Ramadamaren hilabetea «musulmanentzako hilabeterik garrantzitsuena izaten da». Hala uste du Mohammad Umar Farrooq pakistandarrak. Bera eta beste zenbait lagun iluntzeko zain dauden bitartean, gosez eta egarriz, Euskal Herriko bizimoduaren nondik norakoak azaltzen ari zaizkie Edorta Jimenezek. Berrogeialdiaren eta ramadamaren alderaketa, Amerikaren deskubrimenduarekin Euskal Herriak eta munduak izan zuen aldaketa, Loiola eta San Inazioren nondik norakoak, Azkoitiko andramariak… Denetariko azalpenak ari dira jasotzen idazlearen ahotik. Amaitu duenean, barazkiz betetako poltsa bat oparitu diote alde egin aurretik. Ondoren, ramadamaz hitz egiten hasi dira batzuk.
«Musulman guztiek errespetatzen dute». Hau da, eguzkia irteten denetik ezkutatzen denera arte, musulmanen eztarritik ezin izaten du ezer pasa, ez janaririk, ez likidorik eta ezta kerik ere; beraz, jan, edan eta erre gabe egoten dira, goizaldeko 5:00etatik 21:15era arte.
«Jainkoa gurekin gustura egotea nahi dugu», dio Umar Farrooqek ramadamaren zergatia azaltzen saiatzen ari dela. Egun batean bakarrik egiteak ez lukeela esfortzu handiegirik eskatuko uste du, beraz, horregatik hilabete osoa egoten dira erritu hori betetzen. Bestelako arrazoiak ere badauzkate, ordea. «Mundu guztian behartsu asko dago. Guk nahi adina jaten dugu urtean zehar, baina ramadameko hilabetean behintzat jan gabe egotea zer den ikasten dugu».
Pertsona bat gaixorik baldin badago, ez dago derrigortuta ez jatera. Sendatzen denean berriro ekinda nahikoa dela diote. Haurrek ere ez dute egiten, hamalau urtetik aurrera derrigortzen baitituzte hilabete hori errespetatzera. Hainbeste ordu jan eta edan gabe pasatzea gogorra egiten zaien zaharrenak ere libre dira egunez jateko. «Bidaian zaudenean ere, esaterako, ez daukazu errespetatu beharrik».
Aurtengoan abuztua suertatu den arren, urtetik urtera aldatzen joaten da ramadam garaia; musulmanen egutegiaren arabera, hain zuzen. Naveed Akhtarek azaltzen du hori guztia. «Ilargiaren arabera gabiltza gu. Beraz, gure urtea hamar-hamabost bat egun lehenago hasten da. Horregatik, ramadamaren hilabetea ere lehenago izaten da urtero, hemengo egutegiarekin alderatuta. Iaz abuztuaren 23an hasi ginen, eta aurten abuztuaren 1ean».
«Gauean nahi adina jan genezzake. Bakoitzaren gustuen arabera izaten da. Noizean behin afari bereziak egiten ditugu indarberritzeko, astean behin-edo», dio Akhtarek. Hala ere, aurten abuztua tokatu denez, beste urteetan baino gehiago egiten ari direla aitortu du barre txikiarekin. «Aurten ia egunero egiten ari gara».
Barauaz gain, beste zenbait gauza ere hartu behar dituzte kontuan. «Ramadam bitartean ezin dugu pentsamentu txarrik izan, eta jendearekin errespetuz jokatu beharra daukagu. Urte guztian egin beharrekoa da hori, baina ramadam garaian zorrotzago», dio Rizwan Alik.
«Osasunerako ona»
Sufritzen al den galdetuta, azkar erantzun du ezetz Umar Farrooqek. «Denak oso gustura daude ramadamarekin». Akhtaren esanetan, ohituta daude. «Txikitatik gaude ohituta ramadama egitera. Lanean bagaude ere, beti errespetatzen dugu». Osasunarentzat ona dela iritzi dio, gainera, Farrooqek: «Urte guztian pilatutako zikinkeriak botatzen dira goseak gaudenean; beraz, ona da gorputzarentzako».
Ilargiagatik, Pakistanen Euskal Herrian baino egun bat geroago hasten dira ramadama egiten. Han eta hemen errespetatzen dela iritzi diote, baina han gehiengo musulmana denez, festa handiagoa izaten da. «Lanean ere ordu gutxiago sartzen ditugu», dio Alik. «Hemen gutxi gaudenez, ezberdin egiten dugu. Baina hala ere errespetatzen dugu».
Hilaren 29a arte egongo dira egunez baraurik, eta Eid Fitr egunarekin emango diote amaiera. Egun hori ospatu egiten dute, eta denetarik jan dezakete orduan. Festa hortatik aurrera ramadama amaitu eta eguerokotasunera itzultzen dira. Horretarako, behartsuenentzat dirua biltzen dela diote guztiek ospatu ahal izateko. «Hemen, adibidez, gure artean inor ez da behartsua, baina hara bidaltzen dugu dirua; eta han bai, guztien artean banatzen dute», Farrooqen hitzetan.
Euskara ikasten
Alemaniatik etorria, euskarazko irakaslea da Petra Elser. «Sei lagunekin hasi ginen, eta orain 30 ari dira euskara ikasten». Pakistandarrei ematen die, eta ordu eta erdiz jarduten da Jimenez bertako ohituren berri ematen, eta beste ordu eta erdi euskara ikasteko erabiltzen dute. «Herri bakoitzak bere kultura dauka, eta orain Euskal Herrian gaudenez, bertakoa ikasi nahi dugu», argitu du Faarooqek.