Xabier Gantzarain: “Historia eta artea lotuko ditut”

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urt. 6a, 06:00

Tene Mujika beka irabazi du Xabier Gantzarain azkoitiarrak. Urtebete izango du aurkeztu duen lana osatzeko. Azken urteetako artea aztertuko du, baita historian izan duen eragina ere —eta alderantziz. Gogoratu du Euskal Herriko artista asko atzerrian baloratuagoak direla bertan baino, eta lanaren oinarri bat hori izango dela ere aurreratu du. Zein da aurkeztu duzun proiektua? Tene Mujika, Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko beka bat da. Orduan, nik aurkeztu dudan proiektua, gutxi-gorabehera, izango da arte plastikoetan nola azaltzen den, nola landu den, azken urteetan Euskal Herrian bizi izan duguna; hasi gatazkatik eta beste kontu askotara. Beraz, nire proiektua hori da, azkeneko urte hauei artearen aldetik begiratzea, eta alderantziz, arteari historiaren aldetik gertaerak nola jaso dituen. Artea eta historia lotuta baitaude. Horretarako, arte lan batzuen zerrenda egin dut, eta nire proposamena hori izan da, arte lan bat hartu, eta pixka bat aletzen joan, aztertzen joan, hor zer azaltzen den, zer lantzen den. Artista dezente daude, ez direnak agian oso ezagunak guretzat, eta proiektu honen beste alderdi bat hori da—alderdi didaktikoa—, horiek ezagutzera ematea, eta artistek zer ikuspegi daukaten Euskal Herrian gertatzen ari denaz eta bizi dugunaz. Gizarteak artean eta arteak gizartean daukan eragina aztertu nahi duzu beraz. Bai, eta baita, puskatzeko nolabait edo [...]

Tene Mujika beka irabazi du Xabier Gantzarain azkoitiarrak. Urtebete izango du aurkeztu duen lana osatzeko. Azken urteetako artea aztertuko du, baita historian izan duen eragina ere —eta alderantziz. Gogoratu du Euskal Herriko artista asko atzerrian baloratuagoak direla bertan baino, eta lanaren oinarri bat hori izango dela ere aurreratu du.

Zein da aurkeztu duzun proiektua?
Tene Mujika, Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko beka bat da. Orduan, nik aurkeztu dudan proiektua, gutxi-gorabehera, izango da arte plastikoetan nola azaltzen den, nola landu den, azken urteetan Euskal Herrian bizi izan duguna; hasi gatazkatik eta beste kontu askotara. Beraz, nire proiektua hori da, azkeneko urte hauei artearen aldetik begiratzea, eta alderantziz, arteari historiaren aldetik gertaerak nola jaso dituen. Artea eta historia lotuta baitaude. Horretarako, arte lan batzuen zerrenda egin dut, eta nire proposamena hori izan da, arte lan bat hartu, eta pixka bat aletzen joan, aztertzen joan, hor zer azaltzen den, zer lantzen den. Artista dezente daude, ez direnak agian oso ezagunak guretzat, eta proiektu honen beste alderdi bat hori da—alderdi didaktikoa—, horiek ezagutzera ematea, eta artistek zer ikuspegi daukaten Euskal Herrian gertatzen ari denaz eta bizi dugunaz.
Gizarteak artean eta arteak gizartean daukan eragina aztertu nahi duzu beraz.

Bai, eta baita, puskatzeko nolabait edo gure burutik kentzeko, oso sartuta daukagun uste bat. Hau da, Txillida, Oteiza eta garai hartako artisten lana ezagutzen dugu; era batera lotzen dugu Euskal Herriarekin, baita aldarrikapen batzuekin ere. Txillida eta Oteizaren lanak logotipo bihurtu dira, eta denok jan ditugu, baina ez dira ezagutzen hurrengo artistek egin dituzten lanak. Askotan kanpoan askoz ezagunago eta baloratuago dira geure artean baino.

Noiz hasiko zara lanean?
Proiektua aurkezteko lagin bat eskatzen dute, hamabost orrikoa. Beraz, proiektuarekin hasita nago. Egia esan, aurretik datorren kontu bat da. Azkenean hona aurkeztu naiz baina asmo hau edo kezka hau, pixka bat bazetorren aurretik. Berria-n ere, duela lau edo bost urte artearen inguruko zutabeak idatzi nituen, eta ordutik banekarren horren inguruan hitz egiteko gogoa. Han ere hasita nengoen gustatzen zitzaizkidan artista batzuen lanak azaltzen —ez zait gustatzen esplikatzen esatea, lana esplikatzea ez baita kontua—, baina bai hori azaltzea eta erakustea. Hortik zetorren ideia hau, eta gero azkenaldian, bizi dugun egoera berriarekin, ikusten nuen gauzak azkar ari zirela —ari direla— aldatzen, eta alderdi horretan, artearen alderdian, ikono aldetik eta maila sinbolikoan lan asko egiten den momentutik, esparru eremu inportante bat dela deritzot. Hortik hasi nintzen tiraka eta horrela osatu dut.

Lanarekin hasita nago, pixka bat eginda daukat, eta orain lanik handiena dena ondo ordenatzea izango da, metodologia egoki bat topatu eta lana izango dut; artistekin hitz egin gauzak kontrastatu, hemeroteketan ibili… Nik bilatu nahi dudana hori da azkenean; arte lan bat testuinguru batean jarri eta erakutsi artista batek nola egiten duen lana. Ez dela bere estudioan sartuta, kanpoko inongo eraginik gabe, lana egiten duen jenio artistiko bat. Askotan uste hori izan dugu, eta neuk ere bai garai batean, baina hori ez da horrela. Kanpoak eragin izugarria du, non bizi zaren, zer garaitan… dena sartzen da. Hori ere nahi nuen kontatzea, nola sortzen diren gauzak eta jendeak nola egiten duen lana.

Zein artista aukeratu dituzu?
Zerrenda ez daukat itxita, agian gero begira hasten naizenean, gehiago bururatuko zaizkidala esan nahi dut. Zumetari buruz hitz egingo dut eta bera izango da seguruenik zaharrena. Gustukoak ditudanak izango dira azken finean, ez da hainbeste adinagatik edo garai batekoak direlako. Batik bat gustukoak ditudalako eta beraien lana oso nteresgarria dela iruditzen zaidalako. Behin-behineko zerrendan sartu ditudanak Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa eta Saioa Olmo dira, besteak beste.

Aspalditik al zeneukan hona aurkeztea pentsatuta?
Ideia horrekin aspalditik nenbilen, baina askotan gertatzen den bezala, ikusten nuen aukera hau neure burua behartzeko zela ona.  Bestela hor izango nuen ideia bueltaka, informazioa biltzen ibiliko nintzen, eta ordenagailuko karpeta bat dokumentuz beteta izango nuen, baina hortxe lagako nuen. Beraz, neure buruari esateko zen, «honekin zerbait egin behar dut eta aurrera».

Nola pentsatu duzu azterketa egitea?
Ez dut uste garaika landuko dudanik. Oraindik ez dut erabaki nola egingo dudan. Nire hasierako asmoa, eta momentuan daukadana, obraka joatea da. Hau da, arte lan bat hartu eta hori aztertzea. Lan bat hartu eta horren inguruko azterketa bat egingo dut.

Bekarako aurkeztu nuen laginean, adibidez, Igor Aranberrik 2000. urte inguruan egin nahi izan zuenaz idatzi nuen. Suzko erroberak bota nahi izan zituen Lemoizko zentral nuklearraren gainean. 1998, Lizarra-Garazi… beste garai bat zen, zerbait bukatzen zela ematen zuen… Horrez gain, 2000 urtean milurteko berria, ordenagailuak zoratu egingo zirela… Hori dena zegoen, eta orduan horrelako proposamen bat egin zuen. Lemoiz ez da toki neutro bat, karga sinbolikoz beteta dago. Atzean daukana da, urteetako borroka, ETAk hildako jendea, Guardia Zibilak hildako jendea, mila manifestazio… Garai oso bat, Euskal Herrian izan zen debate potolo bat. Lan horri tiraka beste gauza asko atera daitezke, eta nire asmoa bada hori ere. Lan batzuk ematen dute ia liburu bat egiteko adina. Zumetak marraztu zuen Gernikarekin liburu bat egin daiteke, adibidez, baina gai asko ikutu nahi ditut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide