Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek autodefentsa ikastaroa antolatu dute gabon garairako. Maitena Monroyk emango du, eta hilaren 28, 29 eta 30ean izango dira saioak, Elkargunean. Izena emateko epea abenduaren 23an amaituko da, eta udaleko gizarte zerbitzuetan (943-85 71 74) zein Gazte Informazio Bulegoan (943-02 60 27) egin daiteke. Urte guztian eman ditu ikastaroak Monroyk. «Ez dut gehiago eman, denborarik ez dudalako izan», dio.
Nori dago zuzenduta bereziki ikastaroa?
Emakumeei, emakume guztiei; ez dago inolako zehaztasun edo berezitasunik. Parte hartu nahi duen orok eman dezake izena. Hori bai, gutxieneko adina jari dugu, hamalau urtekoa. Edukiak hobeto ulertzea da helburua. Horrez gain, ez dago bestelako ezaugarririk behar.
Zer egiten duzue ikastaroan?
Indarkeria sexista zer den zehazten saiatzen gara. Izan ere, gaur egun badago halako nahaste bat erabiltzen diren terminoetan. Beraz, indarkeria aztertzen dugu; maila sinbolikoan, egiturazkoan eta plastikoan zein espresio dauden ere bai. Emakumeentzako horrek guztiak zein eragin duen ere ondorioztatzen dugu. Emakumeen eskubideekiko zein kontrol elementu dauden, alegia. Hortik aurrera, indarkeria indibidualari zein kolektiboari aurre egiten irakasten ere saiatzen gara. Helburua, gehienbat, indarkeriaren muina lantzea da, errotik suntsitzeko.
Normaltzat jotzen diren, baina sexistak diren zein ekintza jarriko zenituzke adibide moduan?
Sexismoak sutilagoa izaten ikasi du. Ez da duela 20 urte bezain esplizitua. Izan ere, orduan lanpostuei zegokienean, adibidez, emakumea zinelako ez zintuztela hartuko esaten zizuten. Orain ez dute horrela esaten, beste era batera baizik; modu sutilagoan, baina gauza bera esaten dute.
Indarkeria sexista taberna batean erasotzea da, adibidez. Maila baxuko indarkeria deitzen diogu horri, baina emakumeen konfiantzan edo autoestimuan eragin handia dauka. Aurrenengo mailako biztanleak izatea, hori lortu nahi da; inongo beldurrik ez duten herritarrak izatea.
Gisa honetako ikastaroen behar handia ikusten al duzu?
Gero eta handiagoa. Sexismoa sutila bihurtu den heinean, agerian uztea oso beharrezkoa ikusten dut. Kurtso hauek beharrezkoak direlakoan nago. Izen eta abizenak jarri behar zaizkien gizonezkoek gauzatzen dituzte eraso sexistak, eta, gainera, hori guztia bermatzen duen kulturan bizi gara.
Ikastaro asko ematen al dituzu?
Bai. Datorren urte guztia beteta daukat. Gero eta eskari handiagoa dago. Urte asko dira emakumeok estigma pasiboa apurtu duguna, eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan protagonista izan nahi dugu, «nahikoa da» esanez.