Miriam Frances: “Ipuinak gazteen errealitatea nolakoa den erakusten du neurri batean”

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urt. 10a, 06:00

Bizenta Mogel ipuin lehiaketa irabazi du Miriam Francesek (Azkotia, 1989). Dioenez, beti gustatu izan zaio idatzea, baina aurrenengo aldia da txapelketa batean parte hartu duena. Aurrenengo postuan eskuratzea espero al zenuen? Egia esatea nahi baduzu, ez. Gainera, nahiko gauza azkarra izan da. Izan ere, amak Bizenta Mogel lehiaketa martxan zela esan zidan, eta parte hartzea proposatu. Egingo nuela eta egingo nuela esan, eta azkenengo astebukaera iritsi zitzaidan —astelehen batean aurkeztu behar zen ipuina—, eta saiatzea erabaki nuen. Astebukaera batean idatzi zenuen, beraz, ipuina. Bai, hala da. Ideia lehenagotik nuen buruan, aspalditik, eta gai horri buruz idazteko gogoa ere baneukan. Literatura lehiaketa batean parte hartu duzun lehen aldia al da? Bizenta Mogelera ipuin bat aurkeztu dudan lehen aldia izan da. Beste behin Iraurgi ipuin lehiaketan hartu nuen parte, baina eskolatik bideratuta. Hemezortzi bat urte izango nituen, eta orduan ere saria eskuratu nuen. Horregatik esan zidan amak Bizenta Mogelen izena emateko: «Aurrekoan ere irabazi zenuen, eta eman ezazu izena». Denbora libre apur bat badaukadanez, etxean gauzak idatzita ere baditut… Zein gai jorratu duzu ipuinean? Bihar ez da etzi du izenburua. Askotan esaten dugu «Bihar egingo dut hau, ama…». Bihar, bihar… beti bihar. Bihar bat, atzo izan zitekeen. Gazteok askotan ez dugu horretan [...]

Miriam Frances

Miriam Frances azkoitiarrak irabazi du Bizenta Mogel literatura lehiaketa

Bizenta Mogel ipuin lehiaketa irabazi du Miriam Francesek (Azkotia, 1989). Dioenez, beti gustatu izan zaio idatzea, baina aurrenengo aldia da txapelketa batean parte hartu duena.

Aurrenengo postuan eskuratzea espero al zenuen?
Egia esatea nahi baduzu, ez. Gainera, nahiko gauza azkarra izan da. Izan ere, amak Bizenta Mogel lehiaketa martxan zela esan zidan, eta parte hartzea proposatu. Egingo nuela eta egingo nuela esan, eta azkenengo astebukaera iritsi zitzaidan —astelehen batean aurkeztu behar zen ipuina—, eta saiatzea erabaki nuen.

Astebukaera batean idatzi zenuen, beraz, ipuina.
Bai, hala da. Ideia lehenagotik nuen buruan, aspalditik, eta gai horri buruz idazteko gogoa ere baneukan.

Literatura lehiaketa batean parte hartu duzun lehen aldia al da?
Bizenta Mogelera ipuin bat aurkeztu dudan lehen aldia izan da. Beste behin Iraurgi ipuin lehiaketan hartu nuen parte, baina eskolatik bideratuta. Hemezortzi bat urte izango nituen, eta orduan ere saria eskuratu nuen. Horregatik esan zidan amak Bizenta Mogelen izena emateko: «Aurrekoan ere irabazi zenuen, eta eman ezazu izena». Denbora libre apur bat badaukadanez, etxean gauzak idatzita ere baditut…

Zein gai jorratu duzu ipuinean?
Bihar ez da etzi du izenburua. Askotan esaten dugu «Bihar egingo dut hau, ama…». Bihar, bihar… beti bihar. Bihar bat, atzo izan zitekeen. Gazteok askotan ez dugu horretan pentsatzen. Hori azaldu nahi du ipuinak, neurri batean, baita izugarrizko aukera daukagula ere; bihar asko dauzkagu. Askotan ez ditugu aukerak aprobetxatzen, alferkeriagatik; eta batzuk nahiago izaten dute bakarrik egotea. Horrekin lotuta dago ipuina. Pertsonaiak ere nahiago du gelan bakarrik egon, porro bat erre… Bestela parrandara joaten zen. Droga kontuak ere aipatzen ditut istorioan. Mutila konorterik gabe gelditzen da, baina inguruko guztia entzuten du. Gainontzekoek ez dakite hori, eta lasai hitz egiten dute berari buruz. Gaizki dagoela, okertzen ari dela diote. Horren aurrean, damutzen hasten da, bizitza ez duela aprobetxatu pentsatzen. Arrebarekin ez du denbora asko igaro… Polita da gaia. Izan ere, gazteen errealitatea nolakoa den erakusten du neurri batean.

Drogen inguruan asko sakondu al duzu?
Ez. Horretan ia ez naiz sartu ere egin. Mutila egoera horretara iristeko erabili ditut: konorterik gabe gelditzen da, ezin du erakutsi entzuten ari dela, erantzun egin nahi du, eta orduan konturatzen da bizitzan beste zerbait egin nahi duena.

Zer edo zer idazten ari al zara orain?
Gauza txikiak idazten ditut normalean. Gure amak ere euskara asko lantzen du, euskaldun berria baita. Euskara azterketak ere egiten ditu, eta asko irakurtzen du. Harentzat ere idazten ditut gauza batzuk. Neuretzat ere bai, gordetzeko. Antzerki batzuk ere badauzkat idatzita, baina txikiak. Lagun batzurekin antzerkian ere ibiltzen naiz Bilbon, eta horretarako idatzi ditut batzuk.

Amak asko lagundu dizu, beraz.
Bai. Egia esan asko bultzatu nau honetara. Euskararekin oso burugogorra da. Ni jaio nintzenean oso gutxi zekien euskaraz, baina nirekin euskaraz egiten du.

Idazle gazteen egoera nola ikusten duzu?
Idazteko gaitasun handia duen jende asko dagoela uste dut. Azken finean eskolan oso ongi erakusten digute. Gai nera, hizkuntza aberatsa da gurea; ezin da esan hizkuntza zatarra denik. Gozatu egiten dut idaztean. Hitz asko dago, sinonimo asko… Hitz batzuk oso politak dauzka euskarak. Erraz idazten dut. Euskara gaztelania baino politagoa iruditzen zait idazterako orduan, baita irakurtzerakoan ere. Jendea gaztelaniaz irakurtzera ohituta dago, baina nire ustez politagoa da euskara. Ohituta nagoelako izango da, eskolan eta unibertsitatean dena euskaraz egin dudalako. Dena den, euskaraz idaztea ez da zaila, eta jende askok du gaitasuna. Baina liburu bat idazteak lan handia eskatzen du.

Inoiz pentsatu al duzu liburu bat idaztea?
Pentsatu izan dut noiz edo noiz. Gauza asko daude lantzeko modukoak, baina zaila izan behar du, hasieratik bukaera arte hari bati jarraitzea. Behin eta berriz irakurri behar… Baina ez dakit, ez dut ezer baztertzen. Idaztea gustatu egiten zait, eta ongi pasatzen dut horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide