“Askotan pentsatzen dut izan nahi dugunaren irudia ematen dugula”

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko uzt. 8a, 07:00

Aingeruaren angeluak poesia liburua plazaratu berri du Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957). Poesia zein narrazioa landu izan ditu orain arte. Idazteko beste joera bat hartzen ari dela uste du, eta hori liburu honetan nabarmentzen dela ere bai. Pasa den irailetik Euskadi Irratiko zuzendaria da. Zergatik Aingeruaren angeluak? Hitz jokoa delako. Aingerua eta angelua; gainera, euskaraz belarrira ondo ematen du. Aingerua geratzen den tokia da angelu hori, izkina bat. Tokia. Aingerua, nolabait, denok barruan daukagun beste hori da, eta askotan ez gara konturatzen. Nik aingerua aipatzen dut, oso literarioa delako. Beti aingeru on eta ahaldunaren irudia izaten dugu, baina azkenean gure barruan gauza asko gertatzen direla erakusteko metafora bat da. Gure barruan pertsona asko daudela, onak eta txarrak. Denok nahi dugu zoriontsu izan, onak izan, baina hori ez dago gure esku, garen bezalakoak garelako, gure akats eta gure gauza onekin. Aingerua, berriz, ideala da. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik egon daitezke, eta guk ez. Gizakia askoz konplexuagoa da, eta bere baitan gauza txarrak eta gauza onak dauzka. Horregatik, askotan pentsatzen dut izan nahi dugunaren irudia ematen dugula, baina ez garenarena. Horregatik, gure baitan dauden pertsona horiei buruzko hausnarketa da, pixka bat. Zazpi urte pasa dira azkenengo poema liburua argitaratu zenuenetik. Berria ateratzeko garaia [...]

Felipe JuaristiAingeruaren angeluak poesia liburua plazaratu berri du Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957). Poesia zein narrazioa landu izan ditu orain arte. Idazteko beste joera bat hartzen ari dela uste du, eta hori liburu honetan nabarmentzen dela ere bai. Pasa den irailetik Euskadi Irratiko zuzendaria da.
Zergatik Aingeruaren angeluak?
Hitz jokoa delako. Aingerua eta angelua; gainera, euskaraz belarrira ondo ematen du. Aingerua geratzen den tokia da angelu hori, izkina bat. Tokia. Aingerua, nolabait, denok barruan daukagun beste hori da, eta askotan ez gara konturatzen. Nik aingerua aipatzen dut, oso literarioa delako. Beti aingeru on eta ahaldunaren irudia izaten dugu, baina azkenean gure barruan gauza asko gertatzen direla erakusteko metafora bat da. Gure barruan pertsona asko daudela, onak eta
txarrak. Denok nahi dugu zoriontsu izan, onak izan, baina hori ez dago gure esku, garen bezalakoak garelako, gure akats eta gure gauza onekin. Aingerua, berriz, ideala da. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik egon daitezke, eta guk ez.
Gizakia askoz konplexuagoa da, eta bere baitan gauza txarrak eta gauza onak dauzka. Horregatik, askotan pentsatzen dut izan nahi dugunaren irudia ematen dugula, baina ez garenarena. Horregatik, gure baitan dauden pertsona horiei buruzko hausnarketa da, pixka bat.
Zazpi urte pasa dira azkenengo poema liburua argitaratu zenuenetik. Berria ateratzeko garaia al zen?
Poesiak eta sortzeak bere prozesua daukate. Duela zazpi urte idatzi nuen Begi-ikarak, eta oso gustura gelditu nintzen liburuarekin. Hura amaitutakoan ez nuen beste liburu bat idazteko ezer, baina duela bi urteko gabonetan, idazten hasi nintzen, eta segidan bukatu nuen, 15 egunetan. Gero, udaberrian, aldaketa batzuk egin nizkion. Horregatik, askotan ez dakizu gauzak nola gertatzen diren. Begi-ikarak idazteko, adibidez, urte batzuk pasa nituen, poliki-poliki poemak landuz, garbituz… Horrek ez du esan nahi 15 eguneko inspirazioa izan nuenik. Inspirazioa badago, gertatzen dena da, ez dela hutsetik sortzen den zerbait. Urte hauetan guztietan buruan izan ditut gai batzuk, buruan bueltaka eta bueltaka, eta bat-batean atera egin dira.
Koldo Izagirrek honakoa dio XX. mendeko poesia kaierak antologian: «Inteligentziaren eta sentiberatasunaren arteko oreka zail horixe da Felipe Juaristiren obra». Oraingo honetan ere hori egiten saiatu al zara?
Nik esango nuke hemen bi bide daudela, eta orain arte egindakoaren aldean uste dut hemen finkatze lana badagoela. Poeta bakoitzak bere oinarrian traiektoria bera dauka, nahiz eta liburu ezberdinak egin. Esango nuke lehengo liburuetako Felipe Juaristi badagoela, baina bi bide irekitzen dira. Bata surrealismoa da. Liburu honetan badago joera surrealista, nabarmena, metaforak etabar. Orain arte gutxi landu izan dut hori. Nahiago nuelako kontzeptuak landu, eta ez irudiak.
Bestetik, mistikaren bidea ireki dela esango nuke. Ez zentzu erlijiosoan. Mistika, azken finean, norbera bere barruan sartu eta irten nahi ez duenean da. Bere barruko hortik, gero barruan sartu eta barrutik kanpora ateratzen den hori da.
Askatasunaren bideak biak diren arren, seguruenik surrealismoaren bidea hartuko dut,
askoz askatasun handiagoa ematen duelako. Bata barnetik kanporakoa da, eta bestea kontzeptutik irudirakoa. Kontzeptua pentsamentua da.


Kanpoko argitaletxe batekin atera duzu liburua, eta gaztelaniara itzulita.

Lagun batek orain argitaletxe bat sortu du, Malagan (Espainia). Aspalditik ezagutzen dut, eta liburu bat eskatu zidan. Hasieran, edozein liburu nahi zuen; orain arte argitaratutakoren bat gaztelaniara itzultzea, alegia. Baina esan nion hori ez zitzaidala oso formala iruditzen, artista batek beti zerbait eman behar duelako. Argitaratu gabeko liburu bat egingo niola esan nion, beraz. Berak lagundu zidan itzultzen, eta tonu anitzak ditu, neurri batean. Niretzako pozgarria da Malagako argitaletxe batek liburu bat euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea. Edukitzeko liburu oso txukun eta oso polita da gainera. Azkenean, zera esaten duzu: «Poesia zertarako da? Bada, lagunentzako». Lagunen zirkulotik aurrera joaten baldin bada, hori irabazten duzu.


Gazte literaturan ere asko idatzitakoa zara. Bi eremu ezberdin izangodira, ezta?

Ezberdinak dira, bai. Baina bietan dago hitzaren jolasa. Gazte literaturan gauza bera gertatzen da. Askotan pentsatu izan da haurrari liburu serioak eman behar zaizkiola, eta nik uste dut oker
gabiltzala. Izan ere, serioa betikoa da, tristea. Jolasteko liburuak eman behar zaizkiola uste dut. Garai horretan, behintzat, bai; gero berak aukeratuko du bidea. Neuk ere idatzi ditut beste joerako liburuak, baina orain uste dut disfrutatzeko idatzi behar direla. Azkenean, disfrutatzeko da. Norberak disfrutatu behar du idazten. Azken liburua idazten gozatu dut. Idazterakoan antzematen
da hori, eta irakurtzen duenak ere hartzen du zure gozamenetik zerbait. Liburu bat hartzen baduzu, liburua kopromisoz edo gogo gabe idatzia dagoen ikusten da. Liburu bat gogoarekin eta pozik idatzita baldin badago, berriz, iristen da irakurlearengana.
Haurrak gu baino argiagoak dira; oso garbi daukat. Haiek
liburu bat hartu eta gozatu egin nahi dute. Hori ezin da alderatu helduentzako parametroekin.
Helduak liburu bat irakurritakoan, zera esaten du: «Jo, liburu hau txorakeria hutsa da, baina zenbat disfrutatu dudan». Beste iritzi bat, berriz, honakoa da: «Zenbat ikasi dudan liburu honekin». Nik helduen literaturan nahiago dut bigarrena; hau da, jendeari beste zerbait eman nahi diot. Baina
gazte literaturan… Jendeak ez du irakurtzen. Zaila da zer eman behar diozun jakitea. Pedagogia asko egiten da liburuetan, eta orain ez dakit hori egin behar den. Lehen hala neukan arren, orain ez daukat oso garbi. Hobe da liburu eder bat ematea gazte bati, eta gero berak ikusiko du zer egin. Nire ustez, ez da egokia balore batzuk edo besteak erakusten aritzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide