«Ez daukat astirik proiektu handietan murgiltzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko abe. 8a, 10:25

Zabaleko txorimaloa liburua argitaratu berri du Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963). Semeari gauetan kontatzen zizkion ipuinak oinarri hartuta idatzi du. Zortzi urtetik gorakoentzako argitaratu dute, nahiz eta hasiera batean zaharragokoentzat idatzi zuen. Aurrenengo aldia duzu haurrentzako literatura egiten duzuna. Zer moduzkoa izan da? Lehenago aterata dauzkat beste bi liburu, gazteentzako. Hau ere nik ez dut ume-umeentzako ikusten. Ez dut oso garbi ikusten zein adinetarakoentzako modukoa den. Aurreko bi haiek ez ziren umeentzako, eta hau ere, berez, ez da umeei zuzendutakoa. Adin handiagokoentzat zela pentsatzen nuen nik, baina argitaletxeak zortzi urtetik gorakoentzat ikusi du egokia. Horrez gain, argitaratu ez baditut ere, idatzi ditut ume txikiagoentzako ipuinak ere. Poliki-poliki, gero eta gazteagoentzat idazten ari naiz [kar kar]. Haurrentzat idazterakoak beste modu batera egiten al duzu lan? Besteak ez, baina hau semeari gauetan ipuinak kontatzen nizkionean sortutakoa da. Semeak oraindik hizketan ez zekiela, bi urte egin baino lehen kontatzen nizkion ipuinetatik sortu da hau. Berak entzute aldera kontatzen nizkion, ulertu gabe. Beraz, nahiko librea zela esan liteke. Horrela sortu zen ipuin hau. Behin modu batera kontatzen nion, gero bestera, eta, nolabait, horren ondoren, denei forma emanda sortutako ipuina da. Gero egin ditut beste batzuk, semea ulertzen hasi zen garaian, hari zuzenago kontatuz. Kasu [...]


Zabaleko txorimaloa liburua argitaratu berri du Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963). Semeari gauetan kontatzen zizkion ipuinak oinarri hartuta idatzi du. Zortzi urtetik gorakoentzako argitaratu dute, nahiz eta hasiera batean zaharragokoentzat idatzi zuen.
Aurrenengo aldia duzu haurrentzako literatura egiten duzuna. Zer moduzkoa izan da?
Lehenago aterata dauzkat beste bi liburu, gazteentzako. Hau ere nik ez dut ume-umeentzako ikusten. Ez dut oso garbi ikusten zein adinetarakoentzako modukoa den. Aurreko bi haiek ez ziren umeentzako, eta hau ere, berez, ez da umeei zuzendutakoa. Adin handiagokoentzat zela pentsatzen nuen nik, baina argitaletxeak zortzi urtetik gorakoentzat ikusi du egokia. Horrez gain, argitaratu ez baditut ere, idatzi ditut ume txikiagoentzako ipuinak ere. Poliki-poliki, gero eta gazteagoentzat idazten ari naiz [kar kar].
Haurrentzat idazterakoak beste modu batera egiten al duzu lan?
Besteak ez, baina hau semeari gauetan ipuinak kontatzen nizkionean sortutakoa da. Semeak oraindik hizketan ez zekiela, bi urte egin baino lehen kontatzen nizkion ipuinetatik sortu da hau. Berak entzute aldera kontatzen nizkion, ulertu gabe. Beraz, nahiko librea zela esan liteke. Horrela sortu zen ipuin hau. Behin modu batera kontatzen nion, gero bestera, eta, nolabait, horren ondoren, denei forma emanda sortutako ipuina da.
Gero egin ditut beste batzuk, semea ulertzen hasi zen garaian, hari zuzenago kontatuz. Kasu horretan ez zen zerbait entzuteko bakarrik, aita zerbait kontatzen ari zela konturatzeko; berak ulertzeko moduan egindako ipuinak dira. Ume txikiagoentzako ipuinak izango lirateke horiek, lau urte ingurukoentzako egokiak, hain zuzen.
Bi arrazoirengatik egin dut liburu hau. Batetik, asti handiegirik ez daukadalako proiektu handietan murgiltzeko; nobela batean-edo. Bestetik, semeari kontatzen hasitako gauzak ipuin bihurtu nahi izan ditudalako. Hau horrela sortu zen, eta eginda dauzkadan beste batzuk ere horrela sortu ziren.
Azkoitiko Zabale baserriarekin zerikusirik ba al du liburukoak?
Nire jaiotetxe alboko baserriak Zabale du izena, baina ez dauka zerikusirik horrekin. Izena hartu dut. Ipuineko haurraren etxetik gertu dago baserri hori, baina umeak ez du baserria ezagutzen. Nik Zabale ezagutzen nuen; esnetara joaten nintzen garai batean, marmita hartuta. Niretzako Zabale hori da, baserri bat aipatu eta izen horixe etortzen zait burura. Izena bera ere polita da; ikuspegi zabalaren irudia ematen du. Nik uste ipuineko ume honi ere Zabale ikusi eta mundu bat zabaltzen zaiola txorimalo horrekin. Beraz, izena hartu dut, gehienbat, Zabale baserritik. Ipuineko baserriak ez dauka zerikusirik benetako Zabale-rekin, eta pertsonaia guztiak asmatutakoak dira. Gainera ez naiz oroitzen txorimalorik zenik Zabalen. Agian egongo zen, baina ni ez naiz oroitzen behintzat.
Iker mutikoaren istorioa kontatzen da liburuan.
Iker nerabe oso lotsatia da. Kosta egiten zaio lagunekin erlazionatzea. Maider izeneko neska bat dago eskolan, eta poliki-poliki maitemindu egiten da; bederatzi urterekin maitemindu daitekeen moduan, jakina. Orduan, gehiago lotsatzen da oraindik. Ez daki zer egin, ez daki zer esan. Lagunekin nola jokatu zalantzan du. Etxean ere ez dauka laguntza handiegirik horretarako, amak ez baitio kasu handiegirik egiten. Beraz, txorimaloaren laguna egiten da. Eskolara joaterakoan egunero egiten du topo harekin. Harekin lasai sentitzen da, haren aurrean ez da lotsatzen, irudikatutako hizketaldiak izaten ditu harekin dauzka, eta ez da lotsatzen. Lasai sentitzen da, eta txirimaloaren laguna egiten da.
Txorimaloa zer da haurrarentzako?
Mundu paralelo bat, edo fantasia bat. Errealitatean topatzen ez duena bilatzen laguntzen diona. Adiskide bat, gauzak kontatzeko, lasai hitz egiteko. Kasu honetan amak ere ez dio asko laguntzen, kasu handirik ez dio egiten. Eskolan ez du lortzen ikaskideekin normal hitz egin eta haien lagun egitea. Txorimaloa bere babeslekua da, bere salbazioa, bere lagunik onena, neurri batean. Baina, jakina, hori ez da egoera oso osasuntsua. Gainditu egin behar du, alegia. Hori kontatzen du neurri batean ipuinak; egoera nola gainditzen duen.
Egoera hori gainditu beharra erakutsi nahi al duzu?
Neu ere halakoxea izan nintzen, izan ere, nahiko lotsatia. Beti egoten ziren koadrilan buru izaten zirenak, eta ni pixka bat atzean gelditzen nintzen. Askotan horrelako kasuetan umeak zeregin bat bilatzen du. Nire kasuan literatura izan zen, baita bizikleta ere; bederatzi bat urterekin herritik kanpora joaten nintzen bizikleta hartuta. Neurri batean badu ume honek ni txikitan izan nintzenetik. Zabale baserria ez da oso erreala, baina ume honek badu nire edo ni izan nintzenaren antzik.
Semeari kontatu al diozu ipuina?
Oraindik ez. Txikia zenean kontatzen nizkion ipuinak, baina liburukoa ez diot kontatu. Liburua erakutsi diot, baina jakina, oraindik ere ez daki irakurtzen. Pentsatzen dut aurrerago irakurriko duela.
Beste proiekturik ba al daukazu buruan?
Umeentzako badauzkat beste gauza txiki batzuk. Blogarekin ere jarraitzen dut tarteka zerbait idazten. Baina lana dela, etxeko kontuak direla… ez daukat ez nobelarik, ez ipuin liburu sendo bat idazteko astirik. Horrelako gauza txikiekin ari naiz. Honek, behintzat, idazle sentitzen segitzeko balio dit. Gustura ari naiz, gainera. Idatzitakoak argitaletxe batek plazaratzen dituela, marrazkilari on bat jartzen dizutela, eta gainera polita ateratzen dutela ikusita, poztua besterik ez zait gelditzen. Ez diot nahi adina denbora eskaintzen literturari, baina eskaintzen diodan horrek fruitua ematen duela ikus daiteke horrela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide