Denboraldi borobila egin ari da Anaitasuna Futbol Elkarteko talde nagusia. Aurrenengo postuan daramatza zazpi aste, eta hamahiru partidatatik ez du bakar bat ere galdu. Oraindik aurrenengo itzulia amaitu ez den arren, ezin ukatu ongi doanik, eta hankak lurrean dauzkaten arren, gero eta gertuago ikusten dute hirugarren mailarako txartela eskuratzea. Egoera hori fruituak ematen ere ari da, besteak beste afizioaerantzunarekin antzematen da hori; izan ere, Txerloira gero eta jende gehiago joaten da partiduak ikustera.
Talde nagusiaren balorazioa eskatuta, «hobea ezin» dela erantzun du Javier Zubizarreta Futbol Taldeko lehendakariak. «Sailkapenean aurrena joatea eta partidarik galdu gabe egoteak sentsazio oso ona ematen du». Hala ere, aurreko urtean hori ezagutu zutela gogorarazi du. Lehendakaria zuhur dabilela nabari daiteke; izan ere, iaz aurrenengo itzulia amaitutakoan lehenengo postuan zeuden, baina azkenerako bosgarrengoarekin konformatu behar izan zuten. «Horrek kezka piska bat sortzen du, eta kezka horrek oraindik eta konstanteago izatera motibatzen gaitu. Ezin gara konfiatu, eta jarraitu egin behar dugu lortu arte, hirugarren mailara igotzea». Oraindik ezin dela zelebrazioak egiten hasi dioen arren, bide onetik doazela gogoratu du. «Badakigu inor baino gutxiago ez garela, eta konstantzia apur batekin, ea lortzen dugun». Aitor Arrate, taldeko entrenatzaileak ere garbi dauka hori dela helburua, hirugaren mailara iristea, «baina esperantza daukagu lehenengo postuagatik borrokan egitea».
Taldearen giroan antzematen dela diote bai zuzendariak eta baita entrenatzaileak ere. «Entrenatzaile berria ekartzen denean beti egoten da dudatxoren bat nolakoa izango ote den. Nik uste Aitor Arraterekin eta bere laguntzaileekin taldeak bat egin duela, lana ongi egiten ari direla. Gainera, fruituak ematen ere ari da» dio lehendakariak. Arratek berak ere badio taldearekin gustora dagoela. «Gauzak oso ongi ari dira irteten eta jendea ere oso inplikatuta dago, beraz, denak gustora gaude. Iritsi nintzenetik daude oso inplikatuta; bai jokalariak eta bai zuzendaritza».
Taldea indartsu hartu zuen Arratek, bere esanetan. «Lau fitxaje sartu ditugu, eta horrekin eta iazko basearekin, abuzturako ikusten zen taldea indartsu zegoela». Ongi joateko esperantza bazeukatela dio, baina «agian, ez hain ondo. Hasieratik aurretik joatea ez genuen espero».
Bi urte pasatxo daramatza zuzendaritzan egungo taldeak, eta Zubizarretak gogoratzen duen moduan, aurrenengo urtean «galdu zuen kategoria berreskuratzea» izan zen helburua. «Bigarren denboraldian maila nola zegoen ikustea nahi genuen, baina hasierako emaitza on horiekin, sinisten ere hasi ginen hirugarren mailarekin».
Gainontzeko taldeen egoera
Hamar talde daude guztira Anaitasunan, eta gainontzeko bederatziak, «orokorrean ondo» dihoazela gogoratu du lehedakariak. Bigaren taldea bigarren postuan dago, beraz, gustora daude zuzendaritzatik. Jubenilei dagokionean, «maila zailean dabiltza, eta partidarik galdu ez duten arren, gehienak enpatatu egin dituzte». Kadete mailan oso ondo ez dabiltzan arren, bigarren itzulian kategoriari eusteko esperantzarekin da Zubizarreta. Jubenilen beste taldea ere atzeko postuetan den arren, «hobetzen» ari dira. Infantilei dagokionean «oso ongi» daude, Alebinak bezala. Nesken taldeei dagokionean, helduak «larri» dabiltza, eta kadetekoak «berea egiten»
Egoera ekonomikoa
«Hil edo biziko garrantzia» eman dio lehendakariak, duela bi urte Futbol Taldeak Udalarekin egin zuen hitzarmenari. «Oraingo Udalak hori errespetatzea nahi dugu; izan ere, baldintza hori bete ez balitz zuzendaritzan sartu ginenean, ez ginateke orain gauden tokian egongo». Hitzaremeneko puntu garrantzitsu bat laguntza ekonomikoarena da. «Konsziente gara krisi garaian gaudela, duela bi urte ere bazegoen, eta oduan baloratu gintuzten bezala baloratzea nahiko genuke» dio lehendakariak. Hitzarmen hori haustea, «aulkiak goitik behera erortzea» izango litzatekeela dio.