Azkoitiko baserritarrekin biltzen hasi da Udala, «haien nahi eta eskaerak» ezagutzeko helburuarekin. Inazio Gorosabel, Obra, zerbitzu eta baserrien zinegotziak gogorarazi du Bilduren oinarrietako bat «partaidetza» dela, eta ideia horri jarraituz hasi dira baserritarrekin hizketan. «Baserritarrak orain arte bigarren mailako herritarrak izan dira; politika herrian zentralizatuta egon da beti, kalean. Baserriko problematikak orain arte ez dira aipatu ere egin». Garbi utzi du Udaletik herria zerbitzatzeko daudela; beraz, baserritarren kezkak jasotzen ari dira.
Asteartekoa izan zen herriko baserritar denei deitutako aurrenengo bilera. «Inoiz ez zen halakorik lortu. Aretoa goraino bete zen». Hurrengo pausoa, auzoz auzo antolatzea dela jakinarazi du. Elosu, Urrategi, Kukuherri, Martirieta, Izarraitz, Santa Kruz eta Aizpurutxo auzoetan batzordeak sortu nahi dituzte. «Auzo bakoitzeko batzorde horiek harreman zuzena izango dute gurekin». Haiek auzoko kezkak ekarriko dizkiete, eta lan talde hori jaiak zein ekimen kulturalak antolatzeko ere erabiliko direla gaineratu du. «Lehenbizi harreman zuzena izaten saiatuko gara, eta ahal den neurrian baserrian bizi dena bultzatuko dugu, eta geure artean antolatzen saiatuko gara».
Batzordeen osaketa
Elosun, Madariagan eta Urrategin sortuta daude dagoeneko batzordeak, eta Santa Kruzen bada beste talde bat. Orain gainontzeko auzoetako zenbaitekin harremanetan jarri, eta batzordeak sortzen saiatuko direla jakinarazi du Gorosabelek.
Baserritarrek erakusti duten kezka nagusia, beste batzuen artean, basoetako bideen egoera da, zinegotziak esan duenez. Katalogo bat eratuko dute herriko pista guztien berri izateko. Pertsona bat ari da lanean horretarako, eta bideen egoeraren berri emango dute bertan, zein den pubikoa eta zein pribatua. Egoera txarrean daudela gogoratu du Gorosabelek, azken urteetan ez direlako berritu. «Bidea duela 25 urtetik gora egindakoak dira, eta dagoeneko pitzatuta eta apurtuta daude. Gainera, asko estuak dira. Orain berritu egin beharko dira».