Hamalau langile ditu egun Ikasi Mobelteknica enpresak. Erdia baino gehiago ama dira, eta bataz beste 33 urteko dituzte. Baina hori ez da berezitasun nagusia. Haien artean ez dago gizonezkorik, guztiak emakumeak dira. Duela bi urtetik da horrela egoera. Lehen nagusia soilik zen gizonezkoa, egungo kudeatzailearen, Nora Suduperen, aita. «Hura jubilatu zenetik emakumeak gelditu gara Ikasin» dio berak.
Sortu zenean, bulegoetako materialaz gain, mahai eta aulkiak ere saltzen zituen Ikasik. Baina gerora beste enpresa bat sortu, eta muntaia lana eskatzen zuen guztiaren ardura hark hartu zuen. «Aldaketa hori medio, muntaia enpresara gizonezkoak eraman ziren, eta Ikasin emakumezkoak soilik gelditu ziren; gizonezkoa nagusia bakarrik zen».
Politika berria
«Ez da hausnartu ostean hartutako erabakia. Horrela gertatu da», dio Uxoa Etxeberriak, marketin eta salmenta arduradunak. Sudupek kargua hartu zuenean, emakumeak soilik gelditu ziren enpresan. «Hori gertatu ondoren, langileak emakumezkoak soilik izatea enpresa politikatzat hartzea pentsatzen hasi ginen». Jende askok politika hori matxismoaren parekoa dela dio, Etxeberriaren arabera. «Guk ez dugu gizonezkoa baztertu nahi, inondik inora, baina Azkoitian gaude». Urola Bailaran eta Deba barrena inguruan, makina erremintan edo industrian oinarritutako enpresak nagusi direla gogorarazi du. «Zerbitzu enpresa oso gutxi daude inguru honetan. Jakin badakigu berdintasunak alde guztietan egon behar duela lana
lortu ahal izateko. Inguru honetan asko falta da, ordea.
Beraz, egin dezagun batzuk horren alde lan. Eskaintza berdinduko bagenu, are gehiago kostako litzaiguke koska hori gainditzea».
Horregatik erabaki zuten duela urtebete inguru Ikasin lan egin ahal izateko emakumea izatea baldintza gisa ezartzea. Horrez gain, enpresatako goi kargu oso gutxi egoten direla emakumeen esku gogorarazi dute. «Ni horrelako politika daukan enpresa batean nagoelako dut kargu hau. Beste enpresa batean lan egingo banu, bi urteko ume batekin ez lidakete honelako postu bat emango», esan du Etxeberriak.
Ikasiko produktuak erosteko asmoz deitzen dutenen %95 ere emakumezkoak direla ere jakinarazi dute, emakumeek jarduten dutelako, orokorrean, administrari gisa lanean. «Begira, zuen enpresan agian ezingo da emakume izanda horrelako postu bat eduki, baina bagaude horren alde egingo dugunak ere, adierazten diegu, nolabait esatearren». Sudupek ere bat egiten du ideia horrekin. «Azken finean, pertsona bakoitzak zenbat balio duen baloratu behar da, eta ez ama izango dela ala ez. Baja luze bat izan duen, edo lan orduak gutxiagotzea eskatu duen, hemen ez diogu horri erreparatzen; balio duenaren arabera neurtzen dugu langilea».
Enpresentzako laguntzak
Haurdunaldi bajen inguruko arauak badaude, baina enpresei ez dietela laguntzen gogorarazi du Sudupek. «Haurdunaldietan edo baja luzeetan eskubideak bermatzen dituen legea badago, baina enpresari ez zaio erraztasunik ematen hori egin ahal izateko, eta hori garrantzitsua izango litzateke, batez ere, krisi garaian». Etxeberriak ere enpresan esfortzu berezia eskatzen dela dio, eta administrazioetatik hori bermatzeko neurriak hartu beharko liratekeela nabarmendu du, horrela, eskubideak bermatu ahal izateko.
Lortzen dituzten irabazien ehuneko bat bularreko minbizia sendatzeko proiektu batera bideratzen dutela ere jakinarazi dute. Eta salduko ez dela aurreikusitako materiala, berriz, Afrika edo Hego Amerikako zenbait herrialdera bidaltzen dute gobernuz kanpoko erakundeen bidez.