Maxixatzen Euskara Elkarteak eta Sahatsa dantza taldeari omenalditxoa egingo dio Udalak herriko festei hasiera eman aurretik. Igandean Hamabost urte beteko dira Maxixatzen-ek aurrenengo alea atera zuenetik, eta 35 urte bete dira aurten Sahatsa sortu zenetik.
Udalak oroigarri bana emango die talde bakoitzari, bati euskararen alde egindako lanagatik eta besteari euskal kulturgintza zabaltzen egindakoagatik. Horiekin batera, gudari izandako bi azkoitiar ere omenduko ditutze festak hasi aurretik: Iñaki Isasmendi Ardixe eta Xabier Larrañaga Txanton. Ardixe uztailean hil zen, eta Txanton , berriz, duela sei urte.
«Inondik inora ez genuen espero». Hala dio Maxixatzeneko Karmen Irizarrek. Taldeko bi «beteranoenak» izango dira balkoian, baina txupinazo aurretik egingo zaien omenalditxoan kide guztiek hartuko dute parte. «Euskarazko kultur mundun lanean aritu garen bi talde garelako eman digute aukera, hala esango nuke». Irizar, zazpi urtean Sahatsan ibilitakoa da. Txupinazo berezia izango du, beraz. «Alde horretatik ilusio bikoitza daukat».
Sahatsako zuzendari Juan Luis Lizabek ere ez zuela espero dio; batez ere duela hamar urte — taldeak 25. urte bete zituenean— han izan zirelako. «Ohorea da», adierazi du zuzendariak. «Azken 35 urteetan egindako lanagatik instituzioen, kasu honetan Azkoitiko Udalaren, aitormena» delakoan dago. Hala, pozik da eskaini dioten aukerarekin. Uztailaren 21ean izan zuten Udalak txupinazoaren inguruan zeukan asmoaren berri. Erabakia «erraz» hartu zutela dio, gustura baitaude egingo dutenarekin. «Modu horretako gauzei beti baietz esaten zaio». Harreman onak daukagu
Udalarekin, eta, beraz, baiezkoa eman genuen. Txupinazoa
botatzea «denbora librean, kultur mailako, kiroletako edo bestelako modalitateak bultzatzen
lanean dabiltzan herritar
guztiek merezi» dutela uste du Lizabek.
Lanean jarraitzeko asmotan
Egunik ez dute jarri, baina Maxixatzenen aldizkaria berriro publikatzen hasteko hainbat proiektu ari dira aztertzen Euskara Elkartetik. «Momenturik onena ere ez da ekonomia aldetik. Batez ere zenbakiak egiten ari gara, eta horrek pisu handia izango du erabakia hartzerako momentuan», Irizarren esanetan.
Sahatsa sortu zela 35 urte pasa dira, baina zuzendariak dioen bezala, orduko «helburu ber-berekin» jarraitzen du taldeak: «Bailaran dantza tradizionalak eta euskal folklorea sustatzea zein zabaltzea».