrikuntzaren inguruan. Talde horren helburua I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) aztertzeko lantaldea sortzea izan zen, haren lanerako filosofia nahiz funtzionamendu pautak elkarrekin adostuz. Bertan,
elkarren artean «ezagutzak
trukatu» nahi dituztela adierazi dute.
Eskualde mailako elkarlana
Lehen bilkura honi Loiola Berrikuntza-Ezagutza Guneko Jon Zubizarretak eman zion hasiera. Lan bileraren kokapena argitzeaz gain, beronen nondik norakoak azaldu zituen. Ondoren, Mondragon Unibertsitateko Jaione Garzarainek hartu zuen hitza, eta jarraian, Loiola Berrikuntzako Begoña Beobide aritu zen.
Lan bileraren bigarren zatian, berrikuntza arduradunak talde dinamika batean murgildu ziren. Orduan ere behar, ardura eta esperientzia komunak izan zitezkeenak trukatzeaz gain, talde bezala lanean hasteko funtzionamendu pautak ere definitu zituzten, aurrera begirako lehen pausoen oinarriak ezarriz.
Horrela, elkarrekin lanean hasteko aukera eman dezaketen gaien artean, zaintza teknologikoa, berrikuntzaren kudeaketa sistematikoa edota eragile teknologikoen eskaintzaren ezagupena bezalakoak identifikatu ziren.