Orion Elkarteak urteak daramatza ehiza eta arrantza ekimenak
zein txapelketak antolatzen. Urtean bi galeper tiraketa antolatzen dituzte, eta plater tiraketak, berriz, hiru. Andramari jaietan bat, sanandresetan bigarrena, eta Aingeru Guardako kaleko festetan hirugarrena. «Lehen txakur txapelketak ere antolatzen genituen, baina jende gutxik hartzen zuen parte. Betikoak joaten ginen, eta kostu handia zeukanez, utzi egin genion», dio Gregorio Sanchez elkarteko lehendakariak. Gaztetxoentzako arrantza txapelketa eta karabinen beste bat ere antolatzen dute. Txori kantarien lehiaketa prestatzen dute urtero, eta aurten Euskadiko txapelketa herrian jokatu da.
Zortzi lagun daude zuzendaritzan, eta gutxi gorabehera horiek ibiltzen dira ekimenak prestatzen. «Urteak daramatzagu zuzendaritzan. Izan ere, inork ez dio heldu nahi, lana eskatzen baitu», dio Jose Inazio Gartzia Txaparro-k.
1920ko hamarkadan ireki zuten aurrenengo aldiz Orion Arrantza eta Ehizeko Elkartea, eta urte asko pasa ondoren itxi egin zuten. Egun Zakela dagoen lokala zen elkartea. Orain elkartearen sortzaileei omenaldi txiki bat egitekotan dira. «Haien familiakoak gonbidatu nahi ditugu bertara», dio lehendakariak. 1974an beste lokal bat ireki zuten, eta orduan «400 bazkidetik gora zeuzkan, baina aurreko lehendakariaren gestio txarraren ondorioz, jendea aspertu eta alde egiten hasi zen», lehendakari berriaren ustetan. «Guk hartu genuenean, 25 bazkide baino ez zeuden,eta orain 60 dauzkagu. Apur bat gora egin dugu». Baina bazkideak lortzea kosta egiten da; argi du hori. «Gustatu egin behar zaizu, bestela… Afizio apur bat ez baldin badaukazu, ez zaizu gustatuko», dio Gartziak. Biak lokal berria hartu zenetik daude Elkartean.
Ekimenetara gazte batzuk ere gerturatzen direla diote. «Arrantza txapelketan asko izaten dira, eta bazkide gazte batzuk ere baditugu», dio Txaparro-k. «Ez guk nahiko genukeen adina, baina ezin dituzu derrigortu. Haien joera izan behar du», Sanchezen esanetan.
Datu zaharrak biltzen
«Pixkanaka-pixkanaka» elkartearen sortzaileak izan zirenen izenak, datuak zein argazkiak biltzen ari dira, Txaparro-ren esanetan. «Udaletxeari eskatu dizkiogu. Polita da hori guztia jakitea, ondoren gazteei uzteko. Zein ekimen egiten zituzten, zein historia daukan; hori guztia jakin nahi dugu». Duela bi urte hasi ziren, eta nahiko aurreratuta daukatela dio.
Garai batean tirorako prestatutako zelaia ere bazegoen Azkoitian, «bi kantxarekin». «Orduan, Europako hirugarren gune garrantzitsuena zen hura». Gaurko egunean guneak ixten ari direla dio, ordea. Azkoitikoa berez itxita dagoen arren, ekintza jakin
horietarako baimena ematen diete. «Udalak eta baserritarrek antolatzeko baimena ematen digute, guztia ere ez digute kendu nahi- eta». Arrain haztegi bat ere bazeukaten lehenago, eta amuarrainak hazitakoan ibaira botatzen zituzten, arrantzarako nahiko arrain izateko. «Baina orain debekatuta dago. Aldundiak ez du uzten».
Antolatzen dituzten galeper tiraketak herrialde mailakoak izaten dira. Ehizeko Federazioko agenda ofizialean sartzen dira. Plater jaurtiketan ere hala antolatzen dituzte. «Herri mailakoak egiten hasi ginen, baina kanpoko jende asko etortzen zen, eta ezin izaten genion utzi, herri mailakoa zenez. Orduan, Gipuzkoa mailakoa egitea erabaki genuen. 14 – 15 urte izango dira antolatzen duguna. Azkenengo galeper tiraketan 53 parte-hartzaile izan ziren. 640 pieza baino gehiago askatu zituzten. «Asko da», Txaparro-ren hitzetan. Hiru txapelketa ofizial egiten dituzte Gipuzkoan; bi Orionenak eta beste bat Oreretan.
«Mundu hau gustatzen zaigulako egiten dugu hori guztia. Txikitatik gustatu izan zaigu, eta jarraipena emateko modu bat da», dio Sanchezek. «Arrantza txapelketa gehienbat gaztetxoentzat egiten dugu. Indar handia hartzen ari da, gainera».
Ekimen horiek guztiak antolatzea diru asko kostatzen da, eta bazkide bakoitzak urtean hogei euro ordaintzen du —gaztetxoek hiru euro—. Horrekin soilik kosta egiten zaie gastuei aurre egitea. Horregatik, 1.500 euroko balioa daukan saria zozkatuko dute sanandresetarako. «Txapeketak
eta irteerak antolatzeko dirua» lortu nahi dutela dio lehendakariak.