Ehizeko txakurrarena egiten

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urr. 13a, 18:43

Ezagun egin da 17.000 urte baino gehiagoko bisonte baten burua, duela astebetetik erakusgai jarri zutenetik. Azkoitiarrak izan ziren hura aurkitu zutenak, beste milaka hezurrekin batera. Xabier Munibe Taldeak aurkitu zuen 2002an Kiputz IX aztarnategia, eta urteetako lanaren ondoren, duela 18.000 eta 11.000 urte bitartean hildako animalien hezurrak topatu zituzten; baita Bisonte batena ere, Europan osorik dagoen bigarrena. «Mutriku inguruan zulo bila ari ginela aurkitu genuen aztarnategia. Normalean baserritarrei galdetzen diogu zuloren bat non egon daitekeen. Asko laguntzen du horrek, baina informaziorik ez badago, han ibiltzen gara sasi artean. Normalean mendi guztia miatzen dugu». Hasieran zulo txiki bat zela gogoratzen du Juan Mari Arruabarrena taldeko kideak. «Bila zabiltzala, sorpresa batzuk izaten dituzu batzutan. Eta hura sorpresa txikia izan zen, koba txiki bat baitzen. Hasieran ez da jakiten zer aurkituko duzun. Izan ere, txikia izateak ez du ezer esan nahi, urteen poderioz sedimentuekin zuloak betetzen joaten baitira. Azkenerako, sorpresa handia izan zen». «Tranpa moduko» leize bat dela dio Arruabarrenak. Bi sarrera dauzka kobak, eta barruan zuloa dauka behera. Animalia oinez sartzen zenean ez zen konturatzen pixka bat aurrerago behera zuloa zeukala. Koban barrura zihoazela erori egiten ziren, beraz. «Felidoak kanpora irteteko gai ziren, salto eginda, baina bisontea bezalako animalientzat ezinezkoa zen irtetea. [...]

Ezagun egin da 17.000 urte baino gehiagoko bisonte baten burua, duela astebetetik erakusgai jarri zutenetik. Azkoitiarrak izan ziren hura aurkitu zutenak, beste milaka hezurrekin batera. Xabier Munibe Taldeak aurkitu zuen 2002an Kiputz IX aztarnategia, eta urteetako lanaren ondoren, duela 18.000 eta 11.000 urte bitartean hildako animalien hezurrak topatu zituzten; baita Bisonte batena ere, Europan osorik dagoen bigarrena.
«Mutriku inguruan zulo bila ari ginela aurkitu genuen aztarnategia. Normalean baserritarrei galdetzen diogu zuloren bat non egon daitekeen. Asko laguntzen du horrek, baina informaziorik ez badago, han ibiltzen gara sasi artean. Normalean mendi guztia miatzen dugu». Hasieran zulo txiki bat zela gogoratzen du Juan Mari Arruabarrena taldeko kideak. «Bila zabiltzala, sorpresa batzuk izaten dituzu batzutan. Eta hura sorpresa txikia izan zen, koba txiki bat baitzen. Hasieran ez da jakiten zer aurkituko duzun. Izan ere, txikia izateak ez du ezer esan nahi, urteen poderioz sedimentuekin zuloak betetzen joaten baitira. Azkenerako, sorpresa handia izan zen».
«Tranpa moduko» leize bat dela dio Arruabarrenak. Bi sarrera dauzka kobak, eta barruan zuloa dauka behera. Animalia oinez sartzen zenean ez zen konturatzen pixka bat aurrerago behera zuloa zeukala. Koban barrura zihoazela erori egiten ziren, beraz. «Felidoak kanpora irteteko gai ziren, salto eginda, baina bisontea bezalako animalientzat ezinezkoa zen irtetea. Gainera, kasu askotan zauritu ere egiten ziren». Lehoikume baten hezurrak ere aurkitu zituztela dio: «Hura txikiegia izango zen irteteko». Tranpa horri esker, animalia ugari erori eta hil ziren zulo horretan. Gero, urteen poderioz, lurrarekin estalita gelditu dira. Lau kanpaina egin dituzte han, eta urtero «mila hezurretik gora aurkitu ditugu, urte batean baita hiru mila ere».
Hezur guztiak nahastuta zeudela dio, animalia guztiak elkarren gainera erorita baitzeuden: «Hobi komun bat bezalakoa zen». Gizaki arrastoak ere aurkitu dituzte zulo horretan, baina ez gehiegi. Hildako animalien bila joango zirela dio Arruabarrenak.
Milaka hezur jaso dituztenez, haientzako biltokia behar izan zuten azkoitiarrek. «Lokala badaukagu, baina han ez ziren guztiak sartzen». Horren aurrean, Santa Kruzeko mojen konbentu batean gorde ziuzten. «Moja gutxi daude han, eta gelak dauzkate soberan. Baimena eskatu genien, eta eman ziguten. Baratzan garbitu genituen hezurrak, eta hamasei bat metro zabaleko gela batean lehortzen utzi genituen. Gero, itsatsi behar zirenak itsatsi, eta hezur bakoitza zein animaliarena zen bereiztu ,eta hezurdurak osatu genituen.
Munibe taldea
«Talde afizionatua gara; Azpeitian Antxieta den bezala, Munibe Taldea gara Azkoitian». Horrela aurkezten du taldea Arruabarrenak. «Arraroa da hain metro koadro gutxian horrelako bi talde egotea»; argi dute hori. Bi taldeak garai beretsuan sortu ziren; Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek garai beretsuan ekin zioten lanari. «Gure lana prospektatzea eta aztarnategiak bilatzea da. Ehizeko txakurraren lana bezalakoa da gurea; ollagorra hark aurkitzen du, baina tiroa beste batek botatzen du. Hori ere baten batek egin beharra dauka». Toki askotan ibiltzen dira bila, mendi guztiak miatuz. «Alferrikako lan asko egin behar izaten dugu. Gazteak ere etortzen dira batzutan, baina aspertu egiten dira. Indiana Jones-en pelikuletan bezala dela pentsatuko dute askok, eta hori ez da horrela izaten. Zaila da hezurrak aurkitzea, baina zerbait agertzen denean poz handiagoa ematen du. Mutrikun egoskorrak izan ginelako aurkitu genituen hezurdurak. 30.000 urteko pieza bat aurkitzen duzunean, orduko gizon batek ibili zuela jakiteak, eta hainbeste urteren ondoren zure eskuetan egoteak ez dauka preziorik».
Egun hainbat tokitan ari dira lanean. Aztarnategien bila ari dira. Eta, era berean, Lastur aldeko koba batean lanean ari dira, baita Astigarragako beste batean ere. Kasu horietan profesional
batekin jarduten dute. Haiek «esku bat botatzen» diote.
«Izan ere, guk esperientzia daukagu, eta horrek asko laguntzen du».

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide