«Ni erretiratuta ere, Uztarok aurrera egingo duelako, harro noa»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urr. 28a, 11:14

1975eko urtarrilaren 13an ireki zituen ateak Uztaro Haurreskolak. Marije Etxeberria (Azpeitia, 1950) izan zen sortzaileetako bat, eta erretiratu berri da. Ostiralean izan zuen azken laneguna, 36 urtez bertan lanean aritu ostean. Urte horietan guztietan haurtzaindegia toki batean eta bestean ezagutu du; pribatu izatetik publiko izatera pasatu da; eta lan egiteko modua bera aldatu da. Zure besoetatik azpeitiar ugari igaroko zen urte hauetan guztietan. Asko-asko-asko. Nire hiru seme-alabak ere hemen hazitakoak dira. Nire semeak 35 urte ditu, eta ez zen aurrenetakoa izan. Hortik atera kontuak zenbat haur izan ditudan hemen. Jendea asko gogoratzen da nirekin, estimu handia didate, eta neu ere asko gogoratzen naiz haiekin. Nola gogoratzen duzu orain 36 urteko hasiera hura? Lanera joaten zen emakume talde baten ekimenez sortu zen haurtzaindegiaren ideia. Lanera joan ahal izateko haurrak nonbaiten uzteko konponbide bila hasi zen, eta talde horri esker eman zen pausoa. Hasieran alde batetik bestera ibili ziren, eta, azkenean, Jesus eta Maria komentuko lokal batean ekin genion lanari. Hasieran borondatez utzi ziguten; gero alokairua ordaintzen hasi ginen. Haurtzaindegi zerbitzu hura ez zen azpeitiarrentzat bakarrik izan. Ez, Urola bailararako ematen genuen; azkoitiarrentzat, azpeitiarrentzat eta zestoarrentzat zen. Eta hantxe zinen zu, hasiera-hasieratik proiektuan. Lurdes Badiola eta biok hasi ginen. Zazpi urtera Lurdesek lana utzi zuen, anaiak irekitako negozioan hasteko. Nola gogoratzen duzu lehen urte hura? Hasierako urduritasuna dut gogoan. Bi umerekin hasi ginen, baina berehala joan ziren gehitzen. Nirekin zegoen Lurdes, eta esperientzia gehiago zuen; ni gazteagoa nintzen, eta haren babesean oso ondo ibili nintzen. Niretzat zutabe sendoa izan zen hasiera hartan. Zein adinetako haurrak hartzen zenituzten? Lau hilabetetik aurrerakoak ziren, eta etxetik kanpora lan egiten zuten amek lehentasuna izaten zuten seme-alabak Uztaroko zerrendan jartzerakoan. Izan ere, orduan lan-haurtzaindegiak deitzen ziren. Emakume askok egiten al zuen lan etxetik kanpo? Ez ziren asko izango, baina egon bazeuden. Gainera, haiek eman zuten lehen pausoa herrian haurtzaindegia irekitzeko. Jendeak nola erantzun zuen zerbitzu berriaren aurrean? Beste eskualde batzuetan baino mentalitate itxiagoa izan zuten bailara honetan; hemen kostatu egin zen hastea. Garai hartan, titulaziorik ba al zenuten zuek? Haur zaintzako laguntzaile tituluarekin hasi ginen. Gerora, eskakizun berrietara moldatzen joan gara, eta gaitzeko ikastaroa ere egina dugu; titulu aldetik osatuta gaude. Orain haurrek haurtzaindegian igaro dezaketen ordu kopurua mugatuta dago. Zuek hasi zinetenean ere hala al zen? Ez. Baziren haurrak 07:30erako eraman eta 18:30ak arte jasotzen ez zituztenak. Ordu asko ziren, baina lanean zeudela esaten zuten gurasoek, eta gure kuota ordaintzeaz gain, ezin zutela beste pertsona bat ere ordaindu haurra zaintzeko. Orain Partzuergoak oso ondo dauka mugatuta: aukeran daude haurra zortzi orduz uztea, ala bost orduz. 2.000 urtean tokiz aldatu zineten,  Loiola aldetik Euskalerria auzunera. Bai. Alokairuaren kontratua amaitzear genuen, berritzea behar zuen egoitzak, eta Udaletik eskaintza etorri zitzaigun: Haurreskolak Partzuergotik Azpeitian zerbitzua jarri nahi zutela, eta gurekin kontatzen zutela; lan talde osoa pasatuko ginatekeela alde batetik bestera. Guraso Elkartearekin eta geure artean bilerak egin, eta baiezkoa eman genuen. Azpeitiko Udalak eta Partzuergoak hitzarmena sinatu zuten, eta Partzuergoak kudeatzen du ordutik Uztaro. Eraikinarekin oso gustura gaudela esan behar dut; gela ederrak ditu, oso argitsua da, eta oso ondo prestatuta dago. Jatekoa ere bertako sukaldean prestatzen du sukaldariak, eta gurasoek asko eskertzen dute hori. Aldaketa hura gertatu arte, zuk zuzendu zenuen haurtzaindegia. Bai, eta publiko egin zeneko lehen urtean ere bai. Gero koordinatzailea txandaka aldatzea proposatu nuen, eta hala ari gara orain. 36 urte hauetan, zertan sumatu duzu aldaketa handiena? Orain gazteek askoz mentalitate irekiagoa dute. Garbi ikusten dute haurtzaindegien papera eta haren alde egiten dute. Lana uztearen edo haurra zaintzeko norbait kontratatzearen aurrean, haurtzaindegiaren aldeko apustua egiten dute. Borroka asko egin behar izan al duzue gaur egun hemen eta egoera honetan egoteko? Bai. Zerbitzu pribatua ginenez, diru-laguntza aldetik arazo asko izan genuen beti, eta ekonomikoki larri ibiltzen ginen. Borroka asko egin genuen. Ate asko jo genuen, eta udaletxera joan, eta han ere ez ziren azkar esnatu, Azpeitian, behintzat; gure beharra ez zuen hain azkar ikusi. Hala, santotomasetan txosna jarri, ekintzak egin... Denetarik egin izan dugu. Guraso Elkarteak asko lagundu izan gaitu beti; bai pribatu ginenean, bai orain. Nabarmendu beharrekoa da hori. Zutabe sendoa izan da, eta arazoei aurre egiteko bultzada handia eman digu beti. Oso babestuta sentitu izan naiz. Lankideei buruz ere gauza bera dut esateko: oso-oso talde ona izan dut beti. Kanpotik ere hori nabaritzen dela uste dut, eta harro esan behar dut hori. Lan asko egin da. Zein sentsaziorekin hartuko duzu erretiroa? Orain 36 urte hau sortzen parte hartu nuen, eta ni erretiratuta ere Uztarok aurrera egingo duelako, harro noa. Harrokeriarik gabe esaten dut. Poz horrekin noa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide