Hilabete inguru barru martxan izango da Maxixatzen Euskara Elkartearen webgunea. Hala azaldu zuten bazkideen urteroko batzarrean, pasa den larunbatean. Karmen Irizarrek jakinarazi duenez, hogei lagun bildu ziren bertan. 2011 urtea nola joan zen azaltzeaz gain, urte honetarako zein asmo dauzkaten azaldu zituzten kideek. Hainbat aukera aztertu ondoren, 2012an ez dela aldizkaririk publikatuko zihurtatu dute, eta seguruenik ezta 2013an ere.
Webgunea prest daukatela jakinarazi du Irizarrek. Eta ataria kudeatzeko lagun bat behar dute. «Guk ordu libreetan heltzen diogu. Alde teknikoa eginda dago dagoeneko, baina egunean bi edo hiru orduz webgunea kudeatuko duen norbait aurkitu nahi dugu».
Egoera ekonomikoa aztertuta, aldizkaririk ezingo dutela atera ondorioztatu dute euskara elkarteakoek. «Ordu asko eskaini dizkiogu horri, datuak eta aldizkariaren hainbat formatu posible aztertu dugu, baina ez da posible izango ateratzea; ahalko balitz egingo genuke». Orain arte hilean behin buletina bidaltzen zieten Maxixatzeneko bazkideei, eta horrekin jarraituko dutela aurreratu du. «Buletinarekin segiko dugu, baina ez da aldizkaria. 500 bat pertsonari iristen zaio, bazkideei».
Batzarrari dagokionean, «nahiko jende gutxi» bertaratu bazen ere, «oso parte-hartzailea» izan zela jakinarazi du
Irizarrek. «Jende askok hitz egin zuen bileran, eta galdera asko egin zituzten. Norbaitek taldeko partaide egiteko prest dagoela
ere jakinarazi zuen». Parte-hartzaileek Interneteko atariaz jardun zuten, batez ere, Irizarren arabera. «Jendeari gustatu zaio webgunearen proiektua, baina paperezko aldizkaria ezin dela ahaztu nabarmendu dute».
Martxoan kultur astea
Mahai gainean jarritako beste puntu garrantzitsu bat, Maxixatzenek egiten dituen lanen ingurukoa da. Jendeak aldizkariarekin lotzen duela uste dute bazkide askok, nahiz eta gauza gehiago egiten dituen, eta hori nabarmendu beharraz hitz egin zuten. Horren adibide jarri du Irizarrek, iaz egin zuten herriko egoera soziolinguistikoaren ikerketa. Horrez gain, datorren martxoan kulturaldia antolatzeko asmotan direla ere gaineratu du Irizarrek, nahiz eta zehaztasunak aurrerago emango dituzten.