Disko berria atera du Jesus Sudupe Patta-k, talde berriarekin, Patta ta Sendaezinekin. Urteetan etxean kantak egiten jardun ondoren, duela pare bat urte berpiztu zuen Direccion Obligatoria taldea. Orain proiektu berri honekin dator, eta «oso gustura»
agertu da talearekin zein diskarekin.
Urte asko dira musikan ibili zinela. Egia al da musikariak ez direla erretiratzen?
Nahiko utzita eduki nuen, baina sekula ez naiz zeharo ahaztu musikarekin; hor izan dut beti. Taldeetako kide izan ez naizenetan ere etxean egin ditut kantak, gitarrarekin, ordenagailuaren laguntzarekin… Beti egin izan ditut kantuak. Jotakien taldearen hasieran, lehenengo urteetan, oraindik J.kie idazten zenean. Aurrenengo diska argitaratu baino lehen utzi nuen taldea, diferentzi abatzuk zirela-eta. Ondoren, baxuarekin eta J.kieren aurrenengo bateria-jotzailearekin, Juan Manuel Apariciorekin, Direccion Obligatoria sortu nuen. 30 bat urte nituela bukatu genuen talde horrekin. 1980ko hamarkadan jardun genuen taldearekin, batez ere.
Duela hogei urte baino gehiagotik niretzako kantak egiten eta letrak idazten jardun dut etxean. Ondoren, Direccion Obligatoriako kantak berpizteko momentua iritsi zen. Baina ordurako euskarazko letrak egiten hasita nengoen, eta bi gauzak batera atera nahi nituen, gaztelaniazko kanta zaharrak eta euskarazko berriak. Beraz, Direccion Obligatoria bezala jotzen hasi ginen. Aparicioren osasun arazo batzuen eraginez, ibilbidea amaitu behar izan genuen. Orduan, euskarazko kanta gehiago egitea pentsatu nuen, poliki-poliki, eta Patta ta Sendaezinak sortu genuen.
Nork osatzen duzue talde berria?
Luciano Martin Luka baxu-jotzaileak—beti egon da nirekin—, Iker Arrazola bateria-jotzaile azpeitiarrak, Itziar Beitia teklista azkoitiarrak, Iñigo Aranbarri tronpa azkoitiarrak —nire iloba—, eta bostok osatzen dugu Patta ta Sendaezinak. Momentuan horiek gaude taldean, eta diskoan Olatz Praten laguntza izan dugu. Joxemai beltza abestian ahots nagusia berea da.
Euskaraz «libre eta eroso» sentitzen zarela esan izan duzu.
Bai, ni oso gustura nago. Direccioneko garai hartan niri asko gustatzen zitzaidan Madrileko popa, han zeuden taldeak. Musika erdaldun asko entzuten nuen. Gerora, bizitzak finkatu egiten zaituBeti erabili izan dut euskara, kantak egiteko ez, baina erabiltzen hasi, eta oso gustura sentitzen nintzen. Juan Luis Zabala Pipi-k ere egin dizkit letra batzuk. Xabier Bordaren letra batzuk ere erabili ditut. Orain oso ongi sentitzen naiz horrela.
Zeureak al dira kanta guztiak?
Bai, baina, azken finean, entsegu lokalera joaten zarenean amaitzen duzu kanta. Taldearen ekarpenek erritmo jakin bat ematen dio kantaro, sonoritate bat. Kantua janzten du, eta normalean gorantz egiten du horrekin.
Gustura al zaude diskoarekin?
Bai. Estiloa gustatu ala ez, diskoa ongi dago, nire ustez. Aitortu egin behar da. Soinu ona du, eta ongi grabatuta dago. Lan ona da, kontentu nago estudioarekin. Bederatzi egunean grabatu genuen. Lan eta lan jardun genuen. Denok gaude gustura diskarekin.
Ari al zarete kontzertuak ematen?
Hor daukagu arantza handiena sartuta. Izan ere, ez dugu mugimendu handiegirik ikusten. Beti fijo batzuk jotzen dute. Zaila dago hor burua sartu eta emanaldiak edukitzea.