Gure bide galduak antzezlana herriz herri eskaintzen ari da Iñigo Aranbarri, Dejabu tadeko kideekin batera. Itsasun (Lapurdin) egin zuten «estreinaldi moduko bat», eta ordutik saio batzuk eman dituzten arren, hilabete hasieran aurkeztu zuten lana ofizialki. Eskualdean Azpeitian taularatuko dute lehenbizi, azaroaren 12an, Antzerki Topaketetan. Zumaian ere lotuta daukate, eta Azkoitiko Mataderoan ere emango dutela jakinarazi du. «Urte eta erdi da proiektuarekin hasi ginela. Ikasturte honetan indartsu helduko diogula espero dugu», adierazi du aktoreak.
«Istorio hau Ainara Gurrutxagak zeukan ideia batetik sortu zen. Ideia horretatik abiatuta, antzezlana irudikatzen hasi ziren. Bildu egin ginen, eta inprobisazio bidez testuak sortzen joan ginen». Francisco Franco diktadorea hil ondorengo garaian dago kokatuta antzezlana, eta herri txiki batetik hirira doan neska baten ibilerak kontatzen ditu, beti ere umore puntuarekin. «Ainararen ama garai hartan Zubietatik (Nafarroa) Oreretara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera. Eta istorio hori buruan zeukanez, Orereta bertako jendearekin ere bildu zen, orduko egoera nolakoa zen irudikatzeko». Bizitako garaia dela dio, baina ezagutzen ez dutena: «Jaiota izango ginen agian, baina orduan ez ginen jabetzen gertatzen ari zenaz».
Gurasoen garaiko egoera islatzen dela dio Aranbarrik. «Gure belaunaldiko ikusleei gustatzen zaie egiten dugun planteamentua, baina gurasoak etortzen direnean, identifikatuta sentitzen dira».
Planteamentu eszeniko berezia dauka antzezlanak. Taula gainean egurrezko plataforma bat jartzen dute, lau metroko zabalera eta hiruko luzera duena. «Gertaera guztiak han gauzatzen dira. Mugatu egiten dugu eszenatokia, eta ez dugu ezer ezkutatzen. Handik jaitsi, eta bertan gelditzen gara. Ez dago ezkutatzeko ezer, baina garbi dago non dakoen zentroa». Objektuen erabilera landu dutela nabarmendu du Aranbarrik.
Gure bide galduak prestatzeko egonaldiak egin dituztela kontatu du. «Hainbat tokitan egonaldiak egin genituen antzezlana prestatzeko. Pare bat aste hartu, eta egunero-egunero antzerkiaren inguruan eztabaidatu eta probak egin genituen. Lanaldia bezala izan zen: eguneko zortzi ordu egin genituen horretan».
Antzerki irakaslea
Duela bi urte antzerki eskolak ematen hasi zen Aranbarri, institutu batean. Iaz ere jardun zuen horretan, baina aurten ez da horretan ari. «Guraso batzordetik ez zegoela dirurik esan zidaten». Aurreko urteetako esperientzia «oso polita» izan dela dio aktore gazteak. «Hamabost bat laguneko
taldea izan nuen aurrenengo urtean. Aurrerago, bospasei laguneko bi talde izan nituen». Hamabost urtekoen talde bat izan zuela dio: «Ongi moldatzen ginen, baina askok gaztelaniaz hitz egiten zuen. Etxean gaztelaniaz egiten zuten, eta B ereduko ikastetxean ikasten zuten». Beste talde bat hamezazpi-hamazortzi urte bitartekoena izan zuen. Bi urtez ikasi zuten antzerkia, eta «azken urterako konfiantzan aritu ginen». «Konfiantza hari esker, denok gozatu genuen».