Azkoitiko Udalak 2010ean egindako jarduerak aztertuko ditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Horretarako, dagoeneko hasita daude auzitegiko langileak informazioa biltzen udaletxean. Finantza eta kontabilitatea aztertzeko organo bat da hori, eta Eusko Legebiltzarrak eskatuta joaten dira udal bat edo beste aztertzera; izan ere, urtez urte udaletetxe batzuk aukeratu eta aztertzen dituzte. Urte batean batzuei tokatuko zaio eta bestean beste batzuei. Aurtengoan Azkoitia izan da horietako bat.
Kontu Auzitegia Eusko Legebiltzarraren baitakoa da zuzen-zuzenean, hark izendatzen baitu, eta hari azaldu behar baitizkio kontuak. 2010eko jarduerak aztertuko dituzten arren, beste urte bateko erabakiak diren, baina 2010eko kontuekin lotuta daudenak ere ikertuko dituzte. Adibidez, iazko kontuetan duela hamar urteko kontratazio espediente bat baldin badago, orduko espediente horietara jo, eta haiek ere aztertu egingo dituzte. Beraz, 2010a aztertzen duten arren, aurreko urteetako ekintzetara ere jo lezake.
Udaleko arloetako prozeduretan legea ongi bete al den edo ez aztertuko beharko dute. Honakoak dira arloak zehazki: Aurrekontuak eta kontabilitatea; langileriaren kudeaketa, diru-laguntzak; kontratazio espediente esanguratsuenak eta finantzen analisia.
Udalak gune bat egoki tu du datuak jasotzen ari diren langileen zerbitzura. Hau da, lau pertsona, lau hilabetean han ibiliko dira beharrezkoak duten informazio guztia biltzen. Ondoren, datu horiekin txosten bat sortuko du beste talde batek. Duela bi aste hasi ziren lanean udaletxean, eta urrira bitartean arituko dira horretan.
Udalarentzat, «egokia»
Azkoitiko Udal berriko kideek garbi utzi dute «ongi iruditzen» zaiela azterketa hori egitea. Aurreko urtean akatsen bat izan balitz, berriro ez errepikatzeko balioko duela uste baitute. «Gauzak ongi egin nahi ditugu, eta zerbait ez dela ongi egin erakusten baldin badu azterketa horrek, aldatu eta zuzentzeko balioko ligukeela deritzogu».
Udaleko kontuez gain, bertakoak ez diren, baina berarekin lotura daukaten bestelako zenbait organo ere aztertuko ditu Kontu Auzitegiak. Azkoitia Lantzen da horietako bat adibidez; izan ere, Sozietate Anonimo bat den arren, Udalari lotutako elkartea da, eta beraz, hori ere aztertuko du Kontu Auzitegiak.