Okupazioa oinarri

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urr. 11a, 10:47

Astebete daramate bost lagunek gurasoen etxetik kanpo, Iztuetxen bizitzen. Ikasleak eta langabetuak dira. Garbi dute ez daukatela etxetik irteteko beste modurik, eta okupatzea erabaki dute. Hartutakoa «Udalak itxita zeukan eta usteltzen ari zen» eraikina dela dio etxeko bizilagun berrietako batek. Lau solairu dauzka guztira etxeak, eta momentuz aurrenengoan bizi dira, baina bigarren eta hirugarren pisuak txukundu eta haietan bizitzen jartzeko asmoa daukate. «Aurrenengo solairua zegoen ondoen sartu ginenean, oheak ere bazeuzkan. Horregatik, behin-behinean hemen biziko gara denok. Bigarren pisua ere ongi dago; apur bat garbitzea falta da, eta oheak eta abarrak jartzea. Okerrena laugarren pisua dago. Han lan gehiago egin beharko dugu». Zentro soziala, lehen pisuan Denborarekin, herriari zerbitzua eskaintzeko asmoa ere badaukatela jakinarazi dute. Zentro soziala irekiko dute aurrenengo solairuan, eta laugarrengoan, berriz, tailer bat. «Zentro soziala musika zein filmeak trukatzeko tokia izango da. Linuxen zentro bat izatea ere nahiko genuke, eta, horrekin batera, herritarrei sotware askeko hainbat programa erakutsi ahal izatea». Doako librutegia ere jarriko dutela diote, nahi duenak liburuak har ditzan. «Jakinduria partekatzeko espazioa ere sortu nahiko genuke». «Batek elektrizitate mundua ezagutzen baldin badu, eta beste batek inturgintzaren nondik norakoak, gai horien inguan zerbait egiten erakutsiko dugu, norberak bere etxeko lanak egiteko aukera izan dezan». Tailer bat [...]

Astebete daramate bost lagunek gurasoen etxetik kanpo, Iztuetxen bizitzen. Ikasleak eta langabetuak dira. Garbi dute ez daukatela etxetik irteteko beste modurik, eta okupatzea erabaki dute. Hartutakoa «Udalak itxita zeukan eta usteltzen ari zen» eraikina dela dio etxeko bizilagun berrietako batek.


Lau solairu dauzka guztira etxeak, eta momentuz aurrenengoan bizi dira, baina bigarren eta hirugarren pisuak txukundu eta haietan bizitzen jartzeko asmoa daukate. «Aurrenengo solairua zegoen ondoen sartu ginenean, oheak ere bazeuzkan. Horregatik, behin-behinean hemen biziko gara denok. Bigarren pisua ere ongi dago; apur bat garbitzea falta da, eta oheak eta abarrak jartzea. Okerrena laugarren pisua dago. Han lan gehiago egin beharko dugu».
Zentro soziala, lehen pisuan
Denborarekin, herriari zerbitzua eskaintzeko asmoa ere badaukatela jakinarazi dute. Zentro soziala irekiko dute aurrenengo solairuan, eta laugarrengoan, berriz, tailer bat. «Zentro soziala musika zein filmeak trukatzeko tokia izango da. Linuxen zentro bat izatea ere nahiko genuke, eta, horrekin batera, herritarrei sotware askeko hainbat programa erakutsi ahal izatea». Doako librutegia ere jarriko dutela diote, nahi duenak liburuak har ditzan. «Jakinduria partekatzeko espazioa ere sortu nahiko genuke». «Batek elektrizitate mundua ezagutzen baldin badu, eta beste batek inturgintzaren nondik norakoak, gai horien inguan zerbait egiten erakutsiko dugu, norberak bere etxeko lanak egiteko aukera izan dezan». Tailer bat ere prestatuko dute azken solairuan, eta bildutako erremintak han jarriko dituzte eskuragarri, behar dituenarentzat. «Norbaitek obratxoren bat egin nahiko balu, bertatik hartzeko aukera izango luke».
Hitzaldiak emateko gela bat prestatzekoak ere badira aurrenengo pisuan. Okupazioaren bulegoa jartzeko asmoa ere badaukate, Bilbon dagoenaren modukoa. «Gaia asko ezagutzen ez duen jendeak horren berri jasotzeko aukera izango luke bertara etorrita. Legeei dagokienean egoera zein den azaltzen saiatuko gara. Eraikina publikoa den edo partikular baten den… Horren guztiaren nondik norakoak azaltzeko gune bat izango litzateke».
Herrian jendea «gustura» dagoela diote. «Hitz egin dugun guztiak gustora daude egin dugunarekin. Gazte jendea gustura agertu zaigu; gazte jendea esaten dudanean, 40 urtera arte esan nahi dut. Urteak dira horrelakorik egiten ez dela. Zaharrak eta txikiteroak gaizki esaka ari direla esan digute, baina denak gustura egotea ere ezinezkoa da».
Etxebizitza politika
«Etxe pila bat dago hutsa Azkoitian eta Azpeitian, eta sartu eta okupatu egin behar direla uste dut», dio haietako batek. «Aldarrikatzen jarduten dugu, baina azkenengo pauso hori falta izaten zaigu askotan». Beste batek dioenez, etxetik alde egiteko beste aukerarik ez du izan. «21 urte dauzkat, eta ez daukat lanik. Ezinezkoa da niretzat alokairua ordaitzea. Jende askok esaten du amaren etxean geldituko naiz, eta listo». Mahai gainean ez dutela bestelako aukerarik uste dute, eta gustatuko litzaiekeela jende gehiagok pauso hori eman, eta herrian etxe gehiago okupatzea. «Hori oso pozgarria izango litzateke guretzat», dio batek.

«Bizitzeko modu bat bezala ikusten dut nik», dio beste batek. «Ez daukazu zortzi orduko lan finko bat izan beharrik hemen bizitzeko, eta bestelako proiektuak egiteko aukera ere ematen du, gainera. Aberasteko lanean jardun beharrean, bizitzeko bestelako modu bat da hau». Okupazioa oso «erreminta indartsua» dela uste du; «jendea logika horretatik ateratzen laguntzen du».

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide