Jaenen (Andaluzia, Espainia) dabil Iban Garate (Azkoitia, 1982), Miel de Naranja pelikulako grabazioan, Imanol Uribe zuzendariaren esanetara. Bera izango da protagonista, eta «Andaluziako beroari» aurre egin ezinda, denbora libre handiegirik gabe, Hitza-ren galdera batzuk erantzuteko tartetxoa hartzea lortu du gosaldu ondoren.
Nola ari zarete lanean, ito beharrean?
Filmaketako edozein egun izaten da itotzeko modukoa. Hamar orduko grabaketa, beste ordubete bat jateko; beraz, egunean hamaika ordu kentzen dizkizu. Zortzi ordu egin behar baditugu lo, ia egun osoa lanerako izaten da. Filmaketara joan, deskantsatzeko ordubetetxo bat, txoriei begira pasatu, bueltatu, zerbait afaldu, begiak itxi, eta lo. Diziplina apur bat izatea garrantzitsua da, eta ez desmadratzea; lo orduak errespetatu, eta abar. Horretara jartzen zarenean, horretara bakarrik bizi zara, eta ez dago besterik. Hemen entretenimendu batzuk baditugu, baina askorik ez dugu egiten. Tartetxo bat libre hartzea zaila izaten da; afalondoren agian, edo filmaketa bukatutakoan.
Noiztik ari zarete filmaketan?
Hasi, aurreko astelehenean hasi ginen, hilaren 12an. Baina abuztua Madrilen pasa dut, aurreprodukzioa esaten dena egiten. Ez egunero, astero-astero joaten nintzen bizpahiru egun pasatzera. Hara eta hona, ez itotzeko. Etxean prestatzen nituen testuak, baina apur bat deskantsatzeko izaten zen, Madrilekoa intentsiboagoa izaten baitzen. Gero, hasi aurretik, berriro asteazken batean Madrilera joan, eta Jerez aldera abiatu ginen, nahiz eta aurrenengo egunak Huelvako Linares de la Sierra izeneko herri batean egin genituen. Izugarrizko beroa egiten du hemen, ez dakit zer gertatzen den. Nik, gainera, gaizki eramaten dut. Soldaduskako trajea jantzita egon behar izaten dut; artilezko prakak, artilezko galtzerdiak, artilezko txaketa… Dena artilezkoa da. Nik uste inori ez diodala enbidiarik ematen [kar kar]. Orain, hala ere, egun ederrak egiten ari da. Goizean agian 30 bat gradu izaten dira, eta txorakeria iruditzen zait.
Noiz arte jardungo duzue filma grabatzen?
Linares de la Sierran hilaren 14ra arte egon ginen, urriaren 7ra arte egongo gara Jerezen, eta handik Madrilera abiatuko gara. Azaroko aurrenengo astera arte Madril eta Toledo bitartean egingo dugu filmaketa, beste lau astez.
Bitartean ez zara Euskal Herrira asko etorriko, beraz.
Batere ez. Esperantzatxo bat badaukat, urriaren 30ean Madrilen egon behar dudanez, Reala ikustera joango ote naizen, Real Madrilen aurka jokatzen duelako. Ongi dago entretenitzea, baina ahal den gertuena. Ni haraino joatea lan handia da. Izan ere, hegazkinaren menpe jartzen zara, eta atzeratzen baldin bada, arazo asko sor ditzazkezu filmaketa prozesuan. Beraz, bi hilabete etxetik kanpora pasako ditut.
Zeren ingurukoa da filma?
1950eko hamarkadan dago oinarrituta. Gazte bati soldaduska Cartagenan (Murtzia, Espainia) egitea egokitzen zaio. Bikotekidearen osaba epaitegi militarrean lan egiten duen teniente koronel bat da, eta haren bitartez, elkar hain urruti ez egoteko, ez dute Cartagenara bidaltzen. Beraz, teniente koronel horrek lan egiten duen epaitegira bidaltzen dute. Besteak beste epaiketak ikusten ditu, eta gustatzen ez zaizkion gauza batzuk nabaritzen hasten da. Garai hartan, epaiketetan gauza batzuk ez zirela ongi egiten konturatzen da. Hasiera batean ez zaio beste munduko ezer iruditzen, baina piskanaka konturatzen hasten da. Bere ama psikiatriko batean dago, eta hura zaintzen duen medikua epaitegira eramaten dute. Epaiketa beste begi batzuekin ikusten du, eta hor hasten da istorioa.
Hala ere, ez da pelikula politikoa; thriler erromantikoa edo thriler politikoa agian, baina ez da frankismoaren inguruko pelikula bat. Kontestu horretan gertatzen da, baina helburua ez da frankismoa erretratatzea, bi gazteren maitasun istorio bat kontatzea baizik. Testuinguru horretan da, baina edozein diktaduratan bizitako maitasun istorio bat izan liteke, ez justu frankismoan kokatutakoa.
Imanol Uribere da zuzendaria. Gustura al zabiltza harekin?
Bai. Ni oso ongi zaintzen naute. Oso gustora nago. Tipo irekia da, oso erraza traturako, eta aktoreok behintzat asko baloratzen dugun zerbait da hori. Harekin hitz egin daiteke, proposamenak egin… Gero, agian, ez ditu kontuan izango, baina entzun behintzat, entzuten ditu. Berriketarako irekita dago, norberak berea proposatzen dio, eta zentzu horretan aktoreak, behintzat, oso gustura gaude. Gainera, grabaketa erlaxatua izaten ari da; planak ongi betetzen ari gara. Ordua baino lehenago ere amaitu izan dugu.
Uriberekin lan egitea espero eta nahi al zenuen?
Nahi nahi, denok egin nahi dugu zerbait polita edo handia. Datorren urtean Espainian egingo diren pelikuletatik handienetakoa dela uste dut. Lau handi izango dira, eta horien artean hau dago. Erronka eta erantzukizun handia da horrelako pelikula bat egitea. Kasu honetan, gainera, protagonista izatea tokatzen zait. Konfiantza eman didate, eta neurri batean erantzun egin behar dut. Baina gustura hartzen da, egunen batean apustu hori ere egin behar dela iruditzen baitzait. Aukera dagoenean beste leku batzuetara joan eta beste jende batekin lana egin behar da.
Arriya arrakasta handia izaten ari da. Espero al zenuen?
Azpeitian bi astean eman dute filma, jakin dut. Asko pozten naiz. Gauzak jendeari gustatzeko egiten ditugu, hori da aurrenengo lana. Geuk gustura egon behar dugu gure apustu artistikoarekin, baina gero jendeari gustatzeko, jakina. Bagenekien Malagatik nahiko ongi atera zela pelikula, eta sumatzen zen jendea ikusteko zain zela. Oraingoz ez dakit zenbat ikusle izan dituen, baina estreinaldiko asteburuan Donostian ikusiena izateak, adibidez, poza ematen du. Iritziak aldekoak zein kontrakoak daude, behar duen bezala, eta denak dira ongi etorriak; errespetuz datozenak, gutxienez. Jendea ikustera joaten bada, gustura egongo gara.