Gero eta gutxiago direla dirudi, baina oraindik ere ezin esan baserriak desagertzeko zorian daudenik. Hutsik daude asko, baina artean 320tik gorakoa da Azkoitiko lurretan dauden baserrien kopurua. Iñaki Garciak guztiak gorde nahi ditu, eta abuztuan ekin zion lanari. Dagoeneko 300 kilometrotik gora egin du,
eta 280 baserri baino gehiagori atera dizkio argazkiak. Gainontzekoei ere ateratzeko asmoa daukala aurreratu du. «Ez zaizkit asko falta, baina badira, adibidez, izen bereko bi baserri; berria eta zaharra, alegia».
Iñakik dendako erakusleihoan dauzka baserri askoren argazkiak. Bata bestearen ondoan, bakoitzari bere izena jarrita, saio ederra egin lezake edonork, aspertu gabe hara begira.
«Lan hau egin gabe zegoela ikusi nuen, eta Azkoitiko baserri guztiei argazkiak ateratzea erabaki genuen». Sanandresetarako erakusleihoa nola atondu pentsatzen hasi zirenean bururatu zitzaien baserri guztiei argazkiak ateratzea. «Azkoitiko zerbait tipikoa jarri beharra zegoen, eta baserriak hala direnez, horixe egitea erabaki genuen. Abuztuan hasi ginen, eta ordutik horretan ari gara». «Oso ezkutuan» dauden baserriei argazkiak ateratzen ari direla dio. Izan ere, iristea «ia ezinezkoa den tokietan daude baserri batzuk». Behin, baserri batera bidean autoa ez aurrera eta ez atzera gelditu zitzaiola gogoratu du. «Gero esan zidaten Urretxuko bide batetik bueltan joan behar zela».
«Intentzio onenarekin»
Baserri batera joan izan den bakoitzean, bertakoei baimena eskatu die argazkia atera aurretik, asmoa zein zen azalduta. Baserritarrak «zoragarri» portatu direla dio: «Oso jator, zintzo. Autoak ere kendu izan dizkidate argazkirako». Inor ez baldin bazen baserrian, argazkia zuela ere jakinarazi du, «beti ere intentzio onenarekin». «Inori kalterik egiteko asmorik gabe ari naiz. Baten bat haserretu baldin bada, nire asmoa ez da hori izan. Horixe esango nioke».
Denetariko baserriak daudela dio berak: «oso zaharrak, sarrera ikuilutik dutenak, baita berriak ere. Azken horiek kasu askotan ez dira baserriak; txaletak direla esango nuke, baina oso politak dira, diseinu ikaragarriekin». Utzitako baserriak ere badaudela dio, «izugarrizko pena» ematen dutenak, «egun dagoen egoerarekin, gainera». «Balioa ematen ez dakigun erlikia handia daukagula Euskal Herrian». Lanarekin horixe ikasi duela dio.
Argazki liburua
«Kronista batek liburu bat argitaratzeko proposamena ere egin dit». Testuak berak egingo zituela esan zion, baserriz baserri informazioa bilduz. «Nik esan nion ez daukadala denborarik. Argazkiak aterako ditut baina testuetarako ez dut balio». Hala ere, oraindik ideia baino ez denez, ez du gerta litekeenaz jardun nahi izan. «Lan handia eskatzen du horrek guztiak».