Ohiturak aldatzen ari dela gauza nabarmena da, baita elizarekin lotutakoei dagokionean ere. Hamazazpi-hemezortzi urte ingururekin sendotza egin ohi dutenen kopurua ere ez da duela urte batzuetakoa. Aurten Azkoitian hamalau gaztek egin dute, adibidez. Hamazazpi hasi ziren, eta hamalauk erabaki dute Azkoitiko Parrokiak proposatutako ekimenarekin jarraitzea. Duela lau urte 48k eman zuten izena.
Gazteen kristau sarbidea izena du orain, duela hiru urtetatik ezarri zuten sistemak. Sendotza egiteko sistema ez zela egokiena, eta aldatzea erabaki zutela jakinarazi du Txema Egizabal arduradunak. «Jendea ohitura bezala etortzen zen; lagunak etortzen zirelako, edo aiton amonek esan ziotelako. Baina zer gertatzen zen? Bi urte izaten ziren orduan. Aurrenengo egunean guztiak agertzen ziren, bigarren-hirugarren egunean erdiak bakarrik…».
Horregatik formatua aldatzea erabaki zuten. Duela lau urte ez zen sendotza eta sarbiderik egin, prozesua aldatu zutelako. Urtebetera moztu zuten sistema, eta sendotza abenduan egiten dute orain, «kristau sarbidean erabakia hartu ondoren». Gero erabakitzen dute kristau sarbidean jarraitu ala ez, hori ekainean amaitzen baita. «Kritiko izanda erabaki dezaten nahi dugu sendotza egin ala ez», dio Egizabalek.
Parrokiko lokaletan biltzen dira gazteak ostiralero, Egizabalek ipinitako abestiak entzun, eta diapositibak edo bideoak ikusi, eta eztabaidatzeko. Horren ondoren «askaria egiten dugu. Hemen egiten dugun guztia». Lokal bat ere badute horretarako, zerbait jateko tokiarekin, mahai-futbolarekin eta billarrarekin, besteak beste.
Sartu ala ez sartu
Ianire Iriarte kristau sarbidea egiten hasi zen, baina ez zuen sendotzarik egin azkenean.. «Gure koadrilan denok ginen egitekoak. Gainera, eskutitza bidali ziguten abisatzeko. Gure adineko gehienak ez ziren joan, eta joan ginenetatik, gehienak, Floreagakoak ginen». Azkenean egitea erabaki, eta hasieran «ongi joan» zela jakinarazi du, baina gerora beti izaten zuela beste egitekoren bat, adierazi du. «Joaten hasi nintzenean ondo hasi nintzen, baina gerora, ezin izaten nuenez edo gogo gutxi izaten nuenez, orain joan eta orain ez joateko, Txemari esan nion ez nuela egingo. Aurrerafgo egin nahiko banu abisatuko niola esan nion».
Egizabalek argi dauka gazteengan ez duela interes berezirik sortzen sendotza egiteak. «Ez dago modan. Talde jator bat bilatzen saiatzen gara, bere biziaren zentzua aurkituta, kristauen bezalako bizitza egiteko… Pertsona izateko da batez ere hau, ez kristau izateko. Gaztea pertsona librea, kritikoa eta manipulatu gabea izatea nahi dugu. Bizitzan garrantzitsua da pentsatzea, sakontzea».
Kopuruak behera
Kristau sarbidea martxan jarri zutenean, hamabi gaztek egin zuten sendotza; jaitsiera nabarmena dela dio Egizabalek. Bigarrengoan 23 hasi zirela jakinazi du. Aurtengoan hamalauk egin dute sendotza, eta sarbidean jarraitzen dute. «Orain, datorren jendea badakigu zertara datorren».
Iriarteren ustetan, baliteke oraindik ere familiagatik egiten duenik egotea, «baina ez dira asko izango». Askok koadilan horrela erabaki delako egiten dutela uste du. «Ez da egin beharrekoa, derrigorrezkoa. Ez da txarra ere, baina bakoitzak ikusi behar du egin behar duen ala ez. Probatu baldin badezake, eta nahi baldin badu, proba dezala, eta ez bazaio gustatzen, libre da ez egiteko».