2012rako tasa eta zergetan aldaketak egitea proposatu du Azkoitiko Udal Gobernuak. Gaur egunera arte Udalak zituen irizpideak aztertu, eta aurrerantzekoak zehaztu dituzte. «Orain beste udal taldeekin eztabaidatzen ari gara, eta ados jartzea da gure helburua», nabarmendu dute Udal Gobernua osatzen dutenek, Bilduko ordezkariek.
Uraren gaineko tasari dagokionez, Udal Gobernuaren helburua tasak «lehenbailehen» Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin parekatzea da. Horrez gain, gehiegizko kontsumoa saihestu nahi dute, «ura oinarrizko ondasuna eta urria delako». Bi irizpide horiek kontuan izanik, hainbat aldaketa proposatu dute. Batetik, etxeko ur kontsumoaren tarifa ez dute igoko, «goitik dagoelako lehen ere»; bestetik, gehiegizko kontsumoa murrizteko asmoarekin, uraren tasa kontsumitzen denaren arabera ordaintzea proposatu dute, «kontsumo altuari kontsumo baxua baino gehiago igoz tasa».
Zaborraren tasa KPI Kontsumo Prezioaren Indizea adina igotzea proposatu dute. Zabor bilketaren kostuaren %70 inguru biltzen du Udalak tasarekin. Eta kostua murriztu nahi du Udal Gobernuak. Agintaldi honetan, zaborra biltzeko sistema anitzak aztertzeko konpromisoa hartuta dutela azaldu dute.
Hilerriko zerbitzuaren gaineko zerga aldatzeko ere azterketa martxan dutela esan du Udal
Gobernuak, herritarrengatik «kexa ugari» jaso dutelako. Gaur egun erroldaren arabera, familia unitateko ordaintzen da. Hilerriko tasa zerbitzuaren erabileraren arabera kobratzea aztertuko dute.
Industrian «igoera oso txikia»
Industriako ondare higiezinen eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergetan Gipuzkoako batez bestekora hurbiltzea da udal gobernukideen nahia: «Bi zerga hoiek Gipuzkoako beste herri batzuen aldean baxuagoak ditu Azkoitiak; hau da, gutxiago ordaintzen da». Hori dela eta, industriako ondare higiezinen zerga 2,40tik 2,43ra igotzea proposatu dute. «Dena den, egoera ekonomiko larrian dauden enpresak epeka ordaintzeko aukera izatea ere proposatu dugu». Era horretan, Udalak 28.000 euro gehiago jasoko luke, eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergarekin gaur egun baino 30.000 euro gehiago.
Udal gobernukideen arabera, igoera hori «oso txikia» izango litzateke enpresa bakoitzarentzat, eta orain arte Gipuzkoako beste enpresarien aldean «zerga baxuagoak» ordaintzen jardun dute Azkoitian. «Igoera horrengatik ez da enpresarik itxiko», gaineratu dute. «Arazoak dituztenekin hitz egiteko prest gaude, eta ordainketak egiteko erraztasunak emateko proposamenak baditugu».
Kiroldegiaren mantenua 300.000 euro kostatzen zaio Udalari. Elkargunea kudeatzen duen enpresarekin hitzarmena eginda du Udalak, eta, hori dela eta «Udalak ezin ditu prezioak nahi beste jaitsi», esan du. Dena den, zenbait neurri hartzeko proposatuko du Udal Gobernuak; besteak beste, «matrikulak kendu edota gutxienez herritarrek izena emateko oztopo izan ez daitezen, prezioa jaistea». Neurri hauek proposatzeko helburua, herritarrei erraztasunak ematea eta beste herri batzuetara alde egin duten kirolariak berreskuratzea dela gaineratu dute.
Tasa eta prezioetan proposatutako aldaketak gainontzeko alderdiekin adostu eta hil honetan bertan erabaki nahi du Udal Gobernuak.