Jose Mari Soraluze Balentziaga Epelde trikiti-jotzailea hil da. Larunbat gauean, zehazki. Azkoitiko Martirieta auzoan, Muno baserrian, jaio zen duela ia mende bat; 1914an hain zuzen. Atzo 19:30ean izan zen bere aldeko hileta elizkizuna, Azkoitiko parrokian.
Familiatik zetorkion musikarako zaletasuna, aita dultzaineroa baitzuen, aitona bezalaxe. Garai hartan indarra hartzen ari zen tresna aukeratu zuen, ordea, Soraluzek: trikitia. «Dultzaina jotzeko asko putz egin behar zen», esan zion Xabier Gantzaraini Epelde, mende baten soinua liburua idazteko egin zion elkarrizketan. Panderoa jotzen ere ibili izan zen, baina hamasei urterekin anaiak esku soinua oparitu zionetik, horrekin ibili zen.
Anaia izan zuen panderoan lagun, baita Antonio Sudupe Egurrola ere, eta lehiaketa bat baino gehiagotara aurkeztu zen Manuel Arrizabalaga Izer-ekin, besteak beste. Hasiera batean Muno izenarekin ibiltzen zen plazetan, eta jendeak horrela ezagutzen zuen. Gero Epelde baserrira ezkondu zen, ordea, eta horrela deitzen hasi zitzaion jendea. Hala ere, zaharrenek Muno deitzen zioten.
«Infernuko auspoa»
Elizaren eragina oso indartsua zen Azkoitian XX. mende hasieran. «Mende hasierako Azkoitia horretan gizarte itxi bat ikusten da: elizak ikaragarrizko boterea du, dena menperatzen du ematen dituen arau eta egiten dituen sermoi zitalekin», adierazi zuen Gantzarainek, liburua aurkeztu zuenean. Azkoitian esku soinua eta dantza lotua debekatuta zeuden Epelde gaztea zen garaian. Hala ere, nola edo hala trikitia hartu eta erromeria bat baino gehiago ospatzen zituzten lagunek. Bergaran eta Elgoibarren ez zegoen debekatuta. Beraz, mugara joaten ziren askotan, erromeriak egitera. Honela dio liburuan Epelde-k: «Infernuko auspo-jotzailetzat ere hartu gaitu zenbait apaizek. Dirudienez, gaiztakeriarako edo, bidea jartzen omen genuen. Geroztik, gauzak ederki asko aldatu dira. Iaz, trikitilarien jaialdian, soinua jotzen zerua irabazten ari ginela ere esan zigun apaizak».
—————————————
Erreakzioak
Manuel Arrizabalaga Izer
Pandero-jotzailea
«Lehiaketatan ibili nintzen berarekin. Ez zeukan bikoterik, eta neuk bultzatu nuen parte hartzera. Hasieran ez zegoen seguru, baina gero berari gustatu zitzaion gehiena… Ederra jarri zen ba! Gizon bezala ona zen. Baserriko lanagatik ezin izan zuen trikitia gehiegi landu, baina koadrilan askotan ateratzen zuen trikitia».
Ramon Zubizarreta Landakanda
Pandero-jotzailea
«Pertsona jatorra eta atsegina zen, gozoa. Lehengo garaietako soinu-jotzailea zen, ona; neurri onena jotzen zuen eta Euskal Herriko Trikiti Txapelketara ere aurkeztu izan zen. Nik ez nuen inoiz berarekin jo. Bere seme Tomasekin, berriz, askotan ibili naiz».
«Muno baserrian jaio zen, eta hasieran Muno izenez ezagutzen zen. Gero Epelde baserrira ezkondu zen, eta handik aurrera Epelde izenarekin aritu zen. Ez zen asko irteten Martirieta auzotik, ordea. Baserriak horixe izaten du: han lana egin behar izaten da. Beraz, ez zen kanpora asko atera».