Urtebete baino gehiago darama Madrilen bizitzen Ina Juaristik. Diseinu grafiko ikasketak egin, eta hara bizitzera joatea erabaki zuen. Lagun baten bitartez hasi zen modelo lanetan, eta Cibelesen ibilia da. Aktore ikasketak ere baditu, eta dagoeneko hartu du parte publizitate munduan. Lanez gainezka, denbora libre gutxirekin dabil, baina tartetxo bat hartu du Urola Kostako Hitza-ren galderei erantzuteko.
Noiztik eta nolatan zaude Madrilen?
Aurreko urteko irailean etorri nintzen. Momentua zela ikusi nuen. Izan ere, diseinu ikasketak bukatzear nituen, eta aldaketa bat nahi eta behar nuela iruditzen zitzaidan. Gainera, Madrilen aukera gehiago dago, eta bizitzan arriskatzea beharrezkoa da.
Nolatan hasi zinen modelo lanetan?
Egia esan lagun baten bitartez izan zen. Batxilergoan ezagutu genuen. Moda ikasketak egitera Bartzelonara joan zen, eta praktikak egiten ari zen Etxeberria diseñatzailearekin. Nitaz hitz egin zion, eta, argazki batzuk erakutsi ostean, deitu egin zidan. Baina esan beharra daukat neure buruari ez niola inoiz planteatu modelo izatea, eta are gutxiago Cibeles pasarelan parte hartu ahal izatea. Baina bizitza horrelakoa da, ezta? Gauzak egun batetik bestera alda daitezke.
Non egin izan duzu lan modelo bezala?
Cibelesen, soilik. Aurreneko aldiz neguko arroparekin, eta gero udako denboraldian.
Publizitatea ere egindakoa zara.
Iragarki batzuk egin ditut, bai. Gasteizen aktore ikasketak egin nituen, Ortzai antzerki laborategian. Txikitatik hartu nuen parte bertan nahi izan nuenean; hainbat antzezlan egiteko aukera eman zidan. Baina egun, iragarkiez gain, bestelako proiktuetan murgilduta nabil. Aktore batzuk juntatu ginen, eta antzerki bat prestatzeari ekin genion. Orain horrekin gabiltza. Horrez gain, baditut beste proiektu batzuk, baina momentuz ez ditut azaleratuko. Itxura denez, zorte txarra ematen du gauzak aurreratzeak.
Dantzaria ere ba omen zara.
Askotariko ikastaroak egin ditut; hip-hop-a, break dance-a, funky-a, dantza garaikidea, jazz-a, duende-a… Luis Uruñuel kontserbatorioan jardun nuen teknika eta talde dantzak lantzen, beste ekintza batzuen artean. Horrez gain, irakasle gisa aritua naiz, dantza erakusten, Azkoitiko kiroldegian.
Euskal Herrira sarri etortzen al zara?
Ez. Egia esan, ez dut denbora askorik, eta izaten dudanean kanpora joaten naiz askotan; igandean, kasu, Berlinera noa. Azken finean, familia eta gertuko jendea nirekin izaten da edonon.
Euskal Herrira itzultzeko asmorik ba al daukazu?
Momentuz ez. Gaur egun Madrilen bizi nahi dut, eta bertan nago. Etorkizunean non bizi nahiko dudan ez dakit, ezta bizitzak nora eramango nauen ere. Garrantzitsuena aukera guztiei ateak irekita izatea da. Horrek ez du esan nahi Euskal Herriko gauza asko faltan ematen ez ditudanik; itsasoa, paisaia, janaria, euria, besteak beste. Baina tortillak beti bi alde ditu.
Madrilen eta Azkoitiaren artean alde handia al dago, jendeari, ohiturei edo harremanei dagokionez?
Ikaragarria. Nahiz eta oso harro nagoen azkoitiarra izateaz, arlo askotan atzeratuta gaudela iruditzen zait. Hemen jendea irekiagoa da, ez dago etiketarik, eta hori oso aberatsa da, jende oso desberdina nahasten delako. Bestalde, Azkoitian jendea erosoagoa dela esango nuke. Han guztia egina duzu, eta hemen inoiz ez dakizu nola amaitu dezakezun eguna. Nik ezjakintasun hori gustuko dut, bizirik sentiarazten bainau. Gainera, ez dago monotonia baino gauza aspergarriagorik, eta hemen han baino aukera gehiago daude egunerokotasunean.