Azkoitiko EAJk «egoera ekonomikoaren inguruko eztabaida publikora» deitu du Pello Baztarrika alkatea (Bildu). Bilduk kudeaketarekin «azkoitiarrak engainatu nahi izan» dituela uste dute EAJko kideek, «kudeaketarako gaitasun eza ezkutatu nahian». Horren aurrean hainbat gairen inguruko azalpena eman, eta Bilduri «kudeatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasun eza ez ezkutatzeko» eskatu diote, baita «ardurak besteei ez pasatzeko» ere.
Zorraren inguruan ez dagoela «ezusterik» esan dute EAJko zinegotziek. «Udalaren zorra publikoa da. Urte bukaeran 10,2 milioi eurokoa izango da. Horrez gain, Aldundiari Gipuzkoako udalerri guztien proportzio bera gehitu beharko zaio». Gaur egungo zinegotziek ez dutela erabakirik hartzen salatu dute. «Aurreko legealdiko ezker abertzaleko zinegotziak guztiaren jakitun izan beharko lukete, Udalaren proposamen ekonomikoak, batzordeetan eta ondoren plenoetan onartu baitziren. Bildurekin egin ditugun bileretan ikusi dugu, oraindik zinegotzi hauek dira erabakiak hartzen dituztenak».
Zorra «inbertsiorako» erabili dela nabarmendu dute, inoiz ez gastu arrunterako. Horren adibide Elkargunea, Txalon Erreka, Insausti eta Ezenarro-Oinartxo jarri dituzte. Eta gai horien inguruan gaizki zer iruditzen zaien galdetu dute. Elkargunea, aurreko kiroldegia baino merkeagoa izatea lortu zela diote. Kanpoko igerilekuen aurka al dauden ere galdetu diote Bilduri, «bi urtean 80.000 erabiltzaile izan dituela jakinda». Insaustiko lurren %50 Udalaren eta Aldundiaren artean erosi zirela gogorarazi dute. Eremu hori esku pribatuetan gelditzea nahiago al duen galdetu diote Bilduri.
Zorpetze muga legalean
Aurreko Udal Gobernuak lau urterako plan ekonomikoa aurkeztu, eta Aldundiak onartu egin zuela gogorarazi dute EAJtik. Honako erabakiak hartu zituztela diote: «Krisi garai gordinean gastu soziala mantentzea; gastu arruntaren doitzea; lana eta aberastasuna sortzen duten partidak mantentzea; eta inbertsioetarako kanpo finantziazioa lortzea —32,0 milioi euro—». Horrez gain, legezko zorpetze maila %25ekoa dela gogorarazi dute, eta Azkoitiko Udala %18an dagoela.
Europa osoa krisian da 2008tik; hala adierazi dute. Hala ere, «2010ean Azkoitiko Udalak, gastuak murriztu eta sarrerak hobetuz, 1,3milioi euroko soberakina lortu» zuela diote. «Soberakin horretatik 150.000 Bilduren udal gobernuak duela hilabete aplikatu zituen. Berriro ere herritarrak engainatu nahi izan dituzte soberakina zero izan dela esanez».
Zorraz gain, defizita ere kontuan hartu behar dela gogoratu dute EAJkoek, «are garrantzitsuagoa» delakoan. Sarrerak gastuen gainetik egotea garrantzitsua dela uste dute. «Azkoitiko Udalean EAJ egon den bitartean izan duen egoera, alegia». Egoera hori «erabakiak hartuta» lortzen dela adierazi dute. Erabakirik ez hartu izana aurpegiratu diote Bilduri. Gainera, ekainean Aldundiak sarreren 700.000 euroko jaitsiera aurreikusten zuela azaldu zionean Udal Gobernuari, «ezer ez» zuela egin diote.
Bilduren ekonomia politika
«Inork ez daki Bilduren ekonomia politika zein den, eta inork ez du jakingo», diote. «Bilerak egiteagatik eginez, erabakiak hartzeko gaitasun eza disimulatu nahi dute. Herri ordezkari diren heinean, erabakiak hartzeko daude hor».