Udalak eta Azkoitiko baserritarrek elurra egiten duen egunetarako protokoloa hitzartu dute, arazoei aurre egin ahal izateko. Irailaren hasieran bildu ziren baserritarrak udaleko ordezkariekin, eta errepideetatik elurra kentzeko zerbitzua ez zela egokia ondorioztatu zuten, besteak beste.
Abenduaren 20an egindako bileran adostu zuten protokoloa Azkoitiko Udalak eta baserritarrek. Horri esker, zazpi baserritar arduratuko dira, beharrezkoa denean, baserri bideetatik elurra kentzeaz. Azkoitiko zenbait auzotako bizilagun asko baserrietan isolatuta gelditzen da elurte handiak egiten dituenean.
Obra, zerbitzu, eta baserrien zinegotzi Inaxio Gorosabelek adierazi duenez, iaz elurra kentzeko bi makina zeuden, eta aurten zazpi izango dira. Beraz, errepideak «azkarrago garbituko» dituztela adierazi du, baserritarrek «ahalik eta eragozpenik txikienak» izan ditzaten. Elurra kentzeaz arduratuko diren baserritarrek euren traktoreak egokituko dituzte lan horretarako. Beraz, eurak arduratuko dira baserrietarainoko bideak garbitzeaz. Eta Azkoitiko Udalak, bere aldetik, koordinazio lana egingo du.
Zenbait baserritan 60 tona gatz ere banatuko ditu Udalak. «Elurra egin bezperan errepideetan botatzeko gatza banatuko zaie baserritarrei. Gatz zakuak prest daude, eta laster izango dituzte etxeetan». Kaltetuak arduratuko direla gatza botatzeaz dio zinegotziak, baina «baserri altuenetan eta laiotzetan» bakarrik banatuko dute gatza. Izan ere, errepidean eta lurzoruan kalteak eragiten ditu.
Herrirako ere prestatuta
Herrian ere elurra egiten duenenerako hiru ibilgailu prestatu erabiliko dituzte kaleak garbitzeko. Espaloiak garbitzeaz, berriz, azpikontratatutako zerbitzu enpresa arduratuko dela eman dute jakitera udaletik. Elurte handien kasuetan, gainera, baserrietako zazpi makinak horretarako ere erabiliko liratekeela gaineratu du zinegotziak.
Aldundiarekin protokoloa
Azkoitia eta auzoak lotzen dituzten errepideak ere zazpi baserritar horiek garbituko dituztela onartu dute bi aldeek. Aldundiaren betebeharra da hori berez, baina errepide nagusiak garbitutakoan ekiten zioten bide horiek garbitzeari, eta baserritarrentzat beranduegi izaten da normalean. Negu honetarako aldundiarekin protokoloa adostea zuen helburu udalak, baina luzatu egin denez, datorren urterako adostu nahi dute. Artean, udalek eta baserritarrek hartu dute ardura beren gain. Gainera, Mendaroko lurretan dauden baserri batzutarainoko bideak ere garbituko dituzte, joan-etorrietarako bide nagusia Azkoitiko errepidea daukatenena, behinik behin.
————————————–
Garbitzeko ardurak
-Aitolazarra baserria (Madariaga). Olaso, Madariaga auzoko goiko aldea, eta Mendaroko bideak garbituko ditu.
-Aitube baserria (Urrategi). Aituberako bidea.
-Zabala baserria (Martirieta). Azkarate, Urrategirako eta aginagarako bidea.
-Aginaga baserria (Izarraitz). Urkiolegi eta Aginagako bideak.
-Agirrebasarte baserria. Kukuherri eta Martirietako bideak.
-Kortaxo baserria (Urrategi). Urrategirako bidea.
-Aritzederraga baserria (Elosua). Elosua, Aizpurutxo eta Antzuola alderako bidea.