Azkoitia sarreran dago kokatuta Balda Etxea. Erdi Aroan, haren azpian zegoen herriko atea. Azpeititik zetozenak handik sartu behar izaten zuten, eta goraxeago eraiki zuten Balda dorretxea, sarrera hura zaintzeko xedez. Jakina da Erdi Aroan eraiki zela dorretxe hura; iturri gehientsuenek XIV. mende inguruan kokatzen dutela dio Juan Bautista Mendizabalek.
Orain arte, egun zutik dagoen Balda Etxea eta orduan eraikitako dorretxe hura eraikin ber-bera zirela uste zen. Mendeetan aldaketa batzuk jasan zituen arren, eraikin bera zela uste zen orain arte. Mendizabalen azken ikerketen arabera, ordea, baliteke hala ez izatea. Orain dagoen etxe hori XV. mende amaieran eraikitakoa dela uste du.
Hori esateko, 1880ko hamarkadan Frantziatik Loiolara joandako Aita Crost jesuita baten txostenetan oinarritu da. «Historia asko gustatzen zitzaion hari, eta inguruko dokumetuak aztertzen ibili zen». Oraindik ere ezin duela hori «horrela dela zihurtatu» dio, ordea, Mendizabalek.
Inguruko artxibo guztiak aztertu zituen jesuitak. Hark idatzitako artxibo batzuk aurkitu ditu Mendizabalek, eta haien arabera XV. mende amaieran egindako etxea litzateke hura. Baldako dorre zaharra egon zen tokian baratza batzuk egin zirela diote dokumentu batzuek, eta, geroago, baita beste etxe bat eraiki zela ere; gaur egun Baldatxo baserria izango litzatekeena, alegia. Beti ere, ezin duela ziurtatu dio: «Hipotesia lantzen ari naiz». Artxibo asko aztertu ditu, «Madrilen, artxibo partikularretan, Loiolan…».
Mendizabalek azaldu duenez, XV. mende erdian, 1456a baino lehentxeago, herria borrokan zebilen jauntxoekin. Herritarrek ez zituzten onartzen, eta horien artean zeuden Baldatarrak. «Alde batetik jauntxoen boterea zegoen, eta beste aldetik, berriz, herriaren boterea. Gipuzkoa eratzen ari zen garai hartan. Herritarrak bildu egin ziren, eta erregearengana jo zuten». Haien presiopean, etxe haiek «jipoitzeko» baimena eman zien erregeak; hala dio historialariak. «Balda, Loiola eta abar suntsitu zituzten. Ondoren, bertako nagusiak Andaluziara bidali zituzten, Gaztelak arabiarrekin zeuzkaten muga ingurura. Loiolakoa laupabost urtera itzuli egin zen —San Inazioren aitona—, baina Baldakoa hil egin zen oinordekorik gabe. Beraz, Likonatar familiak Baldatarren etxea erosi zuten. «Baldatar odolekoa zen familia hura, nahiz eta ezkutukoa izan». Ondarrukoak ziren. Hipotesi berriaren arabera, haiek suntsituta zegoen dorretxeko materia aprobetxatuta, gaur egun dagoen etxea eraiki zuten. Baina ordutik ere eraikinak aldaketa asko izan dituela gaineratu du.
Hipotesia indartzeko, etxeko harrizko pareta amaitzen den tokian, bolutak —harriarekin egindako bolatxo batzuk, hornidura moduan— dauzkala gogorarazi du. Hori garai batean bakarrik egiten da Mendizabalen esanetan; XV. mende amaieran eta XVI. aren hasieran. «Beraz, data guztiak bat egiten ari dira».
Baldako kapera suntsituta
«Azkenengo urteetan, Balda etxea ez da gehiegi zainduta egon», gogorarazi du Mendizabalek. Etxe inguruan oilategi eta abarrak eraikita zeuden. Hori dena kendu eta txukuntzen hasiak ziren ordurako, eta, nahi gabe, hondeamakinaren palarekin, kapera zati bat bota zuten. «Horregatik, betirako galdu da han zegoen erretaula bat, 1923an egindakoa». Azkoitiko Patronalen Elkarteak sortu zuen kapera, eta garai hartan zaharren egoitzan jarri zuten. «Garai hartan sozialki herrian langile eta nagusien arteko giroa gogorra zen. Langileak sindikatuetan antolatuta zeuden, eta nagusiek ere elkartea sortu zuten. Orduan, zaharren egoitzan San Inazioren altarea jarri zuten. Zilarrezko armarriak zeuzkan, Azkoitikoa eta Loiolakoa. Martin Coronas margolariaren bi koadro, eta Benancio Marco eskultorearen saninazioren irudia». 1991n, Saninazioren 500. urteurrenean, eraman zuten Balda Etxera. Orain, eraikina txukuntzen ari dira kanpotik. Fatxada konpontzen ari dira, baita teilatu berria egiten ere.
Ganboatarren leinua
Mendizabalen ustetan, etxe horren alde garrantzitsuena, Ganboatarren leinuaren buru zela da; Loiola Oñaztarrena zen bezala. «Euren artean borrokan ibiltzen ziren». Ganboatarrak Nafarroako Erresumaren zaleak zirela esan izan da. Baina Mendizabalek dioenez, ez du hori baieztatzen duen dokumenturik aurkitu: «Gustura ikusiko nuke dokumentu hori, baina ez dut aurkitu. Nik beti ikusi ditut Gaztelako erregearekin oso ondo konpontzen zirela, bai Baldakoak baita Loiolatarrak ere; izan ere pribilegio ugari etortzen ziren Gaztelatik». Beraz, ezin esan Baldako jauntxoak Nafarroaren alde borrokan ibili zirenik.
Aro modernoari dagokionean, Likonatarren familia Azkoitiatik aldentzen hasi zela jakinarazi du, baina XVIII. mendean etxea berriro indartu zela. «Oinordekoak Narrosko markesaren familiakoak ziren, eta horiek Azkoitiko Zalduntxoen garaiko pertsonaiak dira. Etxe hori XVIII. mendean berriro ere indartuta agertzen da dokumentuetan».
Etxeak gerra asko pasa dituela gogoratu du Mendizabalek. Konbentzio gerra iritsi zenean, «frantsesak etxean sartu, eta nahiko suntsituta utzi zuten». Geroago berriro frantziarrak iritsi ziren, Napoleonen tropak, eta segidan bi gerra karlistak. «Beraz, etxe honek izan duen erabilera ez da izan batere egokia».