Udal gobernuak herritarrekin batzarra egin zuen pasa den astean, Azkoitiko Udalaren kudeaketa oso-osorik azaltzeko, kudeaketa ekonomikoa, bereziki. Zinegotziek eta teknikariek eman zuten guztiaren berri, eta ehun lagun inguru bildu ziren. Saioaren amaieran galderak egiteko aukera izan zuten herritarrek.
Udalak urtea ia hamabi milioi euroko zorrarekin amaitu duela jakinarazi zuten bertan, baita desoreka hori nola sortu den ere. 2012ko aurrekontuen zirriborroa nola osatu duten ere erakutsi zuten. Guztira, 12.494.000 euroko aurrekontua izango du Azkoitiko Udalak. Horrekin batera, 2011ko likidazioa soberakinekin amaitzea espero dela jakinarazi zuten. Hori hala, «zorrari buelta ematen hasteko» asmoak azaldu zituzten bertan. «Egoera zaila» ikusita, aurrekontuak superabitarekin onartzea aurreikusi dute, egoerari irtenbidea «apurka» emateko asmoz. Hori guztia kontuan hartuta, helburua gastuak murriztea izan dela azaldu dute. «Dena den, udal gobernuak beti izan du garbi beti garbi herritarren ongizatea bermatu behar dela», adierazi zuten ordezkariek. Baita gutxien dutenengana iristeko «ahalegin berezia» egin dutela ere.
Udalbatzarreko erabakiak
Azkoitiko Napar Zuzterrak taldeak eta Egin Dezagun Bidea ekimenak mozio bana aurkeztu zuten udalbatzarrean.
Napar Zuzterrak taldeak Nafarroako konkistaren inguruko testua aurkeztu zuen. Hau dio, besteak beste, idatziak: «Honakoa adierazi nahi dugu: gure nortasuna euskalduna dela, gure hizkuntza eta kultura diren bezala, gure presentzia mundu zabalean nafar erreinuaren bitartez bakarrik gauzatu dela». Bilduk eta EAJk mozioaren alde bozkatu zuten. Jeltzaleek datu historiko batzuk egiaztatu behar zirela adierazi zuten, baina «oinarrian ados» zeudela. Beraz, aldeko botoa eman zuten. Azkoitia Bai abstenitu egin zen, eta PSE-EEko ordezkariak ez zuen sinesgarritzat jo testua. Beraz, haren aurka egin zuen.
Euskal presoen eskubideen aldeko mozioaren alde Bilduk eta Azkoitia Baik egin zuten; EAJk eta PSE-EEk, berriz, aurka. Azkoitia Baik proposatuta, aldaketa bat izan zuen mozioak. EAJk ez zela testu bateratu bat osatzeko prozesu egokia erabili adierazi zuen, eta emendakina aurkeztu zuen, baina ez zen aurrera atera.
Hona onartu zen mozioa: «Udal honek, bizi dugun aukera historikoaren aurrean, euskal preso politikoen eskubideen errespetua eskatzen du; besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien euskal herriratzea; gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea, eta zigorra beteta dutenen askatzea. Udal honek, datorren urtarrilaren 7an euskal preso politikoen eskubideen alde burutuko den manifestaldiarekin bat egiten du. Herritarrei deialdi zabal bat eta anitza luzatu nahi diegu, ezberdintasun politiko guztien gainetik, giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun».