Ken Zazpi eta Gozategiren kontzertuak plazan, pakistandarren festa Elkargunean bezperaren bezperan, laburmetrai lehiaketa, umeentzat kale antzerkia, piroteknia erakustaldia, bigarren pilota txapelketa, baserri giroko jokoak Baserritarren Egunerako, futbol partida zezenarekin hilaren 18rako… Andramarietako festa programa ari da forma hartzen, eta gustura dago Ibon Arrieta kultura, kirola, festa eta aisia zinegotzia. «Eragile guztiekin eta hainbat herritarrekin batera ari gara osatzen egitaraua. Festa parte-hartzaileak izango dira», dio.
Pasa den astelehenean egin zuten jai parte-hartzaileak sustatzeko bigarren bilera. Ez zen lehenengoa bezain jendetsua izan; orduan 70 bat lagun elkartu ziren, eta bigarren hitzorduan, berriz, 25 bat. «Norbanako gutxi agertu zen bilkurara, baina eragile guztiekin harremanetan gaude: tabernariekin, bertsolariekin, trikitilariekin, futbolekoekin, atletismo taldearekin, pilota elkarteekin, margolariekin… Baita aurretik festa batzordean jardundakoekin, festekin harremana izan dutenekin. Norbanakoak talderen batera edo bestera gerturatu direla uste dut, eta haien bidez bideratu dituztela proposamenak». Bilera, batez ere, koordinaziorako izan zen baliagarria; ekitaldiak ordu berean izan ez daitezen, eta halakoak zehazteko.
Lehen bileran mahai gainean jarritako proposamenak eztabaidatu zituzten astelehenean, eta beste batzuk gehitu. «Aurreko bileran hilaren 18an baltsa jaitsiera egiteko ideia atera zen. Baina atzera bota dugu, jendeak ez baitu garbi ikusi. Ez da ur askorik egoten data horietan», azaldu du Arrietak. «Azken momentuan, akaso, egitea erabaki genezake, euria egingo balu-edo».
Laburmetrai lehiaketa
Hainbat ekitaldi lotu dute, ordea. «Pakistandar talde bat izan zen bileran, euren herrialdearen independentzia egunaren harira, andramaxetan festa antolatu nahi zutela esanez», azaldu du. «Andramari egunean egitea ez zitzaigun egokia iruditu, baina bezperaren bezperan, abuztuaren 13rako polita zela pentsatu genuen. Elkargunean egingo da, herrialde hartako jakiekin-eta».
Egitarauko berrikuntza nabarmenetakoa Andramaixetako
I. Laburmetrai Txapelketa izango da. Abuztuaren 15ean aukeratuko dute irabazlea, herriko plazan, bertaratzen diren herritarrek.
Gaiari dagokionean, andramariekin lotura izan beharko du. Bi eta bost minutu artekoa izan beharko du laburmetraiak, eta formatu digitalean grabatu beharko da. DVD, CD edo edozein ordenagailuk irakurriko duen formatuan. Hala esan dute Udaletik.
Era berean, ezinbestekoa izango da euskaraz izatea. Abuztuaren 12a izango da lanak aurkezteko azken eguna, Azkoitiko udaletxeko harrera bulegoan. Sariak ere zehaztu dituzte: 350 euro eta oroigarria onenarentzat, 200 euro eta oroigarria bigarren onenarentzat, eta 100 euro eta oroigarria hirugarrenarentzat. Informazio gehiagorako Kultura Sailera (943-85 71 70) jo daiteke, edo kultu@azkoitia.net helbidera idatzi.
Plazako kontzertuak ere lotu dituzte tabernariek. Ken 7k joko du hilaren 16an, eta Gozategik 13an. Udalarekiko elkarlanarekin gustura daudela adierazi du Axen Etxanizek. Baina tabernariek ez dute kontzertuak bakarrik antolatuko. Aurten, Sagardo Eguneeko, hilaren 16ko, pilota partidaren ardura izango dute. Pilotari ohiek eta azkoitiarrek osatuko dituzte bikoteak.