Badoaz, mende eta erdi egin ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko abu. 10a, 06:51

Mertxe Urreta, Trinidad Arratibel, Maria Jesus Ruiz de Gauna, Arantxa Egiguren, Margari Odriozola eta Maria Jose Eizagirre dira Trinidadeko Alaben Azkoitiko azkenengo mojak. 144 urte dira kongregazioa herrira iritsi zela, eta aurten joango dira. Zergatia galdetutakoan, denak ados daude: «Bokazio faltagatik» izan da aldaketa. «Zurrumurru asko omen dago herrian, baina bokazio faltagatik goaz, ez alkatearekin edo enpressarekin gaizki konpontzen garelako». Hala dio, behintzat, Eizagirrek. Azkenengo urteetan, gero eta moja gutxiago daudelako, daldaketak egiten ari dira kongregazioan, eta zenbait zentru ixten ari dira. Mojetako hiru itxitako komunitate batetik iritsiak dira Azkoitira. «Gazteak ez dira animatzen-eta..», dio Eizagirrek. Arratibelek dioen bezala, «orain beste modu batera egiten dira gauzak». Herriak hala eskatuta iritsi ziren Karitateko Alabak, Ugarte kalean jarri zuten egoitza, behartsuenei laguntzeko. 1981ean aldatu ziren tokiz, eta San Jose egoitzara joan. Hantxe daude azkenengo sei emakumeak. Irailaren 18an omenaldia egingo diote herritar batzuk antolatuta, azken 144 urteetan azkoitiarrei eman dieten zerbitzua eskertzeko. «Ez luke hala izan behar, baina… Guk omenaldia zertarako behar dugu ba!», dio Arratibelek. «Ez gaude ohituta horretara, eta, gainera, ez dugu horregatik egiten, baina egin behar badigute, eskertuta hartuko dugu», jakinarazi du Egigurenek. Arratibelek Azkoitiak eta bertakoek eman dieten laguntza nabarmendu du. 32 urte daramatza bertan. «Eskerrak eman beharrean [...]

Mertxe Urreta, Trinidad Arratibel, Maria Jesus Ruiz de Gauna, Arantxa Egiguren, Margari Odriozola eta Maria Jose Eizagirre dira Trinidadeko Alaben Azkoitiko azkenengo mojak. 144 urte dira kongregazioa herrira iritsi zela, eta aurten joango dira. Zergatia galdetutakoan, denak ados daude: «Bokazio faltagatik» izan da aldaketa. «Zurrumurru asko omen dago herrian, baina bokazio faltagatik goaz, ez alkatearekin edo enpressarekin gaizki konpontzen garelako». Hala dio, behintzat, Eizagirrek. Azkenengo urteetan, gero eta moja gutxiago daudelako, daldaketak egiten ari dira kongregazioan, eta zenbait zentru ixten ari dira. Mojetako hiru itxitako komunitate batetik iritsiak dira Azkoitira. «Gazteak ez dira animatzen-eta..», dio Eizagirrek. Arratibelek dioen bezala, «orain beste modu batera egiten dira gauzak».
Herriak hala eskatuta iritsi ziren Karitateko Alabak, Ugarte kalean jarri zuten egoitza, behartsuenei laguntzeko. 1981ean aldatu ziren tokiz, eta San Jose egoitzara joan. Hantxe daude azkenengo sei emakumeak.
Irailaren 18an omenaldia egingo diote herritar batzuk antolatuta, azken 144 urteetan azkoitiarrei eman dieten zerbitzua eskertzeko. «Ez luke hala izan behar, baina… Guk omenaldia zertarako behar dugu ba!», dio Arratibelek. «Ez gaude ohituta horretara, eta, gainera, ez dugu horregatik egiten, baina egin behar badigute, eskertuta hartuko dugu», jakinarazi du Egigurenek.
Arratibelek Azkoitiak eta bertakoek eman dieten laguntza nabarmendu du. 32 urte daramatza bertan. «Eskerrak eman beharrean gaude Azkoitiko herriari. Asko lagundu izan digute beti. Lekuz aldatu ginenean mojek, zaharrek eta gaixoek beren etxeetan hartu gintuzten egoitzako lanak egin bitartean. Amaitutakoan, gainera, herritarrek garbitu zuten goitik beheraino egoitza».
Garai batetik gaur arte lana egiteko moduak asko aldatu dira. «Kale baztarrean» topatutako jendeari laguntzen zioten mojek lehen; baina orain ez, orain «behar duena etortzen» dela dio Arratibelek.
«Aspaldiko» inbentarioak dituzte bertan, eta haiek aztertzen arituak dira. Ikusi dutenaren arabera, abarketak, txapelak eta beste hainbat jantzi egiten ziren garai batean, Eizagirreren arabera. «Baratzatik bizi ziren, eta baserrietan janaria biltzen ere aritzen ziren». Eskolak emateari utzi zioten arte, umeekin antzerkiak egiten zituzten . «Egoitzako langile batzuen gurasoak horretan jarduten zutela oroitzen dira».
Egun langile moduan bi moja daude, eta gainontzekoak, berriz, boluntario gisa hartzen dira. Lanean daudenak, enpresako gainontzeko langileak bezala dira, eta beste ahizpak laguntzen aritzen dira. «Pasiatu, jaten eman, baten batek ospitalera joan behar baldin badu, eta laguntzeko inor ez baldin badauka, hara joaten lagundu… Gauza txiki batzuk egiten ditugu». Horrela definitzen du bere lana Egigurenek.

«Apaizik ez dagoenez, liturgia ere egiten dugu», Eizagirreren esanetan. «Zaharrak oraindik elizkoiak direnez, eskatu egiten dute askotan, eta geuk egiten dugu». Egoera berriagatik, lekuz aldatuko dituzte. Urreta eta Arratibel Gernikara joango dira; Odriozola eta Ruiz de Gauna, Oñatira; Egiguren Tolosara, eta Eizagirre noiz esango zioten zain zegoen elkarrizketan.
Tokiz mugitzeagatik «pena hartu» duten arren, tristura handiena bertan «inor ez gelditzeak» ematen die, eta hala dela argi erakutsi dute guztiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide