Azkoitiko janari dendetan, eta, batik bat, harategietan eta okindegietan, euskararen erabilera sustatzeko materiala banatu berri du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Azken urteetan, herri merkataritza euskalduntzeko ahaleginean ari da Udala, eta ahalegin horretan, beste pauso bat da oraingoa.
Euskararen erabilera sustatzeko oraingo kanpaina bereziki harategiei eta okindegiei zuzendutakoa da, baina herriko merkataritza euskalduntzeko ahalegin horretan beste arlo batzuk lantzeko ekimenak ere egin dituzte azken urteetan: ostalaritzari, higiezin bulegoei, estetika zentroei, ile apaindegiei eta drogeriei zuzendutako ikastaroak, saioak eta materiala argitaratu dute. Aurten, ordea, janariekin edo elikagaiekin lotutako establezimenduak dituzte helburu.
Harategietan eta okindegietan ere euskaraz egiteko materiala banatu berri du Udalak herriko janari dendetan: harategietako eta okindegietako gidaliburuak, hitz zerrenden kartela eta CD-a. Laster, gainera, materiala supermerkatu handietan eta txikietan ere banatuko du.
Elikagaien establezimenduetan euskarak duen presentzia handitzeko asmoarekin gidaliburuak eta CDa kaleratu ditu euskara zerbitzuak. «Eguneroko lanerako balio duten hainbat kontu» gehitu dituzte, hala nola, hiztegia eta ohiko hitzen zerrenda, ohar eta kartelen ereduak; izen komertziala, biltzeko papera eta autoen errotuluak euskaraz idazteko gomendioak… Gainera, CDan «norberak bere establezimenduaren beharretara egokitzeko moduan» jarri dituzte ereduak. «Merkatariek behar dituztenean, ordenagailuan moldatu, inprimatu eta dendan jartzea baino ez dute egin beharko», azaldu dute merkataritzan euskara sustatzeko arduradunek.
Janari dendetako bezeroei zuzendutako materiala ere banatu dute. Produktuen izenekin osatutako kartelak banatu dizkiete merkatariei, dendan bezeroek ikusteko moduan jartzeko. «Karteletan janari dendetan ohiko diren hitzak euskaraz eta gaztelaniaz zerrendatuta azaltzen dira, bezeroei produktuen euskarazko izenak ezagutzera emateko, eta euskaraz eskatzera animatzeko».
Aurretik azterketa
Janari dendetako materiala prestatzen hasi aurretik Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko dendetako egoera aztertu du. Ahozkoan euskararen erabilera nagusitzen dela ikusi dute, baina «idatzizkoan zalantzak eta ohitura falta dago euskara eroso erabiltzeko». Materiala egoera hori «arindu eta errazteko» sortu dute.
Azterketan parte hartu duten establezimendu guztiei eskerrak helarazi dizkie euskara zerbitzuak, eta materiala erabiltzera ere animatu ditu. Herritarrak janari dendetan ere euskara erabiltzera animatu dituzte.