10 urte geroago, Pumori gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urr. 20a, 12:19

Herritar bati baino gehiagori astelehenean orain dela hamar urte gertatutako ezbeharra etorriko zitzaion burura. Izan ere, 2001eko urriaren 17a markatuta geratu zen Urola bailarako herritar askoren gogoetan, egun horretan bertan Beñat Arrue azpeitiarrak eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrak, hiru nafarrekin batera, istripua izan eta bizia galdu baitzuten Himalayako Pumori mendian. Oso gogoan du gertatutakoa Pumori espedizioko kide batek, Benantxio Irureta mendizale beteranoak. «Ni neu asko gogoratzen naiz gertatutakoaz. Oso gogorra izan zen. Zorte txarra izan genuen, eta kontrolatu ezineko istripua gertatu zen. Guk dena ondo egin izanak lasaitzen nau ni. Ez zen gure akatsa izan», adierazi du. Ametsa betetzera Pumorira Arruek eta Aiertzak, beste mendizale askok bezala, Himalayara espedizioa egitea zuten amets. «Mendizale gazte hauek lege zaharreko mendizaleak ziren. Oso gaztetan mendi txikietan trebatzen hasi, eta pixkanaka mendi altuagoetara igotzen joan zirenak. Inguruko mendiak, Pirinioak eta Alpeak, elkarrekin egin genituen, eta Andeetan ere oso gauza politak egin zituzten, euren kaxara Perura joan zirenean. Mendi teknikoak, altuak, zailak… denetik igo zuten. Esperientzia handiko mendizaleak ziren», azaldu du Irureta aizarnarrak. Dena dela, urrats bat aurrera eman, eta Himalayara iristea zuten buruan. «Hamar laguneko taldea bildu ginen. Zerrenda bat genuen Himalayan igo genitzakeen hiruzpalau mendirekin. Pumori aukeratu genuen azkenean, Nepalen Everest ondoan dagoelako, hilabetean igo daitekeelako, eta paraje ikusgarriak dituelako, gainera. Ilusio horrekin joan ginen. Sasoiz beteta eta gogotsu zeuden mutilak, gainera». Ezusteko istripua Urriaren 17an Pumoriko gailurra egitea aurreikusita zuten espedizioko kideek. «Egun gogorra zuten mutilek aurretik, ordu askotako ibilaldia. Baina hasierako hiruzpalau ordutan zegoen arrisku handiena, ibilbideko zati horretan elur-jauziak gertatzen zirela baikenekien.Gure asmoa garaiz ibiltzea zen. Eguzkiak berotu aurretik paraje zail edo arriskutsu hori pasatu, eta hortik aurrerakoak errazagoa izango zela zirudien», gogoratu du Iruretak. Talde handia zirenez, gailurra bi taldetan egitea erabaki zuten espedizioko kideek. Urriaren 17an bost laguneko taldea kanpamendutik irten zen goizeko ordu biak inguruan, gailurrerantz; tartean ziren Arrue azpeitiarra eta Aiertza aizarnazabaldarra. «Gorantz hasi zirenean gertatu zen ezbeharra, goizaldean, normalean elur-jauziak gertatzen ez diren orduetan». Mendizaleen albisterik ez Benantxio Irureta, espedizioko beteranoa, bat-batean harrapatu zuen istripuaren notiziak. «Xabier Osinalde mendizale azpeitiarra altuera arazoekin moldatu ezinik ibili zen espedizioko lehen egunetan. Sendatzeko altuera galdu beharra zuen. Hala, taldeko beteranoa nintzenez, harekin jaitsi nintzen, mila metro beherago dagoen Periche herrira». Hiru egun pasa zituzten bi mendizaleak herrixkan, Osinalde errekuperatu zen arte. «Egunak aurrera zihoazen, eta ez genuen gure lagunen berri. Walkie-talkie-a eraman genuen, baina oinarrizko kanpamendua eta gailurra harremanetan egoteko zenez, gu behera esku hutsik jaitsi ginen». Osinalde hobetu zenean, bi mendizaleak gorantz abiatu ziren, eta Pumorira gerturatzen ari zirela, helikoptero bat ikusi zuten mendiaren inguruan hegan. «Helikopteroa ikustea seinale txarra izaten da, baina beti pentsatzen da auzokoei gertatuko zitzaiela gauza txarren bat, ez lagunei. Goiko herrixka batera iritsi ginenean galdezka hasi ginen, eta bertan esan ziguten Pumoriko espedizio euskaldunak arazoak izan zituela». Bat-batean harrapatu zituen albisteak, eta urduri gorantz jarraitu zuten bi mendizaleek. Oinarrizko kanpamendura iritsi zirenean, espedizioko gainontzeko kideak «lur jota» aurkitu zituzten. «Haiek esan zigutenez bost laguneko taldea goizeko ordubiak aldera gailurrerantz abiatu zen, eta eurez ezer ez zekitenez, helikopteroari hots egin zioten. Helikopterotik glaziarreko elur zuriaren gainean kolorezko orban batzuk ikusten zirela azaldu ziguten. Ez zekiten beste ezer». «Zaila izaten da, bat-batean betiko lagunak desagertu daitezkeela onartzea». Horregatik erabaki zuen Benantxio Iruretak hurrengo goizean bakar-bakarrik zer gertatu zen jakitera mendira abiatzea. Aizarnarraren iritziz, une «oso gogorrak» izan ziren bertan bizitakoak. «Tristura, tentsioa eta zer egin erabaki beharra, dena nahastu baitzen», azaldu du. «Esperienziak eta senak esaten zidan elur-jauziren bat gertatuko zela mendian, eta hark harrapatuko zituela bost mendizaleak mendian gora zihoazenean. Mendia nolakoa zen kontuan hartuta, Everesteko oinarrizko kanpamendu aldera eroriko zirela pentsatu nuen. Beraz, goizean harantz abiatu nintzen, zer gertatu zen jakiteko. Bidean gertatutakoaren inguruan hausnartzen eta kezkatuta nindoala, bat batean taldekide baten berokia aurkitu nuen elurretan, odolez zikinduta. Izugarri hunkitu ninduen aurkikuntzak, baina motxilan sartu, eta bideari jarraitu nion». Iruretaren esanetan, argi eta garbi ikusten zen elur-jauziaren seinalea mendian. «Gorantz jarraitu nuen, eta gain batera iritsi nintzenean, hogei metrora hiru gorputz aurkitu nituen elurrezko aldapa handi batean. Momentuan bertan konturatu nintzen gure lagunak zirela, jantzita zeramaten arropa ezagutu nuelako. Golpe gogorra izan zen niretzat. Ez nuen gorputzengana hurbiltzeko adorerik ere izan. Horretaz gain, ez nuen bertara gerturatzeko beharrezkoa zen ekipo egokirik eraman ere. Ez dakit ondo ala gaizki egin nuen, baina nengoen lekutik argazki batzuk atera nizkien gorputzei, eta espedizioko gainontzeko kideak zeuden lekura itzuli nintzen», azaldu du Iruretak, hunkituta. Zalantzak argitu, eta bost mendizaleak hilik zeudela eta haien alde ezin zela ezer egin egiaztatu zutenean, onik zeuden espedizio kideak Euskal Herrira itzuli ziren, lur jota. Elur-jauziak harrapatu zituen mendizaleen gorpuak Pumori mendian geratu ziren betiko, euren ametsetako mendiez inguratuta. Mendiari errespetua Pumorin gertatutako ezbeharrak markatuta utzi ditu Pumori espedizioko kideak eta mendizaleen familia, lagunak eta ingurukoak. «Bizitzako gertakaririk gogorrenetakoa izan zen. Baina maite dut mendia, eta mendira joaten jarraitzen dut. Dena dela, horrelakoek mendiari errespetu handia izan behar zaiola irakasten dute. Kontuz ibili behar da mendian; ez bakarrik mendi garaietan, baita goiz pasa Pagoetara edo inguruko mendiren batera joaten garenean ere. Burua erabili behar da, eta uneoro zentzuduna izan. Atzera egin behar denean, atzera egin behar da, mendia beti egongo baita bere tokian». Dena dela, Pumorin gertatutakoa ez zela arduragabekeria izan nabarmendu nahi izan du Benantxio Irureta beteranoak, istripua baizik. «Arruek eta Aiertzak errespetu handia zioten mendiari, eta kontu handiz eta burutsu ibiltzen ziren beti. Zenbaitetan, ordea, aurreikusi eta kontrolatu ezin diren kolpeak eta ezustekoak ematen ditu mendiak».   Josu Eizagirre eta Aitor Unanue: «Oso nekez iristen zen gertatutakoaren berri; informazio gutxi genuen» Urola bailarako herritar askok bezala, Lagun Onak Mendi Elkarteko kideek ere oso gogoan dute orain dela hamar urte Pumorin gertatutakoa. Elkarteko garai hartako lehendakariordeak, Josu Eizagirrek (Azpeitia, 1970), eta egungo batzordeko kide Aitor Unanue Dorronsorok (Azpeitia, 1981) egun gogor horietan herrian eta elkartean bizitakoa ekarri dute gogora. Parte hartu al zuen elkarteak Pumoriko espedizioan? Josu Eizagirre: Etxeko espedizio bezala jo genezake Pumoriko espedizioa, bertan parte hartu zuten zenbait mendizalerekin harreman estua genuelako. Horregatik, beste espedizioei ez bezala, haiei laguntzea erabaki zuen garaiko batzordeak. Ez zen laguntza ekonomikoa izan, elkarteak beste gastu batzuk zituelako, eta Pumori espedizioari lagunduz gero, atzetik etorriko ziren beste batzuei ere lagundu beharko zitzaielako. Horregatik, planteatu genuen goi mendietarako materiala erostea, eta hori ondoren antolatzen ziren beste espedizio batzuei edo bazkideei uztea. Horretaz gain, espedizioaren prestaketen eta nondik norakoen berri ere izan genuen. Gogorra izango zen istripuaren berri izatea, ezta? J.E: Orain dela hamar urte espedizio bat ateratzen zenean, berriak oso nekez iristen ziren. Gogoratzen dut hasierako egunetan postal bat iritsi zitzaigula. Eta geroaro, deiren bat ere jaso genuen, saioa noiz egingo zuten eta halakoen ingurukoa. Dena dela, ez zen gaur egun bezala; oso informazio gutxi izaten zen. Gailurra egiteko aurreikusi zuten eguna iritsi zenean, albistearen zain geundela, istripuaren berria jaso genuen. Irratian entzun nuen Pumoriko espedizioak istripua izan zuela, eta bost hildako zeudela. Horrelako istripu bat gertatzean, nola jokatzen du elkarteak? J.E: Herrian Pumorin gertatutakoa jakin zenean, mendizaleen lagunak, familiakoak eta herritar ugari hurbildu zen gugana, gertatutakoa jakiteko asmoz. Dena dela, aitortu behar dut ez genuela esku-hartze handiegirik izan istripuaren jarraipena egiten ari ziren erakunde eta pertsonekin. Pena eta amorrua izan genuen elkartean, bilerak egiterakoan kontuan izan ez gintuztelako. Tristuraz gain, ezintasuna genuen. Jende asko hurbiltzen zen gurera informazio eske, baina guk ere ez genuen lehen eskuko informaziorik. Egun horietan, lauzpabost iluntzetan, Arrue eta Aiertzaren lagunak, zenbait familiako, eta elkarteko kideak elkartean bildu ginen, eta egunean zehar jakindako berriak besteei azaldu, eta omenaldi bat prestatu genien. Esperientzia horretatik ikasi egin genuen, eta ondoren zoritxarrez gertatu diren beste istripu batzuen izapideak elkartetik bideratu ditugu. Horrelako albiste batek mendian ibiltzen zaretenoi zer pentsarazten dizue? Aitor Unanue: Horrelako ezbeharrek beti ematen dute zer pentsatua. Mendian ibiltzen ez den jendeak behin baino gehiagotan aipatzen du, nola litekeen mendian gertatzen direnak jakinda, mendira joaten jarraitzea. Baina zuk mendia maitatzen baduzu, zure afizioa bada, mendira joaten jarraituko duzu. Zer hartu behar dute herritarrak kontutan mendira doazenean? A.U: Garrantzitsuena, neurri egokiak hartzea eta norberaren maila zein den argi izatea da. Mendian ere pixkana joan beharra dago, lehenengo hemen inguruko mendi txikietan trebatu, eta ondoren Pirinioetarako saltoa ematea da egokia. Etorri izan zaigu inoiz mendian ibili gabeko jendea aholku eske Pirinioetako Perdido mendira doala esanez. Horrelako kasuetan, lehenengo mendi txikiagoak eta errazagoak probatzea aholkatzen diegu, eta horietan trebatutakoan, Perdidora saltoa emateko esan. Horretaz gain, garrantzitsua da baldintzak kontuan hartzea, eta baldintza egokiak ez daudenean, atzera botatzeko arazorik ez izatea. Dena dela, argi utzi behar da Pumorin gertatu zena ez zela arduragabekeriagatik izan. Esperientzia handiko eta prestatutako mendizaleak ziren Arrue eta Aiertza, eta zorigaitzeko istripu bat izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide