Urola Kostako Langabetuen Elkarteak zuzendaritza aldatuko du laster. Pasa den ostiralean egin zuten batzarra, eta zuzendaritza aldatzea erabaki zuten; bozketa egin zuten. Oraindik zehazteke dago nork hartuko duen testigua, baina aurreko zuzendaritzako kideek jada utzi dituzte postuak.
Alberto Sasieta da zuzendaritza aldatzeko eskatu duenetako bat, baita ostiralean egin zen batzarrerako deia egin zuena ere. Zuzendaritza «ez zela mugitzen» ikusita, kideak batzarrera deitzea erabaki zuten. «Bazen pare bat hilabete zuzendaritzak batzarrera deitu ez gintuela. Azkenean geu mugitu ginen, eta batzarrera deitu. Zuzendaritzako kideak ez ginenez, ezin genuen elkartearen izenean halakorik antolatu. Hori hala, asanblada moduan egin ditugu deialdiak».
Hemendik aurrera elkartearen helburuei eta funtzionamenduari «beste ikuspegi bat» eman nahi dietela jakinarazi du Sasietak. «Ez dugu jendeak hemen lana topatuko diogula pentsa dezan nahi. Horretarako badaude beste bide batzuk». Elkartetik jendea orientatzen eta informazioa behar duenari ematen saiatuko direla diote, eta indarra ematen ere bai. Baina lana bilatzeko beste bide batzuk badaudela uste dute.
«Lan baldintza kaskarrei zor diegu egungo egoera, neurri batean. Hala uste dugu». Lanpostu duinak izan daitezen nahi dutela zehaztu dute. «Jendeak lana baldintza duinetan aukitzea nahi dugu, eta ez, adibidez, 300 euroren truke edozer lan egitea. Baldintza horien ondorioa da langabezia, neurri batean. Hala uste dugu, gainera». Baten bat, «bi pezetaren truke» lan egiteko prest badago, «alferrik izango zara ingeniari, lana hari emango diote-eta. Baina kontuz, ez naiz kanpotarrengatik ari; niri berdin zait hori kanpokoak edo albokoak egiten badu». Kasu askotan jendeak aparteko orduak sartu dituela salatu du. «Egunean zortzi ordu eginda, lanpostu gehiago sortuko liratekeen arren, horrela ezin da BMWrik eta bigarren etxerik erosi», dio, ironiaz. «Egoera sozial horiek hobetu nahi ditugu», jakinarazi du Susaetak, egoera hobetuta, lanpostu gehiago sortuko direlakoan.
Altsasura protesta egitera
Langabetuen beste hainbat elkarterekin harremanetan dago Urola Kostako. Atzo Altsasun izan ziren protestan, eta larunbaterako hiriburuetan elkarretaratzetara deitu dituzte herritarrak. Iruñean eta Bilbon 10:00etan egingo dira, eta Donostian, 18:00etan.