«‘Txoriak txori’ izan zen abesten ikasi nuen lehen kantua»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urt. 26a, 06:00

Martxoan iritsi zen Carlos Araneda Euskal Herrira. Azpeitian bizi da, baina eskualde osoan ibiltzen da, gitarra hartuta kantuan. Euskarazko kantuak ere abesten ditu, horregatik egin da ezagun. Azkoitia, Zumaia eta Zarautzen jo izan duela aipatu du, besteak beste. Aseguruak saltzen zituen Txilen, eta ska musika taldea ere bazeukan. Orain musikatik bizi da, nahiz eta ez nahiko lukeen bezala. Hala ere, zortekoa dela uste du, musikatik bizi daitekeelako, eta gustura dago horregatik. Euskaraz ikasten ari al zara? Neure kasaka ari naiz ikasten. Interneten itzultzailearekin-eta aritzen naiz. Baina ez ditu itzulpen oso onak egiten; ez dit gehiegi balio. Ikasteko kalea bezalakorik ez dago. Hitz batzuk ikasi ditut, oso oinarrizkoa. Horregatik, jendeak askotan badakidala pentsatzen du, eta euskaraz egiten hasten zaizkit. Orduan «lasai-lasai» esaten diet, eta hitz egiten hasten gara, nondik natorren, noiztik nagoen hemen… Orokorrean beti antzeko galderak izaten dira. Euskaraz erantzuten diet hasieran: «Ni Carlos naiz, Txilekoa naiz, hau nire lana da, eskerrik asko laguntzeagatik». Jendeari galdetzen al diozu hau edo hori euskaraz nola esaten den? Bai. Komunikatzen lagunduko didaten esaldiak eskatzen dizkiot jendeari. Euskara hizkuntza oso interesgarria dela deritzot; ahoskatzeko ez dela zaila uste dut. Euskara eta gaztelania, ordea, oso ezberdinak dira. «Hau nire lana da» esaten dudadean, izan aditza [...]

Martxoan iritsi zen Carlos Araneda Euskal Herrira. Azpeitian bizi da, baina eskualde osoan ibiltzen da, gitarra hartuta kantuan. Euskarazko kantuak ere abesten ditu, horregatik egin da ezagun. Azkoitia, Zumaia eta Zarautzen jo izan duela aipatu du, besteak beste. Aseguruak saltzen zituen Txilen, eta ska musika taldea ere bazeukan. Orain musikatik bizi da, nahiz eta ez nahiko lukeen bezala. Hala ere, zortekoa dela uste du, musikatik bizi daitekeelako, eta gustura dago horregatik.

Euskaraz ikasten ari al zara?
Neure kasaka ari naiz ikasten. Interneten itzultzailearekin-eta aritzen naiz. Baina ez ditu itzulpen oso onak egiten; ez dit gehiegi balio. Ikasteko kalea bezalakorik ez dago. Hitz batzuk ikasi ditut, oso oinarrizkoa. Horregatik, jendeak askotan badakidala pentsatzen du, eta euskaraz egiten hasten zaizkit. Orduan «lasai-lasai» esaten diet, eta hitz egiten hasten gara, nondik natorren, noiztik nagoen hemen… Orokorrean beti antzeko galderak izaten dira. Euskaraz erantzuten diet hasieran: «Ni Carlos naiz, Txilekoa naiz, hau nire lana da, eskerrik asko laguntzeagatik».

Jendeari galdetzen al diozu hau edo hori euskaraz nola esaten den?
Bai. Komunikatzen lagunduko didaten esaldiak eskatzen dizkiot jendeari. Euskara hizkuntza oso interesgarria dela deritzot; ahoskatzeko ez dela zaila uste dut. Euskara eta gaztelania, ordea, oso ezberdinak dira. «Hau nire lana da» esaten dudadean, izan aditza amaieran jatzen da; gaztelaniaz ez. Baina xehetasun txikiak dira. Interesa baldin badago, ikas daiteke; izan ere, ahalmena soberan dago [kar kar kar].

Martxoa bitartean ikasi al duzu hori guztia?
Hemen konturatu nintzen kanpoko jendeak ez duela euskaraz hitz egiten. «Ez zait gustatzen, zaila da, zertarako?» esaten dute. Beraz, niretzako desafioa izan zen. «Zenbat kosta daiteke?» esan nion neure buruari. Orduan, oinarrizko hitzak ikasten hasi nintzen. Agurtzeko hitzak, batez ere. Gainera, kalean ere abesten nuenean, jendea oso polita zela esanez etortzen zitzaidan, baina euskarazko kanturik ba al nekien ere galdetzen zidan. Orduan, beste desafio bat aurkitu nuen: euskaraz abestu behar nuen. Jendeak nahi zuen, eta hemengo herriarekiko errespetuagatik, bertako hizkuntzari errespetuagatik, egin behar nuen. Jendeari galdezka hasi nintzen, ea zer abes nezakeen. Mikel Laboa, Xabier Lete eta Benito Lertxundi aipatu zizkidaten, besteak beste. Niretzako ezezagunak ziren erabat. Laboari Txileko Victor Jararen antza aurkitu nion, kantatzeko eragatik. Txoriak txori ikasi nuen aurrena. Gero, Lau teilatu, Salbadorren heriotza… Oraingoz sei kanta jotzen ditut guztira euskaraz. Jendeak eskertu egiten du.

Non abesten duzu?
Azpeitian dagoeneko ez dut abesten. Azkoitian, Zumaian, Donostian, Zarautzen tabernetan aritu izan naiz, baita Gasteizko batean ere. Azpeitian ez naute euskaraz abesten entzun. Gutxienez hamar abesti ikasi nahi ditut euskaraz, bertan jotzen hasi aurretik. Neure buruari jarri nion beste erronka bat da hori.

Denetan egin al duzu euskaraz?
Azpeitia kenduta, beste toki guztietan abestu dut euskaraz. Garrantzi handia ematen diot horri. Etorkinak beti bultzatzen ditut euskaraz ikastera, hartu gaituen herriari zor diogun errespetuagatik, gutxienez.

Noiz izango dituzu hamar abestiok prest?
Laster. Gainera, nire iloba batek soinu injenieritza ikasi zuen Txilen, eta Azpeitian bizi da. Bion artean CD bat grabatuko dugu, ia baliabiderik gabe. Euskarazko hamar abestiak jarriko ditugu, eta pare bat aste barru grabatzen hasiko garela uste dut.

Nolatan bururatu zitzaizun kanta horiekin diskoa grabatzea?
Jendeak kalean eskatzen dit. Askok diskoak saltzen ditudala uste du. Orain grabaketa prozesuan dagoela erantzuten diet. Neuk letrak ere idazten ditut, eta neure kantekin beste disko bat ere atera nahiko nuke. Txilen ere egiten nuen, eta orain euskara eta gaztelania nahastuta atera nahiko nuke.

Orain musikatik bizi zara, beraz.
Nik uste mundu guztiak nahi duela gustatzen zaionean lana egin. Ni gustura nago egiten dudanarekin; nahiz eta ez naizen ari nahiko nukeen bezala, ez naiz kexatzen. Egiten ari naizen lanean ona izaten saiatzen ari naiz, profesionala izaten saiatzen naiz. Gitarra-jotzaile ona izan, mikrofono eta anplifikatzailea ona eduki… Gauzak hobetzen saiatzen naiz, piskanaka; tresnei, hizkuntzari eta errepertorioari dagokionean. Dena kalitate onekoa izan dadila. Jendeak ere hori baloratu egiten du: bakar batekin ez zarela geratu ikustea, ez duzula beti musika bera jotzen, pena eman nahian, artea saldu beharrean. Nik artea eskaintzen dut, ez pena. Jendeari honakoa esaten diot kalean: «Jotzen ari naizena gustatzen bazaizu, ongi etorria da eman nahi didazun hori». Langile orok merezi du soldata. Baina ez penagatik; hori horrela balitz azokara joango nintzateke, eskua luzatu eta pena ematera. Nik artea eskaintzen dut, eta jendeak horrela ulertzen duelakoan nago.

Nolatan etorri zinen Azpeitira?
Garai txarrean etorri naiz hona, krisia dela eta. Hona ez nintzen musikarako ate baten bila etorri. Seme bat gaixo zegoelako etorri nintzen. Istorio oso luzea da, baina Madrilera joan behar izan genuen, eta ondoren Donostira joan ginen. Orain sendatuta dago gure semea, eta hemen gelditzea erabaki dugu. Han guztia saldu genuen. Aita batek ahal duen guztia egiten du bere semea salbatu ahal izateko. Semea oso ongi errekuperatu zen, miraria izan zen, izan ere, ez zeukan inongo aukera klinikorik salbatzeko. Oso pozik gaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide