Urola Erdiko Udal Elkarteak hondakin bilketaren maiztasunaren gainean hainbat neurri hartuko du, kostua %15 jaisteko. Neurriek Aizarnazabal, Azkoitia,
Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoari eragingo
diote. Zabor biltze maiztasuna aldatuko da herri horietan guztietan, zehazki.
Urola Erdiko Udal Elkarteko arduradunek diotenez, neurriak hartzeko arrazoi nagusia krisi ekonomikoa da. «Ezinbestekoa da neurriak hartzea», aitortu dute. Hartzekoak dituzten neurriekin zaborra biltzearen kostua %15 jaistea aurreikusi dute. Hala esan du udal elkarteko lehendakariak, Leire Etxanizek.
Krisia eta kontzientzia
Arrazoi ekonomikoari kontzientzia arazoa ere gehitu behar zaiola adierazi dute Urola Erdiko Udal Elkarteko arduradunek. «Zaborra norbanako bakoitzaren arazoa da. Hondakinak ondo sailkatuta, ez da beharrekoa zaborra egunero ateratzea.Hondakinak egunero bildu beharra sailkapena ongi egiten ez den erakusle da». Zabortegietan hondakinak isurtzeagatik ordaintzen diren tasak urtetik urtera altuagoak direla jakinarazi dute udal elkarteko arduradunek. «Beraz, ezinbestekoa da hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea. Era horretan zabor askoz gutxiago sortuko dugu, eta ondorioz, bildu beharrekoagatik ere gutxiago ordaindu beharko dugu».
Gabonetan hondakin kopurua gehitu egiten dela eta, aholku batzuk eman dituzte udal elkarteko arduradunek. Besteak beste hauek dira: «Gabonetako oparien paper eta plastikoak edukiontzi egokian uztea; behar ez den objekturik ez erostea; plastikozko plater eta edalontziak ez erabiltzea; ontziratutako produktuak erostea saihestea; soltean erostea; eta produktuen bizitza luzatzea».
Urola Erdiko Udal Elkartearen neurriak
Edukiontzi grisak
Azkoitia eta Zestoa. Asteazken eta igandetan ez dute zaborrik jasoko. Ezta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ere.
Azpeitia. Igandetan ez da zaborrik jasoko.
Beizama. Lehen hirutan jasotzen zen zaborra, eta aurrerantzean astean bitan jasoko dute.
Aizarnazabal, Bidegoian eta Errezil. Oraingoz ez dute aldaketarik egingo, eta astean hirutan bilduko dute.
komertzioetako kartoia
Azkoitia, Zestoa eta Aizarnazabal. Orain arte astean sei egunetan jasotzen zuten kartoia. Aurrerantzean, astean bi egunetan jasoko dute; astelehenetan eta ostegunetan.