Azkoitiko alkatea da Pello Bastarrika (Azkoitia, 1953) ekainaren 11tik. «35 urte irakasle lanetan aritu eta gero, egun batetik besterako aldaketa» izan dela dio. Hala ere, «gogo handiz» hartu du kargua, eta «herritarrentzat lana» egiteko gogoz dagoela dio.
Zer moduz joan da aurrenengo hilabete eta erdia?
Oso ondo, oso gustura. Baina gogorra ere izan da. Egunero-egunero heltzen zaizkigu esku artera aurreikusi gabeko kontuak. Beraz, alde horretatik oso gogorra da. Lehen neukan bizimoduarekin alderatuz gero… Erabat ezberdina da.
Nola hartu zenuen alkategai izateko erabakia?
Nik ez neukan barneraturik istorio hau. Nik inoiz ez dut pentsatu ez politikan, ezta udaletxean egotea ere. Ez da nire barruan egon hori. Baina Euskal Herrian bizi dugun egoera bereziaren ondorioz, beste herritar multzo handi bat laguntza eske edo bila etorri zitzaigun beste jende multzo bati, ni tartean. Eta jakina, ezin nuen ukatu laguntza. Barruan bada zerbait; batzuk bihotza deitzen diote, beste batzuk patata deitzen diogu. Horrek bultzatu nau erabakia hartzera. Baina horregatik izan da; beste inolako helbururik ez dago.
Hauteskunde aurretik espero al zenuen hemen egongo zinenik?
Koalizioa proposatzera etorri zitzaizkidanean, ez nuen espero. Hauteskunde eguna baino hilabete eta erdi inguru lehenago izan zen hori. Ez nuen nire burua zerrendaburu ikusten, baina zinegotzi lanak egitea tokatuko zitzaidala pentsatzean, hainbesteraino zergatik ez dut ba egingo?, esaten nuen. Baina gero, kanpaina aurrera joan ahala, eta hauteskundeak baino hamar bat egun lehenago gutxi gora behera, baietz ikusi nuen. Nire buruari esan nion: . Egoera ez duk orain dela hilabete eta erdi espero huen bezalakoa.
Jende askok sorpresa hartu zuen hauteskunde egunean, baina nik ordurako barneratuta neukan emaitza. Kalean sumatzen nuen hori. Herritarrek nirekiko halako gertutasuna zeukatela ikusten nuen. Seinale nabarmena izan zen.
[Joka du telefonoa...] Dei asko jasoko dituzu, ezta?
Bai, dei asko. Jendea zuzenean ere etortzen zait, nirekin egon nahi duela-eta. Alde batetik, normala da. Guk ere horixe nahi dugu: jendea gerturatzea eta Udalarekin harreman zuzena izatea. Nire aldetik, printzipioz, nirekin egon nahi duenak ateak zabalik ditu. Jakin dezatela hori herritarrek. Gainera, zera diot behin eta berriz: Alkatea guztiona da. Alkatea herritarrena da, eta alkateak herritarrengana hurbildu beharko luke. Ez dugu nahi herria Udalarena izatea, Udala herriarena izatea baizik.
Bilduk eskualde osoan emaitza onak izan ditu. Zergatik izan dela uste duzu?
Nik uste dut hau ez dela egun batetik bestera sortu den olatu bat. Olatu hau lehendik zetorren. Lehentxeago edo geroago herri honek bere benetako nahia zein den adieraziko zuela ikusten nuen. Hauteskundeetan nabarmen ikusi da hori. Ez da bat-batekoa; ez da hor zehar eta zenbaitzuk dioten bezala, istripu bat izan. Lehendik neuk behintzat pertsonalki ikusten nuen lehentxeago edo geroago etorriko zela, eta hala izan da. Orain gure apustua honekin jarraitzea da.
EAJk dio «oposizio eraikitzailea» egingo duela. Udalbatzarrean «harritu» zituzten gaiak ere plazaratu dituzte. Ba al duzu horren aurrean esateko zer edozer?
Politika da, ulertzen dut. Egia esan, ni ez naiz inoiz politikoa izan; eta ez daukat eskarmeturik. Orain ari naiz politika zer den ikusten. Beraz, hau normaltasunaren barruan ikusten dut. Prentsaurrekoan horrelako deklarazioak egitea normaltasunaren barruan ikusten dut.
Politikan egiten diren adierazpen asko ez dira egia borobilak izaten. Garbi ikusten dut. Bakoitzak adierazpenak komeni zaizkion moduan egiten ditu. EAJren adierazpenaren inguruan, ez dut esango dena gezurra esan zutenik, baina zenbait egia ezkutatu egin zutela esango nuke. Baina besterik gabe,normaltasunez ikusten dut.
Soldatak %40 jaitsi dituzue, baina ordainsariei dagokionez ez zarete ados jarri.
Plenoetara eta batzordeetara etortzeagatik ematen diren ordainsariak, eta hilero talde bakoitzari eman behar zaion diru kopurua %35 jaistea proposatu genuen. Plenoan berdinketa egon zenez, erabaki gabe gelditu zen. Datorren asteko bilkuran adostuko ditugulakoan gaude.
Garbi esan behar da: alderdi zehatz batetik ez zela halako eragozpenik egon gure soldatak jaisteko. Aldiz, ordainsariak eta talde zein zinegotziek kobratu behar zutena murrizteko proposamenari emendakina jarri zioten.
Parte-hartzea sustatzearen alde agertu zarete. Zer asmo daukazue horretarako?
Gure lehentasunetako bat, hain zuzen, kudeaketa gardenaz gain, herritarren parte-hartzea gauzatzea eta sustatzea da. Horretarako, irailetik aurrera herritarrek parte hartzeko zenbait kontseilu martxan jarri nahi dugu. Noski, kotseiluetatik datozen proposamenak, proiektuak, nahiak zein egitasmoak batzordeetan aurkezteko konpromisoa izango genuke. Horrek esan nahi du, batzordeetako zenbait gai kontseiluetatik etorrikoak izango direla.